Automatikoak
Aurretik bizi izan den jendea jaiotzen da. Berraragitzen den jendea batetik, eta bizitzaz dena dakiela jaiotzen den jendea bestetik. Lehen taldekoena eztabaidagarria da, bigarren taldekoena, agerikoagoa da, edo hala uste dut; pentsatzen dut badakizuela zein jende motaz ari naizen; bidesaririk ordaintzen ez duen jendeaz, barrerak barrera makurtzen dituzten pertsonak ditut gogoan; bizitzaren errepideko zuloak non dauden jakinik, oztopoak saihestuz aurrera egiten dutenak, bolantea esku izutuz estutu gabe, bihurguneak ziurgune balira bezala gidatuz.
Noiz gelditu, besteei pasatzen noiz utzi, autoa non aparkatu (TAO gunerik merkeenean) badakien jendea. Noiz aurreratu, noiz atzean, babesean, iraun, noiz abiadura moteldu eta euri-ur putzutan sartzean nor zipriztindu neurtzeko gai den jendea. Jende gidaria. Pasabide estuetan gezi gorriak eta urdinak ikusten dituenean, beti bere burua urdintzat hartzen duen jendea. Amildegi ertzari begiratu gabe pasatzen dena, geziaren puntaraino beti.
Obretako bide-tarteak ez zaizkie gustatzen gidari hauei. Batzuetan beren erreietariko batean beste auto bat sartzea itogarria egiten zaie, kontrako norabidean datozenak gertutik ikusteak hotzikara sortzen die, eta besteen argiak min egiten die begietan. Arriskuan sentitzen dute euren burua, eta musika altuago jartzen dute, berriz, errepide zati horiek igarotakoan. Ez zaizkie obretako bide-tarteak gustagarri, gurpilak zikintzen zaizkielako, eta «batek daki nondik» datozen irudia eman lezaketelako. Urduritu egiten ditu konoen lerrokadura faltak. Gelditu eta guztiak zuzen, ilaran, jartzeko tentazioa izaten dute.
Kontrolen bat parean tokatuz gero, ez dira ikaratzen. Badakite ez direla susmagarriak, ezertan, ezertarako. Sumagarriak dira guztiz, giza erradiografiak dira. Ilusioz hartzen dute argi urdin-horien presentzia. IATa pasatu berria dutelako, edo zita hartua dutelako bi hilabete beranduagorako, arazorik gabe berritu ahal izateko. Edukitzeaz gain, badakitelako non dauden euren paperak, ongi tolestuta daudelako eta ez dielako hankak dardara egingo geratzeko eskatzen baldin badiete.
Jende honen autoaren aurrealdeko kristala, egon badagoen arren, ez da ikusten, eta bizitzak orban bat utzi nahi baldin badie, berehala izaten dute xaboia eta ura prest, dilubio unibertsalarekin lehiatzeko moduko kopuruan, gainera. Horrela gidatzeko eskubide osoa dute pertsona, talde, erakunde eta alderdi hauek. Ados. Bestelakoek ere bai, ordea. Badakit, izatez, istripu bat saihesteko biderik seguruena izan daitekeela haiena, baina horrela bizitzea bera istripu bat ez ote den…