Marian Azkarate
Entrevue
Ben Harper

«Ezzell Ford gaztearen hilketa inflexio-puntua izan zen niretzat, albisteak hormaren kontra jarriko banindu bezala»

Bi hamarkadetako ibilbidearen buruan, Ben Harper-ek (Pomona, Kalifornia, 1969) atzera begirako moduko zerbait gauzatu du, bere hasierako lanik arrakastatsuenak «kozinatu» zituen The Innocent Criminals musika talde sendoarekin batu baita berriz ere. «Baina hau ez da nire ibilbidean zenbatu daitekeen beste urrats bat, iraganera itzuli egin naizelako bertatik zerbait berria gauzatu ahal izateko», afro-amerikar eta indiar jatorriko musikari inspiratu honen hitzetan. Bluesak eta konpromisoak, doinu eklektikoek eta urte oso batean musika saio intentsuetan landutako hamaika kanta mamitsuk osatzen dute argitaratu berri den “Call It What It Is” lana, non Michael Brown-i gertatu zitzaion zorigaitza salatzen baita: utz diezaiogun hitzak ezkutatzeari, dio Harperrek, «hura hilketa bat izan zen». 2014an, Ferguson-en polizia batek tiroz hil zuen mutil afro-amerikarra zen Michael Brown.

2012an, auzoko zaintzaile batek Trayvon Martin nerabea hil zuen Floridan. Bi urte beranduago, 2014ko abuztuan zehazki, Los Angeleseko Poliziak Ezzell Ford akabatu zuen. Baina Ezell Ford-en zorigaiztoa gertatu baino bi egun lehenago Missourin tiroz hildako Michael Brown-en heriotzak barrenak mugiarazi zizkion batik bat Kaliforniako musikariari. Eta hori guztia, Barack Obamaren Ameriketan gertatu zen. «Inflexio-puntua izan zen niretzat, albisteak hormaren kontra jarriko banindu bezala sentitu nintzen», dio kaleratu duen hamahirugarren lan honi buruz.

Arrazagatiko gatazkak Obamaren AEBetan. Tab slide guitar bat aldean, titare metalikoa eta eserita jotzen den gitarra hori lagun duelarik, blues gogoraerraz horien doinuetatik irristatu egiten zaigu Ben Harperren ahotsa diskoa zabaltzen duen lehen kantan. “Call It What It Is (Murder)” (Dei egiozu den bezala: heriotza) kantak zera dio: «They shot him in the back / now it’s a crime to be black / so don’t act surprised / when it gets vandalized (...). Government, policing, hard times, / oppression, racism, fear, suffering / ain’t easy / gun control / mind control/ self-control / we’ve dug ourselves a hole / call it what it is/ murder» (Bizkarretik egin zioten tiro, orain beltza izatea bidegabekeria da, beraz ez zaitez harritu basakeriarekin (...). Gobernua, polizia, garai gogorrak, zapalketa, arrazismoa, beldurra, oinazea. Ez da erraza, armen kontrola, kontrol mentala, autokontrola, gu geuk egin dugu zuloa. Dei egiozu behar bezala: hilketa).

«Gure kulturan dauden arrazen arteko gatazkei buruz gutxi hitz egiten da –dio Harperrek–. Eta gauzei muzin eginez ez gara inora iritsiko. Nazioartean, Barack Obama denek onartutako ikurra da; baina, gurean, batzuengan agian nolabaiteko frustrazioak sorrarazi ditu lehendakari beltz bat izateak», gehitu du bere kontzertuetan bakearen aldarria ozen zabaltzen duen musikariak. Eta nola ikusten du Ben Harperrek AEBetako gaur egungo egoera?: «Gure agintarien eta arrazagatiko arazoen artean amildegi bat dagoela iruditzen zait. Arrazakeria Amerikak betidanik izan duen erronka da, baina orain areagotu egin delakoan nago. Arazoa gero eta agerikoagoa da eta horren erantzulea teknologia da, edonork grabatu eta zabaldu ditzakeelako mota honetako egoerak. Eta horrela, arrazen arteko arazoak ez dira toki batera mugatzen, gu guztion egongeletan sartzen baitira telebistaren bitartez. Egin behar duguna zera da, gure egongeletatik atera eta gatazka hauek errotik atera ditzaketen tokietara eraman, bestela gure nazioa guztiz ezegonkortu egingo da-eta. Orain bor-bor dagoen gaia da. Inflexio-puntu batean gaudela esango nuke eta orain zer motatako erantzuna ematen dugun, horren arabera, alde batera joko dugu edo bestera. Artea, hezkuntza, komunikabideak... guztiok aurre egin behar diogu arazoari».

