Isildu pixka batean
Abuztuak 14 dauzka hau idazteko eseri naizenean eta egun honi gutxi geratzen zaio desagertzeko. Izan diren eraso matxisten ondoren bertan behera geratu da Piraten egitaraua gaur. Gaur hau urrun samar geratuko zaizu, agian, abuztuaren 25eko irakurle horri.
Kontua da amorruak batzuetan ez duela bizilekurik aurkitzen eta harridurak analgesikoak hartzen dituela aspalditik. Zer egin behar den askotan zehaztu da, ikertu da eta azaldu da. Ez bereziki, ertzaindegietako panfleto tirita jartzaileetan, noski. Zer ez egin hainbestetan entzun dudanez gero, zer ez esan esateko gogoa jarri zait oraingoan.
Ez diezadala, mesedez, inork esan tragoa nire ukondotik zein distantziara utzi behar dudan inork droga ez nazan. Ez diezadala, mesedez, inork gutxi edatera gonbidatu, drogagarriagoa izango naizen beldurra hauspotuz. Ez diezadala, mesedez, inork esan komunera bakarrik ez joateko edo nire kokapena denbora errealean bidaltzeko nonbaitera noan bakoitzean. Mendira bakarrik noan bakoitzean. Ez diezadala, mesedez, inork gomendatu etxera itzultzerakoan taxia hartzea, portaleraino lagunduta iris nadin. Ez diezadala inork, mesedez, txakurra ilundu baino lehen ateratzea edo bakarrik ez ateratzea aholkatu. Ez diezadala inork gogorarazi kale askoren iluntasuna eta puntuen belztasuna. Ez diezadala inork nire arroparen deigarritasunak dakarren arriskua iradoki. Ez diezadala inork ezpain gorrien iruditeriak eragin ditzakeen interpretazioen inguruko klase magistralik eman. Ez diezadala inork esan takoiekin larriago ibiliko naizela inoiz inori ihes egin behar badiot. Ez diezadala inork gogorarazi etxera bakarrik itzultzen ari banaiz mototsa desegitea aholkagarria dela, ez hain bahigarria eta zaurgarria izateko, inork bortxaz nonbaitera eraman nahi banindu ere. Ez diezadala, mesedez, inork bakarrik ez bidaiatzeko esan. Ez diezadala inork beste neska batekin bakarrik ez bidaiatzeko esan –beste neska batekin bakarrik, ederra da paradoxa gero–. Ez diezadala inork esan gihartzeko, ezer gertatuz gero arerioa uxatzeko gutxieneko gaitasuna izan dezadan. Ez diezadala inork halakorik gomendatu edo eskatu, mesedez. Ezagutzen ditut arriskuak eta arriskuek ezagutzen naute ni.
Ez diezadala inork halako ezer aholkatu, bizitza osoa daramadalako aholku hauek sorbalden gainean eramaten. Hamarkada bat daramadalako aholku hauei tripak atera eta tripan bestelako mezuak sartu nahian. Ez dut halako aholku bakar bat ere behar. Ez kalean, ez etxean eta, are gutxiago, instituzioetatik. Ez naiz ni, ez gara gu, aholku horiek behar genituzkeenak eta arduradun izan gabe arduratsu jokatzera behartuta gaudenak. Ez gara gu.
Txiki-txikitatik irentsi ditut eta naute aholku hauek eta batek daki zenbat aukera, gau, arropa, proiektu, pertsona, leku eta arnasa galdu ditudan aholku hauek kontziente zein inkontzienteki betetzeagatik; badakit eta nahiago nuke ez baneki, ez nintzatekeelako hainbeste haserretuko neure buruarekin betetzen ditudanean. Betetzen ditudanean eta neure buruarekin haserretzen naizenean, beste lan bat izaten baitut, beldurrak ideologizatzen, deseraikitzen eta tripen aurkako jarrerak hartzen. Isil zaitezte, pixka batean, mesedez. Eta bide batez, ez diezadala inork gertatu zaidan halako zerbaiten garrantzia zalantzan jarri edo isiltasunaren praktikotasuna laudorioztatu. Mesedez.