JOKIN URAIN
IRITZIA

Katuen alde

Legeak eta arauak behin betikoak izatea edo behin betikotu nahia atzerakada baizik ez da gizartearen garapen naturalean. Legea, berez bizitza errazagoa, erosoagoa izateko arautzat idazten eta zehazten dena, iraganari ainguratutako traba bilaka liteke betirako izatea helburutzat hartzen denean. Baita legea edo araua aurrekoa baino okerragoa denean ere, jakina. Ezin dugu aurrera egin denboraren joanak berak atzean uzten dituen garaietako lege eta arauekin.

Aurreko batean jakin nuen lagun egiteko animalien lege berria onartzeko bidean direla Nafarroan. Frantzian dezente aurreratuago dabiltza itxura denez, 2015ean deskubritu baitzuten «sentitzeko gai diren izakiak» direla animaliak, eta horrelaxe ezarri zuten Kode Zibilean...

Nafarroan onartu nahi den lege berria ez da horraino iritsiko, zoritxarrez, baina betebehar batzuk jarri nahi dizkie animaliak dituztenei, eta horietako bat da txakurrei bezala katuei ere txipa ezartzea, horrela katuok identifikatu ahal izateko... Eta txakurrak bezain ikusgarri ez diren katuen alde egin nahi nuke. Ez baitakit beste lege bat prestatzean ez ote dabiltzan betikoan, ez ote diren gaizki interpretatzen animalien sentipenak. Ez dakit zergatik uste den txipa ezartzea eta identifikatzea katuaren eskubide edo hankabideen mesedetan dela. Katua denean, baten bat izatekotan, animalia independentearen ikur.

Nafarroako Animalien Askapena taldeak Iruñean kalean bizi diren katuen errolda eginda, 2.500 katu zenbatu ei ditu, denak abandonatuak eta artatu beharrekoak direla adierazi nahian edo. Kalean dabilen katu jabegabe bakoitza katu abandonatutzat jotzea gehiegizkoa iruditzen zait bestalde, eta zeresanik ez katuen izateko arrazoia edo mundu honetako beren zeregina guri lagun egiteko animalia izatea dela arautzat hartzea. Ez ote ligukete hobeki azaldu behar zer mesede egiten dion katu jende horri guztiari bakoitzari txip bana ipintzeak eta banan-banan identifikatzeak... Eta anonimoak izan nahi badute? Edo klandestinoak? Zergatik ez daitezke ibili kalean euren nahierara, oraintxe agertu oraintxe ostendu, mundu identifikatuegi honetan identifikatu gabeko felino, eguneko edo gaueko mamu apur bat misteriotsu?

Izaki guztiak sentitzeko gai direla legez ebazteko gai gara kasik, Imanol, baina gure sentieraren arabera senti dezaten nahi dugula ematen du.