Beldurra
Gure sentipenetan sei omen dira primarioak: Poza, ezustea, amorrua, tristura, nazka eta beldurra. Eta pentsa zer abilidade duten trifatxito espainolekoek, hitz egiten duten aldi oro seitik gutxienez bost pizten zaizkidalako, eta ez beti berak. Baina konturatuta nago sentipen eztanda mikatz hori itzaltzen denean, beldurra dela hondarrean geratzen zaidana. Beldurra ematen didate batez ere. Abascalen bizar geometriko zorrotza, Alvarez Toledoren lepo tentea, Arrimadasen aurpegi eztiaren bortitza, Casadoren oilartzeko modu sasielegante mingarri hori... Gorputzeko atal bakoitzean sumatzen diedan herrak beldurtzen nau.
Pentsatzekoa da keinu bakoitza eta hitz bakoitza neurtzen dutela. Modu kolektiboan haserretzen direnean ere aurretik antolatuta daudela. Alegia, ez direla bat-batean ari, ez dela bat-batean sabeletik gora pizten zaien amorrua ahotik jaurtitzen dutena. Pentsatzekoa da hori dela saldu nahi duten irudia; apokalipsiari eutsi ezin dionaren ezina. Eta horrek beldurtzen nau hain justu.
Politikak ardura bereziko egitekoa izan beharko luke eta trifatxitokoak pospoloak eskuan hartu eta suteak pizten ari direla iruditzen zait. Suteak kalean, herritarren artean. Pizten duten patriotismoak ez dauka bizikidetasunarekin batere loturarik. Barrabiletatik sortzen zaie, espainol izatearen harrotasuna haizatzen dute, hizkuntza eta identitate aniztasuna kalteko ikusten dute, sexualitatea ulertzeko oso modu estua dute, immigrazioa zapaldu beharreko etsai bihurtu dute eta ezjakintasuna bertute. Egiatan, sekulako nagia ematen didate. Errazena eta akaso osasuntsuena litzateke belarritik belarrira zuloa zabaldu eta hitz egiten dutenean estrategia zahar hori erabiltzea; batetik sartu eta bestetik atera.
Baina beldurra ematen didana da bere espainoltasuna hain modu primarioan eta hain erraietatik bizi duen herritar horrek nola jasotzen duen trifatxitoaren mezua, zer su klase pizten zaion barruan bere etxeko sofatik begira dagoenean. Amorrua ereiten duzunean, zer jasotzen duzu?
Madrilgo Kongresuan eman daitezkeen eztabaidek ez naute beldurtzen. Finean, politika iritzi eta ikuspuntu desberdinen talkatik eta josturetatik egiten da. Baina talka horrek kalean izan dezakeen oihartzunak kezkatzen nau. Xaxatzen ari diren piztia zauritu horrek zer joera egingo duen parkean, lantokian, supermerkatuan, auzoko tabernan, okindegian.
Mingarria ez balitz barregarria litzateke ahotik bitsa darien eskuineko politikari horiek «elkarbizitza» hitza aipatzeko atrebentzia bera izatea. Modu sanoan begiratzeko gai balira, asko ikasiko lukete euskal jendarteaz.