Andoni Urbistondo
aterpezainen negu gorria

Mendizaleen arimak

Goietako zazpi mendi-aterpe daude Aragoiko Pirinioetan. Oinez bakarrik irits daiteke horietara. Urte osoan dituzte ateak zabalik, neguan mendizale gutxi batzuk bakarrik hurbiltzen badira ere. Orain ez asko, hilabeteak pasatzen zituzten aterpezainek bailarara jaitsi gabe, eta ondorioz, izaera gogorrekoak bilakatu eta nahiko fama txarra hartu zuten. Egun, egonaldi laburragoak egiten dituzte, eta euren bizi baldintzak nabarmen hobetu dira. Negu gordinean mendizaleen arima bilakatu dira, horiei laguntzen dieten lehenak edari bero, jaki goxo edo aholku on batekin. Gustuko dutelako bizi dira 2.000 metrotik gorako bakardadean Iban Urbieta, Mikel Sainz, Raul Martinez eta Maria Mestre zaindariak.

Goriz aterpea Ordesako Parke Nazionalean dago, Aragoiko Pirinioetako bihotzean. 2.165 metrora. Iparrera Monte Perdido eta Cilindro de Marbore menditzarrak ditu, 3.300 metro pasakoak biak. Neguan aterpera iristea ez da erraza, lau eta sei ordu arteko bidea egin behar baita elurretan. “Paso de las Clavijas” delakoa gainditu behar da, ferrata antzeko burdinazko helduleku batzuk, azpian amildegia dagoela, eta horrek jende asko uxatzen du bailarara bueltan. Baina asteburu eta opor egunetan mendizale batzuk hurbiltzen dira. Han izaten dute zain Iban Urbieta Beltza zaindaria (Arroabea, Gipuzkoa, 49 urte): «Normalean nekatuta iristen dira, eta salda bero bat edo garagardo bat eskaintzen diet, arropaz aldatzen diren bitartean».

Ekialderago, Huesca eta Lleidako mugatik gertu, Cap de Llauset aterpean dago Raul Martinez Hidalgo Atxo guarda (Murtzia, Estatu espainiarra, 40 urte). Aneto, Tempestades eta Vallibierna mendien magalean dago Llauset, 2.425 metrora, Pirinioetako aterperik garaiena. Atxo bakarrik dago Llauseten, oraingoz diru bilketak ez dielako berari eta bere bazkideari hirugarren sozio edo langile finko bat bilatzeko berme ekonomiko nahikorik ematen. Urbietak, aldiz, badu norekin solastatu. Mikel Sainz Beloki, Miki, lankidearekin dago Gorizen (Bera, Nafarroa, 46 urte), aterpe horretako bazkideek bertan beti gutxienez bi lagunek egon behar zutela erabaki baitzuten, badaezpada.

Maria Mestre erizaintza ikasten ari da Bartzelonan (Gelida, Katalunia, 32 urte). Pedagogia ikasi zuen gaztetan, eta ikasketak egiten ari zela piztu zitzaion guarda izateko harra. Ikasturtea bukatu eta hasi bitarteko lauhilekoa, ekaina-iraila tartea, Colomers aterpean eman zuen lanean, sos batzuk bildu eta bost ikasturteak osatzeko asmoz. Gorizen, Bujaruelon, Lizaran eta Montfalcon aritu izan da, langile, trebatzen, betidanik guarda izateko erronkarekin, baina oraino ez du lortu, Cap de Llauset-en lortzear egon bazen ere. Mestrek 10-12 urteko eskarmentua dauka dagoeneko, eta orain halako eten txiki bat egitea erabaki du, «aukera profesional berriak bilatzeko». Aterpezain jarduna oso maskulinizatuta ikusten du, eta datu bat eman du hori berresteko: «Goietako zazpi aterpe daude Aragoin, hogei zaindari, eta emakumezko guarda bakarra, denera».

