amagoia mujika
IRITZIA

Destokiak eta magala

Bokatak paperean bildu, poltsa koadroduna berriz errepasatu, lotarako pilulatxoa poltsiko txiki horretan sartu, gauerako galtzerdi lodixeagoak hartu. Lehen etapa, autoz, betiko gasolindegiraino. Lehenago ez zuten inoiz pentsatu gasolindegi batean kasik etxean bezala sentituko zirenik. Beti gelditzen dira gasolindegi eta zerbitzu-gune beretan eta ezagun bihurtu zaizkie. Dispertsioa den alanbre horretan segurtasun puntu balira bezala. «Honaino, behintzat, iritsi gara. Segi dezagun bidean».

Mokadutxoa egin, komunetik pasa, lotarako zerbait erosoa jantzi, haurrei pijama jantzi. Autobusa etxe bihurtzen zaie egun pare batean. Etxeko pijamak, etxeko mantak, urruna samurtzen laguntzen dute, destokiaren hotza epeltzen.

Poltsiko txikian gordetako lotarako pilulak askotan ez du lortzen gorputza errenditzea. Lo bezala joaten dira, baina esnaegi. Gutxienez, etzanda. Horixe du ona autobusak. Helduaren loezina samurragoa da umearen loari begira dagoenean. «Txiki horiek behintzat ondo doaz».

Halako batean iristen da gosarirako geldialdia. Errepide bazter bateko komun batean janzten dute beren aurpegirik onena. Etxean mimoz plantxatutako eta maletan nahiko txukun iraun duen alkandora, errimela, ezpainetakoa, lurrina. Gosaria da gutxienekoa. Eta gaua luzea eta deserosoa izan den arren, aurpegietan ez da horren arrastorik sumatzen. Gaur ere esango die, «zer zoazte, ezkontza batera edo?».

Sevilla, Puerto, Algeciras. 1.100 kilometro joanean eta beste 1.100 kilometro bueltan. Ostiral arratsaldean abiatu eta igande goizean bueltatu. Bi gau bisita baterako, 40 minutukoa eta kristalarekin edo luzexeagoa eta besarkadarekin.

Autobuseko eserlekuek zahartzen ikusi dituzten gorputzak dira eta eskerrak autobusari. Kartzelako ateraino bertaraino iristen dira, familian bezala sentitzen dira bi egunez hor barruan, babestuta.

Egoera gogorretan badira destokia etxe bihurtzen dutenak; maite duzun semeak erabat betetzen eta edertzen du biseko gelaxka ziztrina eta autobusa magala bezala da dispertsioaren txarrantxan.

Eta orain Olentzerori ez diote eskatzen urrun daudenak etxera ekartzeko, badakite hori beste ate batean eskatu behar dela. Olentzerori eskatzen diote bisitan joan behar dutenei kargu hartzeko eta autobusez joateko deia egiteko. Urtean behin edo bitan joan behar duenarentzat modu erosoagoak edo azkarragoak egon daitezke, baina astebururo joan behar duenarentzat autobusa ezinbestekoa da, dispertsioaren bide zail horretan aukerarik samurrena. Eta autobusa ez bada betetzen, defizitarioa da eta ezin du abiatu. Eta berez gogorra den bidea malkarragoa bihurtzen zaie.