Agurrak
Hutsartean zubia egitea da agur egitea, hutsartea ez dadin leizea izan. Hilari azken agurra egitean ere horixe egiten dugu. Azken agur hori ez da hilarentzat egiten den ekitaldia, biziontzakoa baizik, biziok jarraitu behar dugulako bidean. Agur esan liteke bihar arte, edo datorren igandera arte, edo datorren urtera arte, edo... betirako; agur esanez osatu nahi ditugun hutsarteak ez dira denak berdinak, eta hutsuneen samina ere ez. Senide, lagun, burkide edo adiskidearen heriotzak guregan sortzen duen samina sendatzeko ekitaldia da azken agurra; hilaren oroimenez eta haren faltaren minez elkartu eta agur esaten diogu.
Giza izaeraren hastapena izan zen agian tribukideari lur ematea, bidaide zenduari azken agur hori egitea, betirako edo beste mundura arte. Gure artetik doan senide, lagun edo kideari egiten diogun agur horren hunkipenean azaleratzen dugu agian gizaki izatearen zentzu sakonena. Gerra handietan eta dirudienez elkar hiltzea baino ofizio hoberik ez zuten garaietako gizarte basatietan ere begirunea izan zaio hilei agur egiteari, gatazkaren erdian meniak adostu izan dituzte gorpuak hobiratu eta hiletak egiteko, azken agur hori egiteko.
Horretan darraigu, bidean lagunak eta senideak galtzen ditugulako. Bidaide izan ditugunei agurra eskaintzea beharrezkoa zaigu bizitzen jarraitzeko, joan direnen memoria gordetzeak pertsona egiten gaituelako. Duela hilabete batzuk egin genion azken agurra Belen Gonzalezi, eta agur eta oroitzapen ekitaldi haren hobenagatik atxilotuta Intxaurrondora eraman zituzten orain bi aste Antton, Oihana, Olatz eta Miren.
Laster agertu zen Lakuako Gobernuko bozeramaile Erkoreka jauna, itua ezker abertzalearengan jarriz, ez-dakit-zelako ekitaldi publikoak egitea onartezina dela esanez, eta atxiloketen errua ere, aditzera eman duenez, ezker abertzalearengan jaurtiz.
Kartzeleroaren lana egiten duen presoari “Cabo de bara”, “Chota” edo “Machaca” deitzen zaio espetxean, beste leku batzuetan “Capo” ere deitzen zioten, eta antzeko beste deituraren batzuk izango dira gisako zereginetan aritzen denarentzat.
“Malintxearen madarikazioa” abestiak ere definitzen du giza izaera hori, eta, itzalpeko berri ongi dakizunez, zuk ere ezagutuko duzu, Maite: Tú, hipócrita que te muestras humilde ante el extranjero pero te vuelves soberbio con tus hermanos del pueblo....