Amaia Ereñaga
JASANGARRITASUNA xede duen uhartea

Formentera paradise

«Eivissa (Ibiza) zeure burua nabarmentzeko da; Formentera, ordea, diskrezio osoz pasatzeko». Turistentzat gidari lanean urteak daramatzan eivissar peto-peto batek esana da esaldia. Pitiusa uharteetako txikienari «hippy chic» etiketa ondo datorkiola dirudi, beraz; 60ko-70eko hamarkadetan bere argitasun mediterraneoaren eta ur gardenen bila joandako hippy haien espirituak hor dirauelako, «jet set»-aren oparotasunarekin nahasita. Baina Formentera hori baino gehiago da; jasangarritasuna du xede, paradisuak bere horretan iraun dezan.

Kilometroetan urria baina edertasunean aberatsa da Formentera, Mediterraneoaren koloreak (urdin, berde, hori, zuri...) eta usain sarkorrak (pikondo, pinu, kresala...) lurrinontzi txiki batean bilduta egongo balira legez. Uharteko gune garaienera, La Mola itsasargira alegia (itsas mailatik 142 metrora), daraman bidean geldiune bat egitean, uhartearen ia 82 kilometro karratuen gehiengoa zabaltzen da gure begien aurrean; luzetara, harea zuriko hondartzak bi kostaldeetan hedatzen dira 20 kilometroan, eta erdian, lursail berdea herrixka txikiz eta etxe zuriz zipriztinduta. Are gehiago, goitik ikusita, Formenterak gerri fin-fina duela dirudi, 2 kilometro eskaseko zabalera duelako gune estuenean.

Balear uharteetako txikiena eta hegoaldekoena da Formentera. Artxipelagoa osatzen duten bi uharte multzoak ekarriko ditugu gogora labur-labur, koka gaitezen: Mallorcak, Menorcak eta Cabrerak, beste uhartetxo txikiekin batera, Gimnesia uharteak osatzen dituzte; eta Eivissak (Ibiza gazteleraz) eta Formenterak, inguruko irlatxoekin, Pitiusak. Mediterraneoko itsasbideak Balearretatik pasatu dira nabigazioaren hastapenetatik, batez ere Pitiusetatik, hau da «pinuz betetako uharte» hauetatik. Grekoek horrela bataiatu zituzten kartagotarrek aurkitu eta gune komertzial indartsu bihurtu zuten Eivissa berdea... eta, noski, ondoan zegoen uhartetxo arras polit hura. Argitu beharra dago, dena den, Eivissan pinua (Pinus pinea motakoak) gehien hedatu den zuhaitza den arren, Formenterako bertako zuhaitz nagusia–beste batzuk ere badirelako noski– sabina (Juniperus phoenicea) dela. Lursail lehor eta harritsuetan ateratzen den zuhaitz txiki honen egur gogorrarekin egin dituzte betidanik formenterarrek etxeen habeak, leihoen markoak eta uharte honen irudi bihurtu diren txalupentzako ontziraleku bitxi tipikoak.

Azken bi hamarkadetan Balearrek demografia hazkunde nabarmena izan dute, batez ere turismoak erakarritako langileen eraginez. Formenteran izan da hazkunderik nabariena, azken hamabi urteetan bikoiztu egin baita uharteko biztanle kopurua: 2004. urtean zituen 6.500 biztanleetatik 2016an 12.885 izatera iritsi zen, gehienak kanpotarrak, noski... baina datu hauek huskeria bihurtu dira udako sasoiari begiratuta, kopurua ia hirukoiztu egiten baita. Datu ofizialen arabera, Eivissa edo Deniatik egun-pasa egiteko bidaiatzen dutenei “esker”, uhartea 47.000 bizilagun izatera iristen da. Eta horiekin batera, auto kopurua ere izugarri handitzen da. Egoera, beraz, jasanezina da.

