Marian Azkarate

Pachuco, zu bai dotore!

Oilarraren gandorra bezain dotore –eta deigarri– nabarmentzen da jendartean, kapelan daraman lumagatik. Bueno, eta papar hegalean jarri duen loreagatik, eta deskribaezinak diruditen bi koloretako zapatengatik... denbora dezente eman du «pachuco» honek ispiluaren aurrean. AEBetako 1930eko hamarkadako banden estetika bereganatu dute Mexikoko «dancing retro» ospetsuetan mamboa dantzatzea gustuko duten «pachuco» hauek.

Atzera begira dezagun: 1930eko hamarkadan gaude eta AEBetako gizarteak argi eta inolako lotsarik gabe erakusten du arrazakeria. Jatetxeetan «txakurrak, beltzak eta mexikarrak» debekua duten afixak ikus daitezke eta autobusetako eserlekuak zurientzat dira. «Ez gaituzue hemen nahi? Ba, ongi baino hobeto ikusiko gaituzue»; horrelako zerbait otu zitzaien AEBetan jaiotako mexikarrei, pachuco ezizenez ezagunak, zurien jantzi klasikoak beren egin zituztelako, baina parodia ukitu batekin... dotoretasuna ikusgarritasun bihurtu baitzuten. Nahitaez pachuco-en zoo suit izeneko traje nabarrek osagai hauek behar zituzten izan: sorbalda zabaletako jaka luze bat eta gerri altuko galtzak, zabalak goian eta estuak orkatiletan. Buruan, hegal luzeko kapela eta ahal edo nahi bezainbat kolore, koadro edo lore.

Estilo hura ez zegoen estetikari lotuta soilik, «erresistentzia kultural eta sozialeko» mugimendu baten ispilua baitzen, Tijuanako Clef (Colegio de la Frontera Norte) erakundeko Manuel Valenzuela soziologoak azaldu duenez. Valenzuelak gogora ekarri ditu 1943an Los Angelesen “Zoot suits riots” izenez ezagunak izan ziren iskanbilak, pachuco banden eta Polizia eta militarren artean izandako norgehiagoka odoltsuak. AEBetako hirietako auzo batzuk kontrolpean zituzten banda haiek 1960ko hamarkadako cholo-en aitzindaritzat har daitezke, baita gaur egungo beste banda latinoamerikarrenak, Mara Salvatrucha kasu.

Dantzalekuko erregeak. Pachuco mugimendu hark bizirik dirau gaur egungo Mexikon, nostalgiko talde bati esker. California eta Los Angeles bezalako dantzaleku retroetan aurki daitezke mambo, danzon, boogie-woogi edo txa-txa-txa dantzatzen, dotore baino dotoreago. «XXI. mendean pachuco izatea ekintza kulturala bihurtu zaigu, jantziak soinean jartzen ditugulako tradizioa gal ez dadin», argitu digu Ricardo Zamoranok (55 urte), Pachuco for Ever ezizenez ezaguna.«Ederra da iraganeko dotorezia gordetzea», gehitu du Roberto Romerok (73 urte), mota honetako jantzietan trebatuta dagoen jostunak. «Pachuco-ak lehenengo metrosexualak izan zirelakoan nago. Asteartean, larunbatean dantzatzera eramango dituudan jantziekin pentsatzen hasten naiz», aitortu digu Pachuco for Ever -ek. Dantzaleku erdiko pistan dago, bere jantzi hori deskribaezinarekin eta ondoan bi emakume ditu, dotore baino dotoreago horiek ere.

«Emakumeen mendekotasunarekin apurtu zuten 30eko hamarkadako pachuca haiek: kalera ateratzen ziren, erre egiten zuten, baita borrokatu ere, gizonak bezala», erantsi du Valenzuela soziologoak. Antza, bandetako emakume haiek eraman ohi zituzten motots handi-handietan labanak ezkutatzen zituzten.

Heldu hauen guztien artean –Mexiko hirian aurkitu ditugun pachuco gehienek 50 urte baino gehiago dituzte– Roberto Reyes (19 urte) gaztea ari da dantzatzen, izerditan blai, bibotea arkatz batekin margotuta. «Harrotasunez daramatzan jantziak dira. Pachuco izateak hau esan nahi du: ‘Begiradazu, hemen nago, neure buruari errespetua diot’».