Errespetua
Mozal Legea bezala ezagutzen den 4/2015 Lege Organikoa, herritarren segurtasuneko legea, probetxu onekoa suertatzen ari dela ematen du. 2015ean abian jarri zutenetik, milioi bat eta erdi euro inguru bildu ditu Lakuako Gobernuak herritarrei ezarritako isunen bitartez. Dirutza da, baina dirua ez da dena, esan dezakezu, eta ez genuke hasiera-hasieratik gaizki pentsatuak izan behar: legearen goiburuak berak esaten du, eta uste izatekoa da, legearen esanahiari jarraituz, herritarrak seguruago sentitzeko agintzen duela Lakuako Gobernuak isun horiek ezartzea.
Seguruago sentitzea da kontua, bada, abstraktuan batzuentzat, konkretuan lege horren ezarpena zuzenean ezagutu dutenentzat. Zuzenean izorratuak izan direnentzat, esan nahi da. Aurten bertan, ertzain eta udaltzainen artean abiatu dituzten ia sei mila espedienteetatik, milatik gora izan ei dira agintariekiko errespetu faltagatik. Polita da kopurua, are politago arrazoia, agintariekiko errespetu faltarena alegia. Kontzeptu hori agintari bakoitzak –gehien-gehienek– bere interpretazioa eginez egozten baitio aginterik ez duen edonori. Horixe du aginteak, ez duena izorratuz gizentzen dela.
2016ko ekainean Eusko Legebiltzarrean PP ez beste alderdiek aho batez onartu zuten legez besteko proposamen bat Mozal Legea Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban ezartzearen aurka. Pentsatzekoa da errespetatua izateko hartu zutela erabakia, baina ez du ematen asko errespetatu dutenik, eta iruditzen zait norbaiti ezarri behar lioketela, kasu horretan ere, Mozal Legea, eta dagokion isuna, jakina. Herritarrak seguruago eta dezente errespetatuagoak sentitzeko neurria litzateke, dudarik gabe... baina aginterik ez duenaren fantasia da.
Jende delikatua da agintaria, bistan da, eta normala izango da legeak egitea haiekiko errespetu falta zigortzeko, eta errespetu faltaren aitzakian edozer gauza. Agintariek herritarrei dioten errespetu faltaz ez dut uste ezer dioenik legeak, are gutxiago haiek zigortu behar direnik horrelako huskeria batengatik. Horixe dute legeek, agintarien eskuetara jausten direla.
Mozala ahorik ez irekitzeko aparatua da, Gillermo, eta agian behin baino gehiagotan pentsatu duzu herritarrekiko errespetu handikoa litzatekeela agintari, epaile, eta enparauei ezarriko balitzaie, behingoan, lege hori, eta legea ezean mozal bana, bai kalean eta bai kaletik kanpoko leku horietan.