GALDER PEREZ
IRITZIA

Argazkiak eta zifrak

Aurreko astean JM udako argazkiei begira zegoela, kontuak egin zituen. Zenbakiek bere alde egin zuten. Egindako lanordu estrei esker opor egun bat zor zion lantegiak. Aste honetan izan du zorioneko egun hori. Beste langileak lanean ari direla egun librea edukitzea, berezia izateaz gain, ospatzeko modukoa iruditu zaio JMri. Ezohiko gauzak egitea otu zaio. Ezohiko tabernan gosaldu, ezohiko egunkaria irakurri eta abar ezohiko bat..

Gehiegizko dekorazioa duen kafetegian sartu da. Sekula ez litzateke bertara sartuko, baina sofak erosoa dirudi kafea, pintxoa eta ezohiko periodikoa irakurtzeko. JM ausart sentitzen da, kafetegi ezezagunera sartuko delako eta horren itxura ona ez duen patata-tortilla pintxoa eskatu duelako, abentura latza. Sofa berdean eseri eta egunkariko lehen orrietan Siriako ume baten argazkia ikusi du. Hiruzpalau urteko umea kristalak hautsita dituen auto baten barruan negarrez ari da, kamerari begira. Eskuetan oraindik plastikoan bilduta dagoen oparia dauka, kotxe gorria, beharbada gurasoek oparituta. JMk argazkia izugarri ona dela pentsatu eta patata tortillari gustua hartzen hasi zaio. Ez dago uste bezain txarra. Kafea eta tortillarekin zikindu ditu pasatu dituen egunkariko hurrengo orriak. Ume ginenean bezalako albisteak oraindik ere, pentsatu du kafe beroa dastatu bitartean. Izan ere, ume garaia gogora etorri zaio JMri, zer eta Afrikako goseteaz jarduten den albistea irakurri duelako. Afrikako hegoaldean 45 milioi pertsona gosetean edo horren mehatxupean bizi direla jartzen du.

Afrikaren gainean irakurtzen dagoen momentu horretan beste pentsamendu bat gurutzatu zaio. Zenbat aurreiritzi dugun, pentsatu du. Taberna hau bere moduko jendearentzat ez dela uste izan du beti sartu arte eta, hara, zein gustura egon den kafe goxoa hartzen eta, itxurak kontrakoa bazioen ere, errepikatzeko moduko patata tortilla jaten. Dastatu beharko ditu sala de juegosetako tortillak eguerdian. Bilboko tortillarik onenak omen dira leku hauetakoak. Han ere, nola ez, entzungor egin beharko luke JMk, makinetako zaraten ondorioz zuloan erortzen diren guztien berri ez izateko. Ez da bere ohiko kontua besteen kantu tristea.

Berdin da iturria zein den. Izan egunkaria, irratia, telebista edota gure inguru erreala, auzokideak, ez du axola. Oso erraz ohitzen gara axolagabekeriara. Ezohiko baino, ohiko bihurtzen zaizkigu argazkiak eta zifrak. Zein erraz moldatzen garen irudi bortitz eta zifra negargarrietara. Norainokoa da gure ez ikusteko gaitasuna eta zenbateraino garen kapaz ezohikoa ohiko bihurtzeko. Agian benetako jipoiak banatu beharko lirateke gure gertuko inguruaren eta munduaren berri emateko, ukitu eta sentitzen direnak.

JMk ezohiko egun librea topera aprobetxatu nahi du. Jarraitu du eguna ezohiko tokietan ezohiko gauzak egiten. Marianitoa eskatu du ezohiko lekuan eta selfia egin du. Jarraian bere argazkiak zenbat zifra ematen dituen begiratzera sartu da aplikazioan, zenbat datsegit... Horrek bai pizten duela edonoren bihotza.