Bizikletan ibiltzea bezalakoa. Kantautorea, rockzalea, bluesmana? Zaila da oso Ben Harperri etiketak jartzea, musikari eklektiko honek pertsonalitate propioa duelako. Agian bere lanak aztertzerakoan ezaugarri komun bat aurki dezakegu: gitarra, akustikoa edo Weissenborn elektrikoa. «Txikitan, gure etxean, gitarrak besterik ez zeuden. Amak gitarra jotzen zuen eta aitak perkusioa; beraz, gitarra artean hezi naiz», gehitzen du. Ben Harper ez da bere bizitza intimoari buruz mintzatzea maite duten horietakoa –egia esan, elkarrizketa gehienetan gai pribatuez hitz egiten zaionean moztu egiten du–, baina, tira, datu batzuk bota dizkigu. «Bost urterekin hasi nintzen gitarra jotzen, baina aurretik musika asko eta denetarik entzuten nuen: Otis Redding, Stevie Wonder, Dolly Parton...». Bederatzi urte zituenean, Bob Marleyren kontzertu batean reggaerekin maitemindu zen eta gero soularekin «busti» egin zen (Marvin Gaye), baita rockarekin (Hendrix) eta folkarekin (Dylan) ere. Erregistro anitz bereganatu zituen. Agian bere eklektikotasuna bere leinutik datorkio, aitaren aldetik amona erdi beltz erdi txerokia zuelako eta, amaren aldetik, birramona errusiar judua zuelako. «Beti aniztasunean bizi izan naiz: aniztasun kulturala eta musikala. Estilo zehatz batera lotuta egotea ez dut inoiz gogokoa izan, baldintzatuta sentitzea ez baitator nirekin. Estiloen aniztasunak, gainera, bide berriak bilatzeko aukera ematen dizu. Agian freak bat naizelako lortu izan dut –dio umorez–. Nire leloa zera izan da beti: ‘Musikaren industrian sartuta egongo naiz, bai, baina industria berak aldatu behar izango du, ni ez bainaiz beragatik aldatuko».

Bere lanik arrakastatsuenetan lagun izan zuen The Innocent Criminals taldearekin itzuli da orain... eta, dioenez, «Criminals-ekin lan egitea bizikletan ibiltzea bezalakoa da, ez zait ahaztu». The Innocent Criminals-etik banandu zenetik, estilo anitzeko lanak kaleratu izan ditu Ben Harperrek: rock amorratua (“White Lies for Dark Times”), Relentless7 bandarekin; akustikoa (“As I Call You Down”) Dhani Harrison eta Josep Arthur-ekin; blues klasikoa (“Get Up!”) Charlie Musselwhite harmonika jotzaile mitikoarekin; eta, azken-aurrekoa, folka (“Childhood Home”) bere ama Ellen-ekin.

Orain, bere betiko bandarekin, berpiztuta sentitzen omen da. Lan honetan, Harper «militanteaz» aparte, “All That Have Grow” kantan Harper intimista aurkitu dezakegu; eta baita rock indartsua egiten dakiena ere “When Sex is Dirty” bezalako kantetan. «Sexua zikina eta haizea garbia zen garaia dut gogoan», kantatzen digu, «askatasunaren aldarritzat» jotzen duen kantan. Eta, reggae doinu goxoekin ere badator “Finding Our Way” kantan, bertan mundua bukatzen denean ea nor aterako da bizirik galdetzen duen bitartean.

Harperrek eta The Innocent Criminals-ek iaz egindako biraren emaitza dugu lan hau, bira beretik sortutako errepertorioarekin osatu baitute “Call It What It Is”. Eta orain ere bira berri batean murgildu dira, Kanadan eta AEBetan; eta irailetik aurrera Europara jauzi egingo dute.