Kanoi baten truke
Komunikabide askok aspaldi hartu zuten ikuskizunen antza. Behin baino gehiagotan berba egin izan dugu hemen horri buruz. Gero eta gehiago erabiltzen dituzte show handi baten teknikak, argi eta soinu feriak bailiran. Baina argia hor izan da beti, komunikabideetan zein jendartean. Fokua non jarri, horra atentzioa. Botereak historikoki gaitasun handia erakutsi izan du ideiak eta emozioak bere nahieran fokuan jarri ala fokutik kanpo jartzeko, desfokuratzeko.
Produkzio handietan bezala, gero eta gehiago erabiltzen ari da jendarteko argi kanoia, light cannon deritzona. Argi honek mugimendua du, aktore, kantari edo dantzari bakarra argiztatzen du, bere inguruan argi borobil ia jainkotiarra sortuz. Musikaletan asko erabiltzen den argi honek gauza bakar batean zentratzen du arreta guztia. Beste dena ilun geratzen da, ikusezin. Azken bolada honetan gure inguruan arma bezalako argi kanoi mordoa izaten ari gara. Baina light cannon hori erabiltzea garestia da oso, pertsona bakar baten lana eskatzen baitu. Produkzio xumeagoak izan ohi dira gure herrikoak. Horregatik, gure antzokietan gero eta gehiago erabiltzen dira argi digitalak, LED argiak, nortasun gutxikoak eta hotzak. Zeresanik ez, egunerokotasuneko argi-itzalek ere halako argien gero eta itxura handiagoa dute, hutsak eta egiazkotasunik gabekoak, selfie-foku digitalen goseak sortutako irudiak bailiran.
Oihalaren kontra jartzen diren fokuak maite ditut nik. Agertoki atzeko oihalaren kontra koloreak marrazten dituzte argi hauek. Itzalak ekiditen dituzten siluetak dira. Iradoki baino ez dute egiten, zer eta itzalen arriskuez jabetuta. Baina ikusleak, beharbada, egin nahi ez duen zerbait egin beharko du: pentsatu, irudikatu, landu. Aukeran, hortaz, oihalaren kontra doazen eta printzipioz ezer esaten ez duten argi horiek aukeratuko nituzke gure herriarentzat, asmatu eta irudikatu dezagun guk agertokia, bere koloreak, bere argiak eta bere itzalak. Baina beldur naiz estroboak ez ote digun kalte gehiegi egin. Izan ere, flash moduko irudiak ikusten ditugu soilik. Abiadura handian agertzen diren irudiak eta desioak, agertu bezala, desagertzen diren nahiak, egitasmoak eta beharrak.
Gure herriaren antzerkia, bere drama, tragedia eta komedia guztiekin, txikia da. Txikiegia akaso produkzio handietan bezala pertsona bakar baten argi kanoiaren ardura izateko. Koldarregia agian, oihalaren kontrako argiak gehiago erabiltzeko eta erosoegia ziurrenik estroboetan galdu eta beste ezertan ez pentsatzeko. Horregatik, linternak erabiltzen jarraitu behar dugula dirudi. Ez utzi linternak erabiltzeari. Umeago ginenean bezala, linterna jolasean galdu gaitezen. Gauero oheko burkoaren azpian linterna edukitzen jarraituko dugu ilunpeko mamuak agertzen direnean haiekin ehiza jolasean aritzeko. Jan diezaiegun behingoz etengabe datozkigun mamu horiei argia, bestela gu geu izango gara itzaletan biziko garenak.