JOKIN URAIN
IRITZIA

Lotsadinamika

Askotan gertatzen da, gehiegitan agian, izan behar lukeena eta izaten dena bat ez etortzea. Zentzuak, ustezko logikak, nahi duzunak esaten dizu zela izan behar lukeen zerbaitek, baina gero beste modu batera izaten edo gertatzen da, eta zentzua eta logika hor geratzen dira ahozabalik, zer esan ez dakitela. Eta askotan gertatzen da, baita ere, zentzu eta logikatik alderantziz dabilenean ederrago izatea mundua, harrigarriago behintzat, aspergarri ere gerta litekeelako espero dugun hori gertatzea beti, kalkulu batzuen arabera aurreikusi dezakeguna izatea geroa, ez egotea munduan ustekabeko zoragarririk, ez izatea egun bakoitza ezberdin.

Erlastarrarena, nahiz eta ipuina izan, ederra egiten zait. Termodinamikaren legeen arabera, erlastarrak, bere bolumena eta pisua batetik eta hego txikiak bestetik, ezin omen du hegan egin. Baina erlastarrak arrastorik ez termodinamikaren legeei buruz, edo axola ez, eta hegan egiten du xalo-xalo.

Gauzak ez dira beti zentzuzko arauen arabera gertatzen, batzuetan zorionez, eta beste batzuetan ere nolabaiteko zorionez hala nahi baduzu, zenbait agintari politikok ederki erakusten digulako zein inozotzat gauzkan eta geure aurpegira azaltzea zein gutxi axola zaion.

Oroimenak izaten hasi ginenetik oroitzen dugu, ustez oroitzen dugu, nola gabiltzan euskara berpiztu nahian, erabilera ugaldu, euskaldunak ugaldu, hizkuntza noranahikotu, gaitu... nahian eta ezinean, eta egiten dira mila inkesta eta ikerketa eta ateratzen dira ondorioak argitzeko zergatik ez den gure hizkuntzaren erabilera hori haizearen eskuetan orbela bezala hedatzen bazter guztietara. Harriduraz begiratzen baitiozu inguruari, ezin ulertuz misterioa, nola litekeen eta zein arrazoirengatik.

Gero, gertaera ustekabeko ez ezik harridurazko bat oparitzearren beharbada, ateratzen zaizu erlamandoa bere praktikaren arrazoiak esplikatzera, misterioa argitzera, eta esaten dizu ertzainek, adibidez, ezin izan dutela euskaraz ikasi tenebrosoek mehatxatzen zituztelako, lehen tenebrosoen beldurrez ezin zirelako euskaltegietara joan, eta orain... Aginteak hizkuntzan ere badarama bere izaera, eta hizkeran ere bai, eta denoi barre egiteko moduan.

Horrelaxe funtzionatzen du hemen erlamandoen lotsadinamikak, Mattin, gure oroimen eskasaren konfiantzan seguru asko.