JOKIN URAIN
IRITZIA

Denok kirolari

Haizea bezala hedatzen dira joerak gizartean, arrazoi sakonen beharrik gabe askotan, belaunaldiak aldatzen diren heinean, edo gertaera zenbaitek orri-pasara eramaten gaituelako, edo... Eta orain joerak irizpide bihurtzeko joera ere sortu da nonbait, eta kristo guztia kirola egiten jartzea da iparra. Ez dira egun asko, denok ez dakit baina asko behintzat ekialdeko berriei adi geundela, Eusko Jaurlaritzako kontseilariak –Osasunarena eta Kultura eta Hizkuntza Politikarenak izan behar zuten– eta beste ordezkari politiko batzuk ikusten nituen telebistan, euskal gizartearen kirol ariketaz eta abar.

Euskal herritarron kirolarekiko interesa handia dela zioten, Estatu espainiarrekoen aldean oso handia. Adierazteko moduagatik, ematen zuen meritu handiko gauza dela hori, garrantzia handikoa inola ere, espainiarrak baino kirolariago izateak zerutik hurbilago jartzen gaituelako beharbada, zorionetik gertuago. Eta denok ariketa fisikoan jarri nahi gaituzte, denok kirolari, jotake. Ez gaituzte alferguran nahi.

Ona omen da osasunerako, fisikorako eta psikikorako. Areago, osasun iturri omen da ariketa fisikoa. Sedentarismoari eraso eta euskal gizartearen ariketa fisikoa bultzatu behar omen dute.

Osasun Sailetik jo eta su ari omen dira gaur egun kirolik edo ariketarik egiten ez dutenen kopurua %10 eta 15 bitartean jaisteko, Osasun Planean ezarri dituzten helburuen bila. Euskal herritarren %95ek nahiko omen lukete euren seme-alabak kirolen batean aritzea, eta teoria hori praktikara eramatea izango da helburua. Alferkeriari egurra, alegia.

Kirolak, osasun iturri izateaz gain, tentsioak askatzea ahalbidetzen omen du, baloreak izaten laguntzen omen du, nazio eta kultura ezberdinetako pertsonen arteko hurbilketa errazten omen du... Alferkeriaren defentsan, nahi bada, esan behar dut kaka egiteak ere tentsioak askatzea ahalbidetzen duela besteak beste, eta munduko kultura guztiak laburbiltzen dituen keinua ere badela seguru asko ekintza hori, eta... Artean gaztetxoa nintzela, Pedro Murgizarrek erakutsi zidan kakalarria dagoenean munduko zorionik handiena dela kaka egitea.

Nola esan, Xabier, kirola ez zaidala gustatzen, eta are gutxiago gustatzen zaidala guztiok egin beharreko zerbait denean, kirolari ez bazara kirolzale izatera behartu nahi zaituztenean.