Maider Eizmendi
Entrevue
TREVA LINDSEY

«Gizonak lehen lerroan jarri dira eta emakumeak isiltasunera eta ikusezintasunera kondenatu dituzte»

Apenas galtzen duen irribarrea une bakar batean. Patxadaz mintzatzen da, baina gaian sakondu ahala azkartasuna eta intentsitatea hartzen dute bere hitzek. Barrenarekin hitz egiten du, izan ere. Treva Lindsay Emakume, Genero eta Sexualitate gaietan da aditua eta irakasle da Ohio State Unibertsitatean. Ikerketa arloan hip hoparen inguruko genero azterketak egin ditu eta haietan jorratu dituen ideia nagusiak ahotan hartuta gerturatu da EHUko Udako ikastaroen baitan Mintzola Ahozko Lantegiak eta Donostia 2016 egitasmoak antolatu duten “Europa bat-batean” kantu inprobisatuaren nazioarteko topaketara. Hip hoparen sorrera, eta honek gizarte aldarrikapen desberdinetan izan duen lekua aztertu ditu. Izan ere, espresio modu honek, besteak beste, tartea egin du azken boladan AEBetan gertatzen ari diren polizia indarkeria kasuen aurkako protestetan. «Apenas egiten da protesta bat inprobisazio saiorik gabe; euren salaketak egiteko paregabeko bidea topatu dute modu honetan», aitortu du, hip hoparen jatorria ere injustizia ezagutarazteko eta hura pairatzen zuten herritarrak ikusarazteko bidea egitea zela gogoratuta.

Jaioterria presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan murgilduta du bete-betean, eta zentzu honetan nabarmendu du hautagaien sexuari eta arrazari erreparatzea baino euren gobernatzeko moduan atentzioa jartzea beharrezkoa dela. «Agian, lehen emakumezko presidentea izango dugu. Maila sinbolikoan pauso garrantzitsua izango da; baina emakumezko agintari batek ez badu emakumeen eskubideen alde egiten, ia berdin dio emakumezkoa ala gizonezkoa izan», nabarmendu du.

Hip hoparen historian sakondu duzu eta nabarmendu duzu salaketa bideratzeko tresna paregabea izan dela hasiera-hasieratik.

Bai, hip hop musika New Yorken, zehazki Bronx auzoan, sortu zen 70eko hamarkadan. Garai eta toki zehatz horretan egoera oso makala zen. Atzerritar asko iritsi ziren, beltzak eta latinoak gehienak, eta laguntza publikorik jasotzen ez zutenez, pobrezia handia zegoen auzo horretan. Herritarrek ez zuten instrumentuak erosteko modurik eta horregatik hasi ziren kantuan inprobisatzen eta grafitiak egiten espresatzeko. Helburua bizi zuten egoera salatu eta ikusgarritasuna lortzea izan zen. Hasiera hartan trenak marrazten zituzten, izan ere, bazekiten haiek hiria gurutzatzen zutela eta euren mezua auzotik kanpora zabalduko zutela. Denborarekin grafitiak egiteko joera hori apaltzen joan zen, baina hip hop musika ez; hura zen azken batean euren egoera komunikatzeko eta zabaltzeko zuten modua.

Emakume askok parte hartu zuten aipatuko protesta horietan, baina hip hop mugimendua eremu maskulino gisa garatu zen ondorengo urteetan.

Nik uste dut hori mugimendu guztietan gertatu dela neurri handiagoan ala txikiagoan, ez soilik hip hopean. Emakumeak mugimendu anitzetan egon dira eta badaude gaur egun ere, baina gizonak izan dira lehen lerroan jarri direnak eta horrela emakumeak isiltasunera eta ikusezintasunera kondenatu dituzte. Hip hoparen kasuan, mugimendu honen espresio guztietan egon dira emakumeak parte hartzen eta maila handia erakutsi dute gainera askok; baina beste eremu batzuetan gertatu den moduan, gizonek hartu dute publikoki protagonismoa. Horretan, nire ustez, eragin handia du gizonek hartzen duten jarrerak, publikoan beste jarrera bat hartzen ohituagoak daude eta horretaz baliatzen dira. Baina emakumeak izan dira eta ez gutxi gainera. Orain gutxi, adibidez, jaialdi bat antolatu da, hip hopean aritu diren emakumeak omentzeko eta bertan asko zeuden. Horrelako ekitaldiak garrantzitsuak dira emakumeek isilean egin duten lana ezagutzeko.

Baina agian alferrikakoak, gerora dagokien tokia egiten ez bazaie, ezta?

Bai, baina hori gertatu ez dadin ahaleginak badaude. Hip hopean emakumeen presentzia edota kanpora irtete hori olatuen gisara gertatu da, aurrera eta atzera egin du, alegia. 90eko hamarkadan goia jo zuen emakumeen kopuruak; gero, berriz, beherakada izan zen; eta, gaur egun, gora egiten ari da berriz ere. Baina gaur egun pentsatzeko eta jarduteko moduan desberdintasunak ari naiz ikusten. Egun, emakumeak kolektiboki dagokien tokia hartzeko prest agertzen dira eta ez dute lehen izan diren gorabeherak errepikatzea nahi. Horretarako, jakin badakite elkarrekin egin behar dutela bidea. Lehen ere izan zen taldearen zentzua, baina orain inoiz baino indartsuago dago. «Emakumeak gara eta hemen gaude!», aldarrikatzen dute.

Elkartuta aritze hori garrantzitsua da ez soilik hip hoparen alorrean. Zentzu horretan gaur egun zein egoera du mugimendu feministak zure herrialdean? Hip hopean aipatu duzun ideia aldaketa hori ari al zara atzematen?

Mugimendua oso anitza da eta horrek, zalantzarik gabe, aberastu egiten du. Feminismoaren aterkiaren azpian oso ikuspegi desberdinak daude. Adibidez, feminismoak soldata berdintasuna aldarrikatzen du, baina aldarrikapen bera izanagatik, modu desberdinean egiten dute emakume zuriek, beltzek edota latinoek. Emakume zuriek hartzen dute soldata berdintasunaren aldarriaren indarra, baina emakume indigenak eta latinoak dira gutxiago irabazten dutenak eta haien aldarrikapenak ez dira agerian geratzen. Ni feminismo beltzean kokatzen naiz eta emakume beltzen artean soldata berdintasunaren eskaerak indarra har dezan saiatzen naiz, eurei ere badagokielako. Ez bakarrik soldataren alorrean, jorratu behar diren gai desberdin askorekin gertatzen da gauza bera; izan ere, klasea eta arraza ezinbestean gurutzatzen dira aldarrikapen feministekin. Horrek aberastasuna ekartzen du noski, baina kasu batzuetan zatiketa ere sor dezake.

Indarra hartzeko batzea ezinbestekoa dela diote askok, posible ikusten duzu?

Ni baikorra naiz, eta guztiz beharrezkoa ikusten dut, gainera, batura hori feministen borrokan. Baina batura hori gehiago ulertzen dut elkartasun keinu gisara. Mugimendu honek ezinbestean hartu behar ditu kontuan marjinalitatean dauden espresio guztiak, gainerakoan oso zaila litzatekeelako elkarrekin aritzea. Lehen aipatu dudan soldata berdintasunaren aldarrikapenean, esaterako, emakume zuriek aintzat hartu behar dute emakumezko indigena edota latinoen egoera; gainerakoan, aldarrikapen horretatik kanpo sentitzen direlako eta ez dutelako parte hartu nahi izango. Elkartasunak borrokaren erdigunean egon behar du.

Azken denboran makina bat irudi ikusi ditugu polizia indarkeriaren kontra egin diren protestenak. Indarra hartzen ari dira?