Urbietak bizitza erdia darama mendian lanean. Negu hau Gorizen egiten duen 22.a da dagoeneko. «25 urterekin etorri nintzen, sei-zazpi urte tailer batean piezak egiten eman ondoren, eta gustura nago. Nire lan aroa hemen bukatzea espero dut». Bost hilabete ematen ditu Gorizen urtero, baina trukean, urteko beste zazpiak bailaran, eroso. Zazpi hilabeteko datuarekin bakarrik gogoratzen denarentzat, kontrapuntua: Neguan hilabete oso bat egiten du aterpean, 30 edo 31 egunak, bere 24 orduekin.

«Txoko honek bere gauza onak eta txarrak ditu. Udan iritsi ezinik ibiltzen gara, 80 oheak beteta, eta atarian kanpin denda jartzen duten mendizale mordoa. Askotan 150 afari eman behar izaten ditugu gauero, eta hori oso kopuru handia da. Neguan, aldiz, oso bisita gutxi ditugu. Egun askotan ni neu eta langilea bakarrik egoten gara, eta mendiaz edo mendi eskiaz gozatzeko aprobetxatzen dugu!». Ez pentsa dena aisia denik. Egunero bi aldiz, 9.00etan eta 14.00etan, meteorologia datuak bildu eta igorri behar dizkiote AEMET Espainiako Meteorologia Agentziari (behatokia aterpetik 50 bat metrora dago), eguraldia gaiztoetan gaiztoena izanda ere. Atarian eta teilatuan pilatutako elurra garbitu, erreserbak egin, telefonoa hartu, hondakinak antolatu… horrela pasatzen dituzte egunak jenderik ez dagoenean.

 


Guarda bat eta langile bat. Lau bazkide dira Gorizen, eta bazkide bakoitzak erabakitzen du zein langile kontratatu. Urbietak hainbat erabili izan ditu, eta negu honetan Mikirekin dago. Ez da nagusi-langile tratu klasikoa. Mikik badaki zein diren bere betebeharrak eta bere martxan ibiltzen da, aterpeko txoko batetik bestera. Konponketetarako mainatsua da, eta hori lagungarria da Gorizen. Urbietak dioenez, «hemen ohikoa da argiren bat izorratzea, bateriaren batek ondo ez funtzionatzea, kableren bat gaizki egotea, eta lan horietan iaioak diren langileak inportanteak dira».

Mikik denbora gutxi darama bere jardun berrian. 26 urtez soldatzaile lanean aritu eta gero, nekatu, eta beste zerbait probatzea erabaki zuen. Bizitzak nora eramango duen ez daki, eta Urbietak Gorizen lanean aritzeko egin zion eskaintza onartu zuen: «Gure arteko giroa, natura... atsegin ditut. Indarberritu egiten naiz hemen, ingurune basati honetan, eta Aizarnara, etxera bueltatzen naizenean, eskertu egiten dute bikotekideak eta Xiker semeak. Aurreko lanarekin erreta nengoen, eta etxekoek ordaintzen zuten».

Atxok eta bere bazkideak bi asteko lanaldia egiten dute Llauseten, eta beste hainbeste egun jai. Baina negu honetan txandaren bat aldatu eta hilabete osoa egin du ia-ia azaro-abendu artean. «Lehen astea ondo pasatzen duzu, bigarrenean bueltak ematen hasten zara, jaisteko egunean pentsatzen, eta hirugarrena ja iraupen kontua bilakatzen da. Wifia dugu, tablet-a pelikulak ikusteko eta beste, baina jenderik gabe luze egiten dira egunak». Llauset aterpe berria da, modernoa, baina Gorizekin alderatuta, askoz jende gutxiago hartzen du. «Euskal Herritik nahiko urrun dago, eta Pirinioetan euskaldunak ibiltzen dira, batez ere. Ea ba hitz hauek irakurrita gehiago animatzen zareten», eskatu du Atxok.