Uztailean: Ibilgailuei stop. Eivissan ez bezala, Formenteran ez zegoen aireporturik egiteko aukerarik eta, agian horregatik, XX. mendeko 60ko hamarkadako turismoaren boometik zertxobait babestuago gelditu zen Pitiusetako txikiena. Hippyena bai, baita abentura maite zuten dirudun batzuena ere, baina bisitarien helmuga nagusia Eivissa zen garai hartan. Formentera batez ere egun bakarreko bisita egiteko toki bihurtu zen. Akaso, horregatik ez duzue bertan hotel erraldoi horietakorik aurkituko... ezta kanpinik ere. 1975. eta 1995. urteen artean Ca Mari inguruan kanpin handi bat eraikitzeko proiektuak hautsak harrotu zituen uhartean, urbanizazio erraldoi bat egiteko asmoa ezkutatzen omen zuelako. Greba eta guzti egin zuten.

Jasangarritasuna du helburu, esaterako, gaur egun Formenterako Consellak proposatzen duen ereduak eta, aurten hartutako erabaki ugarien artean, deigarriena lehen aldiz udarekin batera indarrean jarriko den legea da: auto eta motorren zirkulazioa mugatuko duena, alegia. Azken urteetan, bai administrazioek bai ekologistek, eguraldi onaren iritsierarekin Formenterak pairatzen duen trafiko pilaketez ohartarazi dute, batez ere, egun bakarreko bisitaldien gorakaden erruz, ehunka turista iristen zaizkielako hondartzez gozatzeko asmoarekin. Uholdea bezala iristen dira ferryan Eivyssatik, beraien auto eta motorrekin, eguna bertan igarotzeko, eta uhartean dagoen sentipena zera da; jendez gainezka daudela. Beraz, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte, uhartera ibilgailua sartu ahal izateko baimena izan behar izango dute turistek nahi eta nahi ez eta tasa bat ordaindu ere bai –euro bat auto bakoitzeko, 50 zentimo motorrek–. Egunean gehienez ibili ahal izango diren ibilgailuen kopurua hauxe da; 4.980 auto, alokairuzkoak barne, eta 230 motor.

Alokairuko autoen eskaintza ere jasangarriagoa bihurtu nahian dabiltza aspaldidanik, auto elektrikoen erabilera bultzatzen ari baitira bisitarien artean. Hori dela eta, erraz aurki daitezke auto elektrikoak kargatzeko tokiak. Uhartea, gainera, ez da handia. Motorrez mugitzea erosoa da; are erosoagoa, bizikletaz. Hori dela eta, azken honen erabilera indartzeko apustu irmoa egin dute eta horren adibide garbiena eratutako bidegorri sare zabala izan daiteke eta, nola ez, prestatutako 32 ibilbide berdeak. Guztira 100 bat kilometro egin daitezke ongi markatutako bide berdeetan; oinez edo bizikletaz egiteko aproposak dira (bizikleta aukeratzekotan, hobe mendiko bizikleta). Zerbaitegatik deitu ohi zaio Formenterari “bizikletaren uhartea”.

Beharbada, bi gurpilen gainean ezagutzeko tokirik ikusgarriena Ses Salines natura parkea da (ibilbide berde bat baino gehiago egin daiteke bertan). Bere benetako izenaz deitu beharko genioke: Eivissa eta Formenterako Ses Salines natura parkea. Eivissako hegoaldetik Formenterako iparraldera zabaltzen diren lehorreko 3.000 hektareak eta itsasoko 13.000k babestuta daude eta Unescok berak munduko ondare izendatu zuen, bertan gordetzen den altxor bat zaintzeko helburuz: ur urdin eta berde hauei kolorea eta bizia ematen dien landare bat, Posidonia oceanica izenekoa. Itsasoko landare hauek osatzen dituzten zelaiek garrantzi ekologiko nabarmena dute, bertan bizi direlako animalia eta landare organismo anitz. Uraren oxigenazioan eta iragazian erabateko garrantzia du landare honek eta, are Mediterraneoaren orekan ere, itsaspeko landare honetan datza-eta Eivissa eta Formentera uharteen edertasuna.

