Hitza eta pitza
Beste bat gehiago, beste istripu bat errepidean, mila kilometro joanerako bide amaiezin horietan, behin eta berriz errepikatzera kondenatzen dituzten errepideetan. Puerto de Santa Mariako espetxearen itzala aspalditik du Euskal Herriak bere gainean, mamu mehatxaria legez, ezin ostenduz. Duela laurogei urte han zeuzkaten euskal gudari atxilotuak, El Duesoko espetxetik-eta eramanak.
Ia etengabean eraman izan dituzte ordutik euskal preso politikoak Puerto de Santa Mariara, eta beste hainbat kartzelatara. Herritik eta etxekoengandik urrundu nahi zituzten 1939an, eta herritik eta etxekoengandik urrun eramanda mantendu nahi dituzte gaur ere, haien eta beren senideen zigorra areagotzeko.
Grande Marlaska Barne ministroak duela gutxi Donostiara etorrita, hauteskunde afanean, berriro errepikatu du beste garai bateko kontua dela euskal presoen sakabanaketa politika. Baina behin eta berriz esateak ez du, seguru asko, bere faltsukeria kitatuko, baldin eta ez bada esandakoa betetzeko gai edo ez badu bete nahi. Duela laurogei urte bezala, euskal preso politikoen familiak eta lagunak zigortzeko eramaten dituzte presoak espetxerik urrutienetara. Eta ahalik eta espetxealdirik luzeenak ordainarazteko asmakizunetan buru Marlaska bera izan da Auzitegi Nazionaletik; presoen eta senideen sufrikarioa luzeago eta latzago izan dadin saiatu da, Europako esparru erabakiei muzin eginez esate baterako, edo bere aurretik pasatzen ziren torturatuei jaramonik ez egiteaz gain mespretxua erakutsiz.
Hilabeteak igaro dira espetxe politika aldatuko zutela esanez lehen adierazpenak egin zituenetik Gobernuak, baina aldatu, zinez, gauza gutxi aldatu dute. Hainbeste denboraren beharrik gabe sakabanaketa areagotu eta urrunketa bururaino eraman zuen PSOEko Gobernuak 1987an. Hitzak gorabehera, ez du ematen helburuetan asko aldatu direnik 1939tik edo 1987tik. Eta haien espetxe politikaren eta helburuen ondorioak ezagutzen ditugu, eta beraiek ere ezagutzen dituzte, noski: orain artekoez gain, duela bi asteburu urteko bigarren istripua izan dute euskal preso politiko baten anaiak eta lagunak Puerto de Santa Mariara bidean.
Eta imajina dezakegu zure ondoeza eta kezka, Jesus Mari, eta zure hurkoen larrialdia eta inpotentzia. Gogora ezazu, hala ere, ez zaudetela bakarrik, eta ez dugula etsiko ahaleginean.