amagoia mujika
IRITZIA

Kortesia

Kortesia garratza da eztarrian trabatuta geratzen zaizunean. Ezagutu berri dugun lagun baten lagunarekin hizketan, sakontasunik gabeko solasaldi zozoan ari ginen. Espero ez genuela, tipoak sekulako komentario matxista bota du, braust, lasai ederrean. Irriño inozo fundamenturik gabea egin eta isilik geratu naiz. Zuk ez duzu irririk egin. Buelta eman orduko errieta egin didazu. «Zergatik egin diozu irri? Esan duena oso matxista eta oso itsusia izan da». Arrazoia duzu, eta nik baino 25 urte gutxiago. Kortesiagatik egin diot irri, gure lagunaren laguna delako, tentsiorik ez sortzeko, ez neukalako liskarrerako gogorik... Neure burua entzun eta lotsatu egin naiz. «Desastre aritu naiz», aitortu dizut.

Bada marra bat, kortesia izena duena, pausoa eutsi eta mingaina estu lotzen diguna. Emakumeei bereziki zainean zuzenean sartzen digute kortesiaren araua oso umetatik. Eta uste dut adinean aurrera joan ahala, gero eta nabarmenagoa dela kortesiazko jarrera hori. Gero, noski, izateko erak eta erak daude. Eta belaunaldi batean edo bestean jaio, desberdina da.

Kaka zaharra! Ze gustura esango niokeen tipo horri esan duenak ez duela graziarik! Baina, ez diot esan. Batzuetan esandakoek sekulako zama daukate, baina ez dakit ez ote diren pisutsuagoak esan gabe uzten ditugunak, eztarrian trabatuta geratzen zaizkigunak.

Horregatik miresten zaituztet zuek, atzetik zatozten belaunaldiak.

Goizeko hamarrak. Zu erretiratu gabe eta ni etxetik jaitsi berri. Gizonezko horren aurrean plantatu, bi hatz ahoan sartu eta txistuka hasi zara (ez dut sekula ikasiko txistu era horretara egiten). «Emakumeok, eraso sexista bat gertatu da! Goazen defendatzera!». Gizonezkoa, zur eta lur, zure parean, era guztietako azalpenak ematen. Ahotsa altxatu gabe ari da, zuk bakarrik entzuteko moduan. Zuk, berriz, ingurukoek entzuteko moduan, «badakizu zer egin duzun. Baboso bat izan zara eta etxera joan behar duzu». Tipoa, zurbil. Ingurukoak, adi, baina asko mugitu gabe. Azkenean, beste bi neska gazte gerturatu dira, 20 urteren bueltakoak zu bezala. Hirurak jarri zarete gero eta txikiagoa den gizonezkoaren parean. «Joan zaitez etxera», agindu diozue lasai-lasai. Buelta eman eta urrutiratu egin da. Eta zuek parrandan segitu duzue.

«Igual ez da eraso bat izan. Akaso nahi gabe ipurdia ukitu dio pasaeran. Agian bularra ukitu dio konturatu gabe. Orain edozer gauza da eraso bat. Gaizki ulertuko zuen...». Horrelako asko entzun ditut ondoren.

Akaso kortesiagatik edo beldurragatik isildu egin izan gara, askotan, gehiegitan. Baina ez gara tuntunak, oso ondo dakigu txiste bat noiz den matxista, komentario bat noiz den mingarria eta gure gorputza noiz izan den erasota.