Poliziak erakusten duen indarkeriaren aurka ari da garatzen batez ere borrokak eta bat-batean sortzen dira. Gaur egungo zifrak ikaragarriak dira: 24,5 orduan behin hiltzen du poliziak beltz bat; egunero bat, beraz. Poliziak gogor jo du ez soilik beltzen kontra, baita latinoen, indigenen, pobreen edota buru gaixotasunak dituzten pertsonen kontra ere. Hau da, marjinalitatearen mugan dauden pertsona guztiak jarri ditu jomugan. Injustizia hori ikusarazi egin behar da munduaren aurrean. Azken batean, herritarrak babestu beharko lituzkeena ari da, hain zuzen ere, herritar talde horien kontra indarkeria handiena eragiten. AEBetan sortu dena justizia lortzeko borroka da. Ulertzen dut poliziak kriminalitatearen kontra egin behar duela, baina ezin da indarkeria sortzaile bortitzena izan.

Agian oihartzun handiago lortu dutelako, baina indarkeria kasuak ugaritu egin diren sentsazioa daukagu.

Beti egon da mota honetako indarkeria, baina orain inoiz baino gehiago ikusarazi da, sare sozialen bitartez. Lehen, poliziaren eta erasoa jasaten zuen pertsonaren bertsioak jartzen ziren parez pare, baina gaur egun, mugikorraren bidez egindako grabazioa sarean dago berehala eta ez komunitate txiki baten eskuetan bakarrik; munduan barrena zabaltzen da. Beraz, inoiz baino gehiago agerian geratu da AEBetan gertatzen ari dena. Sare sozialek, gainera, protestaren antolaketa bera erraztu dute, inork ideia bat badu berehala zabaldu eta antolatu daitekeelako. Horri esker indarra hartu du mugimenduak. Egia da, gainera, indarkeria kasuak ere ugaritu egin direla, indarkeria handitu dela eta egoera makalenean dauden pertsonen kontrakoa dela.

Hip hopak indar handia hartu du protesta horietan. Hasieran bezalaxe, injustiziari eta ikusgarritasun ezari aurre egiteko baliabide egokia dela dirudi orain ere.

Bai. Azken denboran ugaritu diren protestetan jende asko ikusi dugu hip hopa abesten, dantzatzen... Euren ideiak trasmititzeko baliabide paregabea bilakatu da. Gainera, aldarrikapen horietan emakumeen presentzia oso handia da. Black Live Matters mugimenduaren sortzaileak, hain zuzen ere, hiru emakume dira. Azken batean, politikarekin lotutako arazoei buruz hitz egiteko tresna paregabea da inprobisazioa; barrenetik egiten da eta erritmoaren bidez jendeari errazago iristen zaio. Apenas egiten da protesta bat inprobisazio saiorik gabe, eta ondoren, gainera, sareen bidez zabaltzen dira.

AEBetan presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan zaudete bete-betean. Agian lehen emakumezko presidentea izango duzue berandu baino lehen. Zer iritzi duzu?

Sinbolikoki oso garrantzitsua da, noski, erakusten duelako herri baten gidaritzak ez duela ezinbestean gizon zuri baten esku egon behar. Alde horretatik, esanguratsua da orain dugun presidentea beltza izatea eta agian hurrengoa emakumezkoa izatea. Baina Obamak egin duen bidearen ostean, ezer argi geratu bada, zera izan da, garrantzitsuena ez dela agintariaren itxura, haren lana baino. Nahiz eta hasiera batean inork kontrakoa pentsatu, herrialdeko emigrante ilegal pobre gehien deportatu dituen presidentea izan da Obama. Horregatik diot, sinboloek aldatu behar dutela, besteak beste, herritar gazteek ereduak izan ditzaten, baina agintariek gobernatzeko duten modua aldatu behar da. Izan ere, beste herrialde batzuetan ere badira emakumezko agintariak, baina emakumeen berdintasunaren alde egiten dute? Bada ez badute egiten, ia berdin dio agintaria emakumezkoa edo gizonezkoa izan.