 


Aterpezainen fama txarra. Zaindariek badute halako sona txarra. Beti haserre daudela esaten dute, edo zuten, mingain gaiztoek. «Badugu, bai, fama hori», aitortu du Urbietak. Beraiek baino lehenago Gorizen zegoen zaindariak marmarti fama zeukan, eta bazkide talde berriak fama txar hori ezabatzeko lanak izan ditu: «Mendi puntan hilabete asko pasatzeak erre egiten du. Gu ospe txar hori hausten hasi gara, orain gehienez hilabete egoten baikara jarraian. Lehen lau hilabete ere egiten zituzten bailarara jaitsi gabe. Ba pentsa, ze gogorra zen».

Aterpeak erakargarriagoak izateko bidean langileen ekarpena goraipatu du Urbietak: «Udan ostalaritzan iaioa den jendea behar dugu, eta neguan mendi eskian moldatzen dena, langile onak, gauzak di-da egiten dituztenak, eguraldi txarra eginda ere igo eta jaisteko gaitasuna dutenak…». Pilti, Igor, Miki, Irati eta beste zerrendatu ditu: «Zaindariekin batera hau aurrera eramaten ahalbidetu duen jende piloa dago». Langilea erretzen hasten omen da bigarren edo hirugarren urtean: «Udan lan handia dagoelako: gosariak eman, dena garbitu, bazkalostean afariak prestatzen hasi... Hau Gran Hermano txiki bat bilakatzen da, eta elkarbizitza konplikatu egiten da hainbeste jenderekin», esan du Urbietak.

Atxori, aldiz, bizipoza pizten zaio mendizaleak agertzen diren aldiro. «Solasaldi informal bat ikaragarri eskertzen da noizbehinka. Niretzat mendizaleak datozen eguna erabat ezberdina da: logelak prestatzen ditut, afaria, etortzen direnean edari edo salda bero bat eskaini… horrek zeregina ematen dit eta poztu egiten naiz. Gainera, neguko mendizalea jantzia da, badaki nora datorren, ingurua ezagutzen du, eta solasaldiak oso aberasgarriak dira». Udan, beste aterpe gehienak bezala, ostalaritzatik bizi dira. Llauset errepidetik ordu eta erdira dago oinez, eta asko osteratxo lasai bat egin eta otordua egitera joaten dira aterpera.

Emakumeei ez dizkiete gauzak erraz uzten. Atxo dagoen tokian egon zitekeen gaur Maria Mestre. Baina aterpezain postu bat lortzeko zain segitzen du. Ez du etsitzen, baina onartzen du «postu hori lortzeko astro guztiek bat egin beharko luketela, ia-ia». Aterpe askotan zaindariek urte mordoa daramatela dio. Beste batzuetan familia-tradizioa oso errotuta omen dago: «Eta zahartzen direnean euren ondorengoek hartzen dute bizkar gainean aterpearen kudeaketa. Egoera horrekin oso zaila da zaindari postu bat lortzea». Orain bi urte eta erdi Cap de Llauset aterpea kudeatzeko lehiaketako finalera iritsi zen, baina azken langan beste batzuk aukeratu zituzten. Kritiko mintzatzen da Mestre: «Epaitu gintuen epaimahaia gizonek bakarrik osatzen zuten, eta aztertu nindutenean, emakumea naizelako begi bereziekin begiratzen nindutela sentitu nuen. Gizarte osoak bezala, tamalez».

Emakume batek 2.000 metrotik gora dagoen aterpe batean lan egitea ezinezkoa omen da, gizon askoren ustez: «Hauskorrak garela uste dutelako, edo erreskate bat burutzeko gaitasunik ez daukagula pentsatzen delako. Nik, baina, ahalmen fisiko eta teknikoa badaukadala uste dut; hamabi urte daramatzat dagoeneko aterpeetan lanean». Mestreren esanetan, guarda lana gizonentzako lana dela uste da, eta pentsamendu horrek indar handia du oraindik. Pasa izan zaio aterpe batera joan lan eske, adineko gizon bat izan zaindaria, eta hark hau esatea: «Baina nola utziko zaitut hemen bakarrik? Eta norbait zu bortxatzen saiatzen bada? Edo zer gertatuko da generadorea hausten bada?». Hori entzun eta gero, bueltako bidea hartu beste erremediorik ez zitzaion geratu, ezintasunean itota.

 


12.000 lagun urtero. Ostatu edo hotel askok eskertuko lukete Gorizek duen bisitari kopurua. Izan ere, 12.000 lagun pasatzen dira bertatik urtero, %90 baino gehiago udan. Urtaro horretan ohikoa da aterpe ingurua kanpin dendaz josita egotea, aterpeko 80 oheak beteta daudelako. Udan bi astean behin egiten dute txanda aldaketa, eta txanda bakoitzean zazpi langile aritzen dira: bi bazkide eta bost langile. Zergatik, bada, halako jendetza Gorizen? Urbietaren azalpena: «Ordesa ikusgarria da, eta Gorizera iristea, udan, paseo polita da. GR-11ko etapa bat, Pirinioak alderik alde zeharkatzen dituen mendi bideko etapa bat ere, hemendik pasatzen da, Pineta-Bujaruelo etapa. Azken osagaia, Monte Perdido da. Perdidok badu halako aura magiko bat, Escupidera izeneko gune arriskutsua du, bertan mendizaleak amildu eta hil egiten dira… horrek mendizaleengan halako erakarpen berezia sortzen duela esango nuke».

12.000 mendizale kopuru handia da. Eta horien beharrak, are handiagoak: bide baten iraupena zenbatekoa den, norbaiti bota bateko zorua askatu zaiola, kanpin dendako iltzeak ahaztu, zinta amerikarra behar dutela… «baina lagundu egin behar diegu, ze gu beraiei laguntzeko gaude hemen», dio Urbietak. Hondakinen detailea ematen du zaindariak, udan oso ohikoa den egoera bat azaltzean: «Borroka handia izaten dugu, mendizale guztiei euren zaborra jaisteko eskatzean. Haiek badakite guk hondakinak helikopteroan jaisten ditugula, eta askok esaten digute: ‘baina zuek helikopteroan jaisten dituzue eta!’. Zaborra jaisteak ez die lanik ematen, baina beti saiatzen dira hemen uzten».

Mendizaleekin aholkulari lana egiten dute: «Gure iritzia ematen diegu, baina ez dugu debekatzen». Jendeak denetarik galdetzen omen die: kranpoiak, sokak, auto geldiketa zer den… «Zer pentsatua ematen du, ze hemen, neguan, baldintzak oso gogorrak dira, eta suposatzen da etortzen denak badakiela kranpoiak jartzen, pioleta erabiltzen». Gorizen materiala alokatzen dute, baina ez dute, esaterako, kranpoirik jartzen oinetakoan, «ez garelako gidariak. Logikoa da honaino etorri den norbaitek kranpoiak jartzen badakiela pentsatzea». Ez dakienari iradokitzen diote, kranpoiak jartzen ez badaki nekez moldatuko dela gorago askatzen bazaizkio.

Heriotzaren mina. Anekdota bat ekarri du solasaldira Urbietak: «Esan genion talde bati kranpoirik eta pioletik gabe ezin zela Monte Perdidora igo. Guk alokatu egiten ditugu, eta eskaini genizkionean, ‘ba! horiek txorakeriak dira’, bota zuen batek. Ez nizkion kranpoiak alokatu, eta ez zen igo. Askotan zure onetik ateratzen zaitu eskarmenturik ez daukan mendizaleak, eta halakoak gertatzen dira». Udan Escupidera pasabide famatuan ere arazoak izaten dira, elurra dagoelako uztaileko bigarren edo hirugarren astera arte (pasabide horretan irrist eginez gero, mendizalea amildegirantz eramaten du elurrak; hortik izen hori). «Han jendeak irrist egiten du eta hil egiten da»; Urbietaren epai zorrotza.

Heriotza izango da, ziur asko, aterpezainek okerren onartzen duten egoera. «Oso gogorra da, eta ez da berehalakoan ahazten. Horretara ezin zara ohitu», dio Urbietak. «Oharkabean pasa den mendizaleren bat bada, tira, eragina apalagoa da, baina berarekin afaldu eta gosaldu baduzu, kolpe gogorra da». Bidea, orduak, arriskuak eta beste azaldu ostean mendizale hori erori eta hil egiten bada, «zalantza sartzen zaizu: ‘ez joateko esan behar nion’, eta antzekoak…». Urbietak ez du gaian gehiegi sakondu nahi, baina oroitzapenean ondo iltzatua du Soum de Ramond edo Pico Añisclora ohikoa ez den bide batetik igo zen talde bat (3.254 metro). Emakume bat gailurretik gertu dagoen irtengune batean amildu zen, eta Urbietak berak joan behar izan zuen bila erreskate taldearen helikopteroa hurbiltzen zen bitartean. Aterpean emakumearen bikotekidea zegoen, zain, eta amildu egin zela esan behar izan zion. Gorputza zegoen tokira iritsi zenean ikusi zuen panorama lazgarria betirako gordeta izango du Urbietak. «Ze arrisku eta non zeuden esan genien, baina han geratu zen… Oso momentu latzak dira, ahazten zailak».

Aterpe berria

Goriz itxuraldatuta dago udaz geroztik. Berrikuntza lanak asko luzatu dira, hamabi urte, baina aterpe berriak oso itxura ona du. Zaindari eta langileek euren gela dute orain, eta berogailua eta dutxak atondu dituzte mendizaleentzat. Urbietak ondo gogoan du kanpin dendetan lo egin behar izaten zuteneko gauak, atarian, ohe librerik ez zutelako, hezetasunak akabatzen, eta orain, goxo-goxo, euren logelan, eta wifi sare pribatuarekin. «Hobekuntzak asko eskertzen dira, batez ere adinean gora zoazenean. Lehen irrati-telefono baten bitartez komunikatzen ginen. Orain telefonoa daukagu, langileentzako wifia eta telebista. Lehen halako batean Radio 3 harrapatzen bagenuen miraria zen. Lehen komunak kanpoan zeuden, orain intimitate apur bat daukagu».

Aterpeek hotel itxura hartu dutela kritikatzen dutenak ere badira: «Bueno, oinez lau ordu egin behar dira honaino etortzeko. Ez dut uste antzeko hotel asko daudenik». Goriz mendiko aterpe on bat omen da, «baina ez hotel bat». Azken hamalau urteetan elikagaiak, erregaia, garbiketa produktuak eta beste helikopteroz eramaten dituzte Gorizera: Lehen mandoekin egiten zuten, Nerin herritik ateratzen den pista batetik, bi bat ordu aterperaino. «Mandoak 60 kilo eraman ditzake, eta helikopteroak, garraio bakarrean 900 kilo. Udan hamabost egunez behin etortzen da helikopteroa, baina egun berean hiruzpalau bidaia egiten ditu. Minutua 30 euro ordaintzen dugu, eta hegaldiak zazpi minutu irauten du. Bueltan hondakin zaku handiak eramaten ditu helikopteroak. Diru kontuak egin genituen eta errentagarriagoa zela ikusi genuen».

Azalpen horiek mendizale askori ematen dizkiete Gorizen. Jon Magunazelaia getxotarrari eta Maribel eta Christian Alacant-eko bikoteari, besteak beste. Jon goizean goiz abiatu da Ordesako aparkalekutik, eta aterpean hamaiketakoa egin ondoren Monte Perdidora igo eta jaitsi da, arrastoa irekiz. Porru eginda iritsi da aterpera, eta Urbietak eman dion salda beroak piztu egin du berehala. Eguneko azken eguzki izpiekin iritsi da Alacant-eko bikotea, bospasei orduko bide nekezaren ostean. Garagardoa eskatu du Maribelek, eta zopa eta oilasko-bularki beroak ardoarekin dastatu ditu bere 32. urtebetetze egunean. Kafe baten bueltan, eta sutondoaren epelean, solasaldia gauerdira arte luzatu da ia-ia. Pirinioetako sorginkeria.