Ekosistema hau munduko bizidun handiena dela esan ohi da, parke hau migrazio puntu garrantzitsua delako, 2.010 motatako hegaztiak igarotzen baitira urtero bertatik, adibidez flamenkoak. Urpekaritza eta, oro har, itsas kirolak egiteko toki ezin aproposagoa da, beraz, parkea. Baita abereak ikusteko, antzinako gatzagak... eta hondartzan bainatu eta etzateko. Imajina ezazue bidexka batetik zoaztela eta, alde batera, harea zuriko hondartza lerro bat duzuela (des Cavall d’en Borras eta Ses Illetes hondartza ederrak) eta bestean, beste hondartza eder bat (Llevant-eko hondartza). Haizearen arabera, batera edo bestera joaten da jendea.

Hondartzatik aurrera jarraituta, lur mihi estu batetik goazela bidea estutu egiten da: Es Trucadors penintsulan gaude, itsasoz inguratuta. Eta aurrean, s’Empalmador uhartetxo pribatua; bisita daiteke, baina hobe itsasontzian egitea, mareen aldaketek arriskutsu bihur baitezakete paseoa. Horiek horrela, Ses Illetesen Juanmari Arzak sukaldaria aurki dezakezue El Pirata tabernan bazkaltzen edo Es Molí de Sal jatetxeko txalupetan lehorreratzen, yatea milia batzuetara ainguratuta utzi ostean, mundu mailako celebrityrik ezagunenekin, Bruce Sprinsteen bezalako rock izarrekin, nahasita.

Iragana eta etorkizuna. Formenteran ez dago ur askorik; bai, ordea, eguzkia. Erruz. Lursail idorrak dira hauek, baina betidanik egin da ardoa uhartean. Hegoaldean, Molako itsasargiaren magalean kokaturiko Terramoll ardandegiko enologoa da Jose Abalde galiziarra. Abaldek azaldu digunez, «lehen ardoa edari soila baino jakitzat hartzen zen, kaloriak zituelako eta sabela betetzen zuelako». Orain finagoa bihurtu da, dotoreagoa. Berreskuratu dituzten ardo indartsuak –graduazio altukoak dira, mahatsondoak ez dituztelako ureztatzen– delicatesem gisakoak bihurtu dira, urtero ateratzen duten ekoizpen murritza uharteko jatetxeetan saldu ondoren agortu egiten baitzaie.

Formenteran dauden bi ardandegietako bat da. Besteak uharteko ikur baten izena hartu du –munduko ilunabar ederrenak dituen itsasargiarena, alegia– eta, hori bai, Es Cap de Barbariako ardoak penintsulako zenbait ardandegitan aurki daitezke.

Cala Saonara hondartza ederrera jo dezagun orain. Han lau izarretako luxuzko hotel dotorea gobernatzen dute Castello familiakoek. «Hirugarren belaunaldia gara eta guztiak formenteratarrak», dio Linak, jabeetako batek. Uharteko negozio asko italiarren eskuetan daude. Gezurra dirudi, baina Juan Ferrer Castello Platéri (1905-1965), 13 urterekin Argentinara alde egin zuenean, bere lehenengo espartinak oparitu zizkion izebak. Urte batzuen buruan itzuli zen, eta lehenengo Sant Francesc hiriburuko plazan Fonda Platé zabaldu zuen –gaur egun oso toki ezaguna da– eta, gerraostean, Bartzelonako Ritz hotelean eta Monakoko erregeentzat sukaldari lanean ibili ondoren, Formenterara itzuli eta 1954an hondartza polit honen gainean pentsio xume bat zabaldu zuen. Platé harrituko litzateke gaur egun hotelaren aurrean dagoen chill out ikusgarria ikusiko balu!