amagoia mujika
IRITZIA

Ezkutuak

Hamar bat urte izango nituen. Jolasgaraiko txirrinak jo eta berokia hartzera hurbildu nintzen. Nire beroki urdinaren poltsikoetan eskua sartu eta, hara. Poltsiko batean hamaiketakoa eta bestean, tolestutako papertxo bat. Irekitzen hasi orduko konturatu nintzen ez zela han, denon aurrean, zabaldu beharrekoa. Ez zitzaizkidan berehala pasa hurrengo orduak. Etxeko atarian eseri eta zabaldu nuen papera. «Maite zaitut». Pentagrama orrialde batean idatzia. Maitale ezkutu baten nire lehen oharra. Eta azkena. Oraindik ez dakit seguru nork sartu zidan poltsikoan. Hori gutxienekoa da. Zirrarak sortzen duen egonezin atsegin hori deskubritu nuen lehen aldiz. Gerora ikasi dut, neurriz kanpo, egonezin hori ez dela hain atsegina. Baina, neurrian dago koska. Eta askotan neurria ez du norberak jartzen, ezkutuan dagoen “maitaleak” baizik.

Egunotan sare sozialetan daude maitale ezkutuak. Eta berdin egon daitezke hurre edo urrun. Berdintsu da asmo onak edo txarrak dituzten, Interneteko erakusleihoan agertzen duten itxura da saltzen duena. Dena sartzen zaigu begietatik. Eta dena da oso azkarra. Zuk behar bat duzu eta sareak behar hori asetzeko aukera eskaintzen dizu, di-da. Berehalakotasunaren jendarte honen beste ertz bat da zalantzarik gabe, beste eskaintza bat.

Ez nuke esango dena txarra denik. Ezagutzen dut sarean sortu den bikoterik. Ezagutzen dut, era berean, sareak ematen dion askatasuna gozatzen duenik. Gaur hemen eta honekin, bihar han eta harekin. Baina egia da mundua etxeko ateraino sartzen zaigun egunotan denetarik sartzen zaigula; onenetik eta txarrenetik.

Internet bitartez hitzordu bat egin eta kotxea lapurtu eta bizirik lurperatu duten gizonaren kasua entzun dugu duela gutxi. Latza. Hala ere, Ertzaintzak ez du oharrik atera gizonezkoei kontuz ibiltzeko esanaz, edonorekin ez geratzeko aholkatuz. Zer pentsatu ematen du horrek.

Eta segidan iritsi zaizkit beste hainbat kasu, zein baino zein ilunagoa. Lo zegoen bitartean, bezperan sarean ezagututako gizonezkoak etxeko egongela guztia plastikoz estalia zuen, eta bizpahiru labana mahai gainean. Emakumea garaiz konturatu zen eta laguntza eskatu ahal izan zuen. Auskalo zein asmo zituen “maitale” ezkutuak. Zorionez, asmoan geratu zitzaizkion.

Erotzen hasiak ote gara. Akaso gure jendartea ez dago lehen baino eroagoa orain. Baina orain tresna berriak ditu eskura, onerako eta txarrerako, eta iruditzen zait tresna horiek maneiatzen ikasten dugula lana, benetako lana. Asaldatzeari utzi eta jar gaitezen serio, sare sozialak geratzeko etorri dira-eta.