GALDER PEREZ
IRITZIA

Ezinbesteko predikuak

Tarteka “ezinbesteko” gisa bataiatutako sormen-lanak izaten dira liburugintza, zinemagintza, musikagintza, antzerkigintza, dantza edota beste edozein kultur edo arte diziplinatan. Lan zehatz batzuk fenomeno bihurtuta, derrigorrezko bilakatzen dira, ditugu, dituzte... Ezinbestekotasunak horretara garamatza, hain zuzen ere, behar-beharrezkotasunera, derrigortasunera ia-ia. Nahi izanez gero zigor gisa uler daitezke nahitaezko patu horretara kondenatutako hartzaileak. Frantses eta ingeles adierek ezin hobeto azaltzen dute bataio honen zentzua, izan ere, frantsesez essentiel eta ingelesez essential. Zeri eta gure funtsari begiratzen diote, nor eta zer garen horri hain justu, esentziari. Arimari zuzen dei egiten diote, hau da, sakratu bihurtzen dira ezinbesteko zenbait lan. Eta, jakina, hauek ez gurtzea, zer da sakrilegioa ez bada, bekatua!

Ezinbesteko predikuei fidel diren horiek lau haizetara kontatzeko beharra dute gero. «Ni ere han izan nintzen» moduko esaldiak nabarmentzen dira sareetako argazkiekin batera, hemen beste batean esan genuen bezala. Edota, bestela, orain hain bogan dagoen liburuen azalak partekatze hori, irudi hutsak jartze hori, inongo azterketa edo iruzkinetan sartu gabe. Ez dago kritikarik, ez dago kultur lanen gaineko azterketarik. Antza denez, ospatzeak eta iragartzeak axola du soilik, obra bakoitzaren sakonean dagoena sakonean utzita eta azalkeriatan galduta.

Ezinbesteko fenomeno hauen arriskurik handiena esklusibotasunean ere egon liteke, bakarrak bihurtzen baitira ikusi, entzun edota irakurtzeko lan hauek. Beste guztiak ezkutatzen eta isilarazten dituzte ezinbesteko lan sakratuek. Hartzaileak ezinbesteko den hori jasota, bapo dauka. Herria harro dago kuota bete duelako, eta dotore gainera, beste guztiek bezala, mezan amen egin baitute eta denek elkarrekin komulgatu baitute. Hori bai, baten bat, gainera, komulgatu ostean korrokada bota duenez gero, are harroago sentitzen da. Baina predikuari gorazarre egin dio, jakina, korrokada lagun arteko txantxa baita, intimoa. Igandean mezatara joanda, asteko beste egun guztietan zertarako otoitz egin, ezta? Jasota dugu dagoeneko artearen bedeinkazioa, ezinbesteko obra hori irentsita.

Beharbada ezinbesteko izendatzen diren lan horiekin kontu handiagoa izan behar genuke. Edota izendapenekin, eta hauen onarpenarekin, eszeptikoagoak izan. Ezinbestekorik ez dagoela jakitun, erreferentziak behar dira, bai, besterik ez genuen behar. Eta zenbat eta erreferente gehiago, orduan eta hobeto. Baina ezinbestekoa bakarra denez gero, beste erreferentzia horiek guztiak isiltzen ditu, giltzapean uzten ditu, hartzaileak erabat hipnotizatzen ditu.

Kultur edo arte adierazpenari buruz aritu beharrean, politikara estrapolatuko bagenu egoera hau, zer litzateke ezinbestekoa, totalitarioa? Ez al dira sorkuntza lanak, beste guztia bezala, politikoak? Edo bestela begiratuta, lan bakar batek ez al ditu beste liburu guztiak orri zuri soiletan uzten, ezinbesteko diskoak beste guztiak mutu eta derrigorrezko ikuskizunak beste oholtza guztiak hutsik? Ezinbestekoenak, zalantzak eta galderak.