Alaia Martin
IRITZIA

Urria

Ez dakit osasuna zer den baina uste dut, gutxi gorabehera, norbere buruarekin ados egotea dela. Norberaren gorputza eta burua, hautuak eta pausuak, ideiak eta jarrerak antzekoak izatea. Gaixotasunik eza bakarrik ez, poz pilatu, bake arrasto eta ernetasun dositxo bat behar da osasuntsu egotekotan. Egia esan ez dakit intuizioaz eta hipokondriaz haragoko asko osasunaz, ez dakit zerk mantentzen gaituen osasuntsu, baina zerk gaixotzen gaituen, edo gaixotzea zerk errazten duen, argiago ikusi edo sentitu izan dut.

Osasuntsu egoten laguntzen digu pozak, argiak eta arnasak eta gaixotzeko gonbidapenak izaten dira sufrimendu bihurtutako tristurak, itzalaldiak eta arnas estuak. Uste dut atzokoak eta biharkoak gaixotzen gaituela gehien, horrek ahultzen gaituela, alegia.

Hitz egiteak sendatzen gaitu, elkartzeak, artearen kontsumoak, begiradek, gozatutako janak eta edanