Gosea
-Ez dakit hau ideia ona izan den!—esan dute Loliren begi urdinek pasabidetxora
begiratuz. Bere eskuineko botaren azpitik amildegia erortzen da.
&hTab;-Ez begiratu behera! —lasaitu nahi du Inocenciok, beste aldetik besoak luzatuz—. Bi
pausu baino ez dira!
Lolik pasabidea estu ikusten du eta bere aldaka zabal. Zalantzati, eskuineko hanka aurreratu
du, eta ondoren, begiak erdi itxirik, bi pausuak eman ditu bere senarraren besoetara iristeko.
Boten azpitik, amildegian behera galdu dira harri txirbilak.
-Hau al zen nahi zenuena, Ino? —errieta egin dio gizonari— Eztei bidaian alargundu?
-Emozio pittin batek ez dio erlazioari kalterik egingo! —Inok, txantxati. Lolik maite du
Inoren irribarreak aurpegian marrazten dizkion tolesdurak, baina ukabilkadatxo bat eman dio
amorrazioz haren beso gorrituari.
Inork ez zion aipatu trekkinga hain arriskutsua izan zitekeenik, bera ez zen beste emakume
horiek bezain fin eta arina, ezta halako beroa pairatuko zutenik ere! Baina, zer esan bera izan
baitzen Inori eztei-bidaia Himalaiara etortzea eskaini ziona, bazekien eta gustatuko zitzaiola.
«Hori bai», gaineratu zion pozarren zegoen senargaiari, «ibilbidea oso gogorra ez dadila izan, eta
gero plaiara: Thailandia!». Muxu luze batekin sinatu zuten akordioa.
Bidaia agentziak bertako gidari bat eskaini zien «inoiz ahaztuko ez zuten» bidaiarako.
Katmandun bi egun eman ondoren elkartu ziren Gyps gidariarekin. Txiki samarra iruditu zitzaion
Loliri bere aldean, eta ez zitzaion batere gustatu bere bular eta izterrei bota zien begiratua.
Kontuak kontu, hura hirugarren eguna zuten gizon txiki haren atzetik. Beroa itogarria zen,
oilaskoa laban bezala ari ziren gorritzen...
Gypsek, bikoteak pasabidea zeharkatu duela ikustean, txintik ere esan gabe, aurrera
jarraitu du. Loliri keinu arraro bat egin duela iruditu zaio. Hiru egunetan apenas ahorik zabaldu
duen gizon txikiak, atzo salbuespena. Noizbait mokadutxo bat egiteko geraturik zirelarik, Loli
zeruan bueltaka zebiltzan hegaztiei so geratu zen. Putreak. Gypsek, lehenik hegaztiei eta ondoren
emakumeari erreparatuz «hungry» ahoskatu zion, irribarrea eskainiz. Bera ere ari zen galanta
pasatzen bidaia «ahaztezin» hartan!
Atzetik jarraitu dio bikoteak.
-Asko falta ote da? —Lolik enegarren aldiz.
-Laasai! Bazkal garairako iritsiko ginela esan digu, eta ez da asko faltako!
-Gose naiz...
Haran itxi batera ari dira hurbiltzen. Jaitsiera ez da oso konplikatua izaten ari, baina bat-batean
zulo ikaragarri batekin egin dute topo: atzapar erraldoi batek mendia urratu balu bezala.
Bidezidorraren beste ertzera hamabost bat metro egongo dira; erorikoa, kalkula ezina!
Gyps, beste behin ere, abilki igo da harri artetik gora: beso eta hankez lagundurik zati
batzuetan. Azkenik, atsedenleku batean pausatu, eta soka atera du. Mutur bat harkaitz bati lotu
dio, ondoren, bestea bikotearengan botaz.
-Zeu lehengo, maitti? —goxo Inok—. Hartara, atzetik laguntzeko aukera izango dut.
Loliren begi urdinek izua adierazten dute. Euli bat kendu du masailetik.
- Honekin bukatuko da, ezta? —erdi oihuka senarrari.
-Bai, laztana! —Inoren betiko irribarreak.
Sokari heldu eta ipurdia kanpora atereaz, Loli poliki abiatu da paretan gora. Ez da lan
erraza! Ezker eskuaz harri bati heldu duenean, kakarraldo bat jarri zaio gainean, eta beldurrez eta
nazkaz bota du intsektua amildegian behera. Hegan urrundu da.
«Bukatuko ahal da hau!» zeruari. Baina bat-batean...
-Ez! —zuri geratu da, hotzikara batek zeharkatu dio gorputza!!
Zer ikusten dute bere begiek? Gidaria soka mozten ari da!! Mendira lotzen duen
zilborrestea!! Labana gora eta behera mugitzen du lehenago ere gehiagotan egin izan balu bezala.
Globoan lastrea mozten den moduan!!
Loliren begiek garrasi egin dute soka etetean! Bere eztarria mutu geratu da gorputza
grabitate gabe sentitzean.
-Loliiiii!!! —entzun dio Inori azpitik.
Aurretik eraman du eroriko amaigabean.
Begi urdinak zabaldu ditu. Urdintasuna. Non dago? Eskuinera okertu du lepoa, eta
zoritxarrez guztia etorri zaio gogora.
&hTab;-Ino!! —hor datza: hurbil, baina urrun. Geldi.
Oihu egin nahi du, baina ez zaio ezer ateratzen.
Amorrazioz, jaikitzeko ahalegina egin du, baina segituan konturatu da ez dituela hankak eta
besoak sentitzen!
-EEEEEZZZZZ...!!!!
Garrasiak ok egin dio zeruari. Bere masailetan behera malkoak marrazten hasi dira. Burua
ezker-eskuin mugitzen ari da...
-EEEEZZZ. Ez. Ez...!! Bat-batean kakalardo bat sartu zaio aho barrura, gingileraino.
Eztul batekin kanporatu du intsektu madarikatua, eta hau ere hegan urrundu da.
Inguruari erreparatu dio. Arroka zuri zirudiena garezur eta giza hezur bilakatu dira; harri
txikiak, har eta zizare. Haragi hondakin batzuk han-hemenka, mendizale motxila bat...
Lepo aldetik zerbait sentitzen du igotzen eta belarriko zulotik sartu zaio. Larri, burua atzera
eta aurrera mugitu du libratu nahian. Halako batean, Inoren gainean itzal beltz bat pausatzen ikusi
du: luma beltz, lepo oker. Putreak kontenplaziorik gabe ekin dio bazkari.
«Zer da hau!!» diote bere begiek ezin sinetsita. Bat-batean, beste putre bat pausatu da,
kasu honetan bere sabel gainean! Hegoek ezkutatu egiten diote eguzkia.
-Ez, ez... —erregutu dio. Putreak, hegoak bildu, eta bere lepo-luzea sabelean murgildu
dio. Laster atera ditu hesteak zintzilik. Irribarretsu dirudi eta Gypsen irribarrea etorri zaio gogora.
Ezin du sinetsi piztia horren barruan bukatu behar duenik, baina ezin dio begiratzeari utzi
honek bere moko zorrotza berriro bere erraietan nola barneratzen duen. Amets gaizto bat behar du
honek, ez da posible!! Halako batean, beste putre bat pausatu da, oraingoan, bere buru gainean.
Lepoaldean luma zuriak ditu, mokoa gorriz zipriztindua. Hegaztiaren begi gorriek Loliren
urdinekin egin dute topo. Begira-begira geratu da, irribarretsu. Mokoa laranja zen.
Aitor Lizarazu Astigarraga
35 urte (Zumarraga). Idazle Eskolan, nazka adierazteko eskatu ziguten animaliak erabiliz. Hauxe nire kontakizun higuingarria! Besarkada bana eskolako lagunei.