GALDER PEREZ
IRITZIA

Birra bat, mesedez!

Akordatzen zara etxeko iturrietatik ura ateratzen zen garai horiekin? Garai zaharrak, edonor aspertzeko modukoak, bai. Atera birra bat, faborez. Imajina ezazu nola bizi ginen, zentzubako bizitza batean, garagardo berderik gabeko etxeetan. Eta ez hori bakarrik. Herritar eta auzokideek elkarlanean ateratzen zituzten aurrera giza eta kultur jarduerak. Benetan! Pentsatze hutsak sekulako nagikeria ematen dit, aizu. Herrietako jaiak asanbladetan antolatu ohi ziren, pentsa! Guztiz arkaikoa, badakit.

Eskerrak Holandako garagardo berdea etorri zen. Horrek argitu eta alaitu zuen gure bizitza eta bizimodua. Bilboko musika jaialdi bat babesten hasi zen, xumeki antzean, gurasoek umea zaindu bezalaxe. Ez dakit, orain zalantza daukat, Donostiako Jazzaldia ez ote zuen aurretik adoptatu... Ez du axola. Kontua da zulo beltz batetik atera gintuela, mundu berde argi batera joateko. Horixe du legamiak, dena puzteko abilezia.

Musika jaialdien ostean, hirietako jaiak etorri ziren. Sanferminak alabatzat hartu zituen ondoren Holandako marka jainkotiarrak. Entzierroetako zezenekin doazen zekor robotek horregatik daramatzate botila berdeak eskegita, ez zenekien ala? Gasteizen ere ederra sortu zen Zeledonek aterki berdea erabili zuen lehenengo aldian. Baina gerora erraz ohitu ziren arabarrak pantailan aterki berdea ikustera. Baionako Errege Lehoia ere askoz politagoa dago berdez jantzita doanetik. Ikusten? Tradizioa aldatzea munduko gauzarik normalena da. Begira, bestela, Irun eta Hondarribiko alardeak. Ups, barka... han ez da oraindik marka salbatzailerik sartu. Tira, epel geratu zait. Bihotza ez, jakina, garagardoa, baizik. Beste birra bat aterako didazu, mesedez.

Gogoratzeko gazteegia zara beharbada, baina bake prozesuan ere lan handia egin zuen garagardo berde salbatzaileak. Holandako marka berdea gure hizkuntzaren aurretik normalizatu zen, bai. Orduan hasi ginen denok Hommer Simpsonen alde bozkatzen. Gure herrietako alkate izatetik lehendakari izatera pasatu zen. Aldi bateko eta aldibereko gure hiriburu guztietako alkate izan zedin zazpi tripatan biderkatu zen Simpson jauna. Mirakulua! Horren ostean, ordea, hirutan, bitan, edo zenbatetan zatitu zen lehendakari izateko? Axola al du? Inporta zaidan gauza bakarra da berdez jantzitako langileak ahalik eta azkarren etortzea etxera. Izan ere, etxeko iturriak izorratu zaizkigu eta ez zaigu bertara garagardoa iristen.

Horregatik etorri naiz hona, birra bat edateko asmotan. Zenbat iturri eta upel dituzuen hemen, aizu. Eta dena da hain berde, hain eder... Egia al da esaten duten hori, aspaldi bazela beste zera berderik, landare, zuhaitz eta belar artean? Barkatu, bai, garai zaharrak dira horiek, edonor aspertzeko modukoak, sorry. Atera beste birra bat, please. Etxeko iturria izorratu zaigu, nonbait, eta horrela ezinezkoa da bizitzea.