GALDER PEREZ
IRITZIA

Barreari su!

Aurrekoan, udaberriko egun gozo horietako batean, eguzkiak itzel argitu eta gehiegi berotu beharrean leun epeltzen zuen goizalde horietako batean, pelikula batean sentitu nintzen. Gure etxeko balkoi estuan nengoen, Arestiren Sendeja kalea bezain meharrean; ez, ordea, iluna, eta bai esperantzaz betea. Arropa zabaltzen ari nintzela, ahots kantari bat entzun nuen, emakume ahots ederra. Bilbotik kanpo sentitu nintzen orduan, Lisboan, Alfama auzoan edo. Abesten zituen hitzak ez nituen ulertzen. Sentitu, berriz, sentitzen nituen. Ume bati kantatzen ziola zirudien. Eta kantaren hartzailea haur bat ez bazen, asko maite zuen inor izango zen, ziurrenik. Agian, bere buruari kantatzen zion edota, zergatik ez, arropa zabaltzen ari zen ni horri? Ezin irribarre handiagoa eraiki nuen ahoan arropa zabaldu eta ahots hura entzun bitartean. Zabaldu nituen arropak, ahoa eta bihotza bezainbeste. Isildu egin zen ahotsa. Sartu nintzen etxeko isiltasunera. Ez zen itzali irribarrea.

Kalera atera nintzen eta jendearekin nahasteko asmotan, konplize bila hasi nintzen. Bada kalean doala irribarre egiten duen jendea. Irribarreen ehiztari edo kolekzionista izatea atsegin dut. Irribarre mota honek mugimendua eskatzen du, autobus geltokira bidean, kale handi bat gurutzatzean, metroko eskailera jaistean edo Shibuyako zebra-bidea dirudiena igarotzean egiten dugun mugimendua, mugi mundua, atera barrea. Auskalo zeri, auskalo zergatik. Baina irribarre horrekin doaz. Bat-batekoa izan daiteke irribarrea, ia-ia barre algara bilakatu arte, topete datorren oroitzapena lez. Halako pertsonekin, irribarre hori dantzara ateratzen dutenekin, konplizitatea sentitzen dut. Niri ere, kalean oinez noala, errazegi egiten baitit irribarreak ihes. Gordetzen ere ikasi dugu, jakina. Izan ere, halako egun batean merezi ez duenari, jasotzen ez dakienari, sekula irribarre gehiago egingo ez niola zin egin bainion neure buruari.

Oier Guillanen hitzak datozkit gogora. Bere hitzetan, «jende alaia da iraultzaileena, alai egoteko arrazoirik sekula ez dagoelako, alai egotea iraultzailea da». Eta halakoxeak dirudite kaleko irribarre konplize txiki horiek guztiek. Arrazoizkoak beharrean, kontra-arrazoizkoak. Baina a zer nolako gogoa, beharra eta desira, behingoagatik eta betiko, irribarre horiek arrazoizko algara definitibo bihurtzeko. Demagun irribarrea zerbait planeatzen ari denarena dela. Denari su ematea planeatzen ari da, adibidez. Ezin hobeto pasatzen du planak egiten, nork ez. Baina behin helburua beteta, akabo irribarrea eta hasten da barrea. Dena kiskalita ikusten ari gareneko momentuaren zain nago. Sua! Orduan, barrea algara bihurtuko da: aspaldi konplizitatezkoa zen irribarrea algara kolektiboa da orain. Suaren dirdirak begiak argituta eta bihotza berotuta, beste lagun baten hitzei buelta emango diegu. Rafa Ruedak esaten zuen: «Bezperak nahi ditut, biharamunik ez». Egunotan, ordea, biharamunen beharrean gaude, alai egoteko, arrazoiak ezinbesteko droga dira. Eta hainbeste dira arrazoiak. Arrazoi horiek eraman gaitzatela ahotik irribarrea kenduko ez digun etengabeko aje erraldoi batera. Egindakoaz harro egoteko eta barrez lehertzeko egun amaigabeak behar dira orain. Kar-kar! Ahalik eta azkarren. Edo bihar, bestela, ajea pasata? Tira, San Juan bezpera badator, sua!