GALDER PEREZ
IRITZIA

Urrezko adarjotzeak

Urrezko kaiola batean bizi den herri honetako askok urrea gehiegi maite duten susmoa daukat. Inork pentsa lezake Lapurdin Sudminde enpresak dituen asmoengatik diodala, baina ez da hori, ez hori soilik, behintzat. Gurean urrea aspaldi dago ezarrita, eta kulturalki oso onartuta, onartuegia. Gure zinemagintza saririk garrantzitsuena, maskorra, urrezkoa da eta, hiri horretan bertan, hiritartasunaren ikur nagusi gisa danborra ematen da, urtero eta urrezko. Dimako Aitzol Atutxak duela gutxi jaso zuen urrezko aizkora, bere herriko bikote ezagun batek urrezko ezteiak ospatzen zituen bitartean. Matematikan urrezko zenbakia da ezagunenetakoa. Zenbaki zerutiarra ere esaten zaio. Askorentzat, berriki gure kulturak jaso duen urrezko adarjotzea ere zerutiarra da. Jainkoek soilik egin omen baitezaketelako halako artelanik. Matematikako urrezko zenbaki hori, ordea, arrazionala da, eta iltzatu berri diguten azken urrezko gezia, berriz, benetakoa eta agerikoa. Gure kulturaren adarjotze berria, letra larriz, hamaika foku eta bat gehiagoren argipean jaso dugu.

Gogora ekarri genuen bezala, euskal sortzaile ezagun batek euskal kultura akuario baten modukoa dela esan zigun. Orain badakigu batzuek arrainontzi hori urrezkoa nahi dutela eta, beharbada horregatik, hainbeste urre artean bestelako urrezko adarjotze pila oharkabean pasatzen zaizkigu. Baina azken hau kanpoko marrazo handiek etxera ekarritako adarjotzerik potoloenetakoa izan da, zer eta gure arrainontziko harri handietako bat aitzakia hartuta. Gure kulturari asko kostatzen zaio aurrera egitea, gehiegi. Hizkuntza bera bezala, itota bizi baita kultura maiz, herria lotzeko bezala, kultura lotzeko ere urrezko kateak egon badaudelako. Ondorioz, begiak ere preso, kaiolako begi guztiak gatibu. Eta orduan artaldea lez ezinbesteko gertatzen dira ikusteko lan horiek, «ikusi beharrekoak», bogan egon nahi baduzu behintzat, eta esan «o, bai, ikusi genuen estreinaldia». Eta gogoko izan dugula esan behar dugu, kaiola barruan eroso eta goxo jarraitzeko, kanpoan hotza eta euria ari baitu. Eta xanpaina irekitzearekin bat, esan dezagun harro moderno garela, duela berrogei urte egiten zena apurtzailetzat harturik, eta eskerrak eman kanpoko urrezko marrazoak gu salbatzera etorri direlako.

Hori bai, egin diezaiogun kritika makurra arrainontzian bertan sortutako beste lan batzuei, noski. Zer eta baserria agertzen dutelako, adibidez, hasperenka onartu, «ai ene, kostunbrismoaz nazka-nazka eginda nago, tio». Mamurik ez dagoen tokian mamua ikustea itsukeria, paranoia da, edota, are okerrago, konplexuz beteta egotea. Eta horrela, itsu ibiltzearen arriskua duen eta urrerik ez duen kultura kaiolatuari errazegi sartzen zaio urrezko adarjotzea. Baina gure kultura ez da urrez sortzen. Badira berunezko, sodiozko, hareazko, potasiozko, egurrezko, hidrogenozko edota urezko sormen lanak. Jaso nahi dituenarentzat, jakina, hor daude igerian. Hemen lurrean eta gaur, sortu eta altxatzen dira, urrearen mundutik urrun eta, zoritxarrez, urrezko kaiola batean katigatuta jarraitzeko oraindik ere. Hemendik ateratzeko urrezko giltza ez da kanpotik etorriko, barruan sortu eta asmatu beharko da irteteko giltza. Urredunek nahi bezala, ez dadila zerutiarra izan.