Bideari bultzaka
Kaleek kale itxura pixka bat hartu dute azken asteetan eta deseskalatzea ikusi eta usaindu egin liteke, ahaztuta neuzkan mugaz gaindiko perfume usain sarkorrak, airea zeharkatzen duten txibia egin berrien lurrina eta denda atarietako agur ozenak baina itzuli dira eta guk bost zentzumen dauzkagu berriz. Bizitzak bizimodu itxura du eta eguneroko ogia, ez du norberak egiten baina norberak egosten du.
Ez dut uste krisi honek askoz sentiberagoak edo askoz geurekoiagoak egin gaituenik, bakoitzaren zuloetatik apur bat lur gehiago aterako zuen eta bakoitzaren gailurretan lur gehigarri hori gehitu, gehienera. Ez da beranduegi ikasitakoaz edo ikas genezakeenaz pentsatzeko eta garun puzzlea berregituratzeko, paisaia berrien bila. Dena den, beranduegi ez izanagatik, batzuetan denbora eta baliabideak falta dira horretarako.
Gehien errepikatu diren hitzen bila ibili naiz: alarma egoera, deseskalatzea, faseak, ziurgabetasuna, musukoak, segurtasun tartea, algoritmoak… Norberaren bizitzaren kronograman idatzita geratuko dira hitz hauetariko asko, hitzek ohikoa duten pisua baino pisu handiagoz. Norberak bere beheranzko eta goranzko eskalatzeko gaitasuna neurtzeko hilabete egokiak izan dira hauek; hankek eta besoek dardara noiz eta norantz egiten diguten ikasteko asteak. Batzuek arnasa falta sumatu duten garai berean sentitu dute beste batzuek arnes falta, ala biak batera. Batzuen bertigoa behera begiratzean esnatu da eta besteena gorantz begiratzen hastean. Batzuk lanera itzultzeko irrikan egon dira eta beste batzuk lanean jarraitzera behartu dituzte. Batzuek lan besterik ez dute egin, noizbait norbaitzuei murrizketak egitea otu zitzaielako. Batzuek lanera itzuli nahi dute baina lanik ez dago eta lanean ari ziren, aritu diren eta dabiltzan asko, lanean ari dira baina ez dira inon agertzen eta leku guztietan desagertzen dira –beren bizitzetatik batez ere-; batzuentzat krisiak abizena baino ez du aldatu. Beste batzuek lanean galdu zuten bizia eta krisian galdu dute lehentasun titulua.
Uste dut erraietan letra larriz idatzita geratuko zaigun hitzetariko bat, ziurgabetasuna dela. Hau irakurtzen ari zaretenetariko gutxik sentituko zenuten, garaiotan adina ziurgabetasun eta paralisi. Gutxi gehiago, egunkaria erosteko besteko –kakotx askoren arteko– patxadarekin bizi garenok, jakin izan dugu geure ondorengo asteen itxura aurreikusten, zortedunak izan gara bezain gara. Aldi batez, hilabete batzuetan eta oraindik, ezinezkoa egin zaigu datorren astean, hilabetean edo udan zer eta nola egin ahal izango dugun asmatzea eta antolatzea eta lana alferrikako lan izateko beldurrez egin behar izan dugu lan sekula baino gehiagotan. Sekula baino gehiagotan heldu behar izan diogu geure buruari eta geratzeko esan, ez aurreratzeko, indarra ekonomizatzeko eta ez neurriz kanpo zoratzeko. Agian hori bera ikasi nahi nuke nik honetatik guztitik. Orain eta hemen bizitzen. Agian aukeratu genezakeen bakarra hori baita, norantz eta norekin. Nondik eta noiz bideak eta denborak esango du eta guk, bidea eta garaia bultzako dugu, nahi dugunerantz eta nahi ditugun eta gaituztenekin.