LUMA BERRIEN AZTARNAK

Turrut

Ordaintzerakoan konturatu zen eskuetako arrastoak ongi garbitu gabe zituela. Nerbiosturik azaldu zen lagunekin zuen igande arratsaldeko zitara. Heriotza haren errudun zama soinetik kendu ezinik.

Apar zuriko katu-bibotea gelditu zitzaion bisaian. Mihiaz lizunki zurrupatu zuen. Horrelakoa zen Aneider: jostaria, erakargarria eta sexya. Mototsa borolbiltzen zuen hatzak dantzatuz, sexu-jokoa interesatzen zitzaionean.

Mahaiaren inguruan hiru lagun. Ezpain-muxuz agurtu zituen erlia, urlia eta sandia. Baina dudarik gabe, erlia zuen kuttunena, zakilik handiena eta lodiena zuena. Berari gehien gustatzen zitzaiona, Jabi.

Bere sexu-basatizaleen zerrendan top gailurrean zegoen. Konexio berezia zuten ohean eta hitz trukean. Erranean eta ixilean.

Errepidean geldigaitzak gara... Peio Reparazen abestiak girotu zuen garagardotegi irlandes itxurako egurrezko ostatua. Beriain zaindu sakana…

Gertatutakoa Jabitxuri aitortuko zion lehendabizi. Bazekien berak ulertuko zuela, eta apika, erranen ziola zer egin ere.

Mendiak bere aurpegian. Ezpainekin belarria ferekatzen hasi zen, hats epelaren kilimekin, nahigabeko edo nahitako mingain puntarien ekinez. Aitormenaren ondoren jasotzailearen soa izozturik geratu zen istant batean, begi niniek nabarmenki egin zuten aurrera eremu konpasdun perfektuan. Gizakia perfektua da jaiotzez; organoak, nerbio-sistema, azazkalak, begiak, fabrikazio betegina. Hortaz, zer demontregatik bihurtzen zen kamutsa zorrotz, zergatik hanka-sartzeak, erruduntasuna eta damua? Emeak garun perfektu bat erditu bai, baina sortutakoa ere akaba zezakeen istant batean. Maitekiro edo basaki.

Txalaparta erritmoan akabatu dut gaur, ttakun-ttakun ozen eta lizuna, hezea eta zaratatsua. Nik ez nuen horren goiz egin nahi. Nik ez nuen gura. Nik ez nuen gura. Nik ez nuen gura. Baina, nahi gabe ere, egin egin dut.

Gure laugarren txortaldi eguna zen, bere etxera joan ginen. Ni leopardo-larru itxurako kuleroz eta titi-zorro beltzez. Emeki-emeki biluzi ninduen. Nik kamiseta kendu nion eta berak galtzak kendu zituen, bere hankarte lodia sentitu nuen nire pubisaren kontra. Titiak ferekatzen zizkidan, eskuekin margotzen duen umearen gisan.

Eztiki-eztiki egin genuen txortan, epel, biluzik, laztanduz, musukatuz eta eskuetatik estu helduz. Zaldia eta zalduna. Lehendabizi bera azpian eta ni gainean, gero alderantziz. Gero, aulkiaren gainean egin genuen, bere altzoan eserita, begietara begira. 500 metro falta ziren helmugara iristeko, berak irabazi zuen. Ni bigarren postuan, hirugarrenean eta laugarrenean iritsi nintzen.

–Jeloskor jarriko naiz kuttuna –bota zuen lagun zakil-lodik.

Eta gaur goizean berriro, bere buztan tenteak ernatu nau, hara zer-nolako egunona, uztailaren seia maindire artean. Lau zangotan ibili gara belaunak urratzeraino.

Finitu dugunean edo nekatu garenean, ez dakit, komunera altxatu naiz arrastoak garbitzera. Eta, beztitzeko kuleroak hartzera makurtu naizenean izan da Stromboliko orroa. Bion arteko magiaren heriotza, ipurdi zuloko deiadarrak, lehendabiziko puzkerrak eragina. Eta gainera, ni neroni izan naiz xarmaren suntsitzailearen erruduna, edo hobeki erranda, ipurtzulo autonomo eta basatia.

–Usaintzen zuen? –erliak.

–Zer galdera klase duk hori, motel? Usaimena galdua nian parrandan pipatu nuen paketearen erruz.

–Kasik hobe, nire kuttun zaratatsu hori. Gizakiak ere eskubidea din ipurdiko zulotik nahi dutena aldarrikatzeko. Uste dinat harreman baten hasieran hagoela. Putz artean eraikitzen den horrek oinarri sendoa izan ohi din. Topa dagigun.

Hasi. Puzkerra. Hil.

Leire Martinez

Iruindarra. Komunikazioan graduatua eta Bergarako Idazle Eskolako partaidea. Irakurtzea beti da plazera, baina niretako umorea da gure haiztorik zorrotzena!