LUMA BERRIEN AZTARNAK

Naizelako diot

Goizeko zazpi eta erdiak. Iratzargailuak jo du. Minutura, begi zulo ilunekin atera da Leire bere gelatik. Oinak arrastaka, indarge, arnasa lodia ahotik. Beste gau bat lo egin gabe, urdailean tristura moduko bat sortzen dion horrek, etengabe burua dantzarazten dion ideia horrek, astinduta: «Ezin dut».

Marije sukaldean gosaltzen ari da alaba atetik bisaia ilunarekin sartzen ikusi duenean. Gaur ere bai. Hasperena. Eta nahi izan du hasperenean kezka, errua eta beldurra joan zitezen, baina errotuta ditu azkenaldion barnean, Leireren ispiluan bere burua ikusten duela ohartuta.

«Ez. Ezin dut». Horiexek esan zizkion berak ere irakasleari, hamar urte bete zitueneko aste hartan. Euskarako ikasgaian ariketa gisa liburu azterketa egin (“Obabakoak” hautatu zuen berak) eta gelan aurkeztu behar zutela entzun zuenean dardara batean jarri zitzaizkion oinak, eta sabelaldean korapiloa sumatu zuen. Ezin arnasa hartu. Ezin. Ezin.

Ordurako ezagun zituen bizi osorako bidelagun bilakatuko ziren beldur horiek. Gaizki egiteko beldurra, besteen itxaropenei huts egiteko beldurra, “behar den bezala” ez egiteko beldurra, nor zen erakusteko beldurra… Hor zeuden, baina ez zekien haiek izendatzen, nondik zetozen, zerk eragiten zuen geldialdia eta ezinegona bere gorputzean. “Ongi egitea” jada sustraituta zegoen bere gogoan, iparrorratz gisa. Ikasketa azalean zizelkatua, egunetik egunera.

Eta susmatzen du izu horiek berak direla Leireren gauetako amesgaizto, datorren astean gelan egin behar duen aurkezpen horretan “gaizki” egin dezake eta. Besteen begirada, besteen nahi eta ustezko itxaropenak, azalean baitaramatza. Jantzita. Eta azal berriak sortzen ari zaizkio beldur bakoitzeko, nor den gero eta urrunago. Beharraren azalak.

Baina gosariko bi katiluen artean isiltasuna da nagusi. Arduraren, ezintasunaren, erruaren… beldurraren isiltasuna. Min emateko beldurra. Alabari datorkiona iragartzeko beldurra. Jada behar ez dituen azal horiek kentzeak sufrimendua eragingo diotela adierazteko beldurra. Besteen begiradaren ispilua gainetik kendu behar duela esateko beldurra. Beste begirada horietako bat berea baita. Amarena.

Nola esango dio, ordea, berandu dabilela? Jaioz geroztiko hamar urteotan alabak bere buruarekiko konfiantza elikatzea lortu ez badu? Berandu, azal horiek jada ikusten dituelako: ebaluaketen emaitzak 10etik gertuko zenbakiez beteta ekartzen ditueneko begi zabal horietan; dantza saioaren amaieran jaso dituen txaloek eragin dioten irribarrean; eskolara eraman aurretik idazlanak gainbegirarazten dizkionean; mutilen alboan txiki bilakatzen ikusten duenean… Nola esango dio besteen aurrean hitz egiteko konfiantzak alaba, lagun, ikasle, kide perfektua izatearekin zerikusirik ez duela?

Bera konturatu zenerako ere berandu zen, Magisteritza Eskolan nola hala moldatu zen komunikazio beharrei aurre egiteko, ahal zenean ihes egiteko, izu potoloei iskin egiteko. Baina ikasgeletara jauzi egitea egokitu zitzaionean, amaitu zitzaizkion iheserako aukerak. «Ez. Ezin dut» horri begietara begiratu eta bere azal-mozorroak apurka-apurka kentzeko bidea abiatu behar izan zuen, irakasle izateko desioa lortzeko. «Ondo» hori txikia, malgua, likidoa… eta besteena zela ikasi, eta egiazkotasunarekin kontrajarria zela topatu.

Barrura begirako bidaia hasi zuen gelan egin beharreko lanaren izua kudeatzearekin batera, eta izu bakoitzaren azpian zegoena ikusi. Hala, konturatu zen eraginkortasunez komunikatzeak konpromisoarekin zuela zerikusia, bere izatearekiko koherentziarekin, hurbiltasunarekin, bere gogoekin eta zintzotasunarekin. Hitzetara ekartzen zuen guztiaren zuzentasunaren gainetik, iritsi egin behar zuela. Beste «ondo» bat behar zuela, berea alegia. Eta izatetik esan.

Desikasketa prozesua deitu izan dio berak gerora. Hori ikasi du, desikasten. Jendaurrean konfiantzatik eta sustraituta aritzeko bideak bizitzarako gaitasuna eskaini baitio, bere lanetik harago. Eta aritzeak erakutsi dio eusten bezala eraldatzen. Aritzeak, irakasle gisa dozenaka, ehunka ikasleren aurrean; ekintzaile gisa herriz herriko batzar amaigabeetan; zuzendari gisa bilkura zabaletan… eta pertsona gisa zeharkatu duten egoera guztietan. Plazak erakutsi dio bere ahotsaren indarra, bere eskuen airea, bere oinen lurra, eta bere bisaiaz besteen begirada besarkatzen. Begiradatik begiradara zubiak eraikitzen.

Horregatik ari da azken bi urteetan buru-belarri komunikazio gaitasunak jorratzeko bidea zabaltzen. Ikasketaburu gisa dagozkion zereginetan sustatze lana egiten. Curriculumaren eta edukien sakratutasunaren gainetik haurrak gaitasunez jabetzeko bideak zabaldu nahian. Atzoko bilkuran adierazi zituen bere apustuaren oinarriak, gaitasun pertsonal horiek jorratzearen balioak, bere bizipenean oinarrituak. Esan zien jendaurrean egoki adierazteak bizi kalitatea hobetzen duela, aske pentsatzeko eta autonomiarako bidea elikatzen duela, autoestimuan oso lagungarri dela. Eta beraien plazara, hezkuntza sistemara ekarrita ere, neurri askoz handiagoan ikasten dela besteei azalduz entzuten edo irakurtzen baino. Eta entzun zuten, baita begiekin ere. Bere sorbalda irekiek konfiantza, gogo bizia eta sinesgarritasuna adierazten zutelako.

Eta kafesnea izoztu zaio Leireren begi zuloetan galduta. Hasperenean bota du zerbait. Oinak lurrean. Beldurrak alboan. Begirada zabal. Eskua eskuan. «Bai, ahal duzu. Zu izan, besterik ez. Naizelako diot».

Arantxa Erasun

1972an jaiotako andoaindar hernaniartua. Hizkuntza eta komunikazioak ardaztu dute nire bidea, kazetaritzatik trebakuntza eta coachingera. Egun, aldaketa prozesuetarako, besteak beste, sormenaren eta idazketaren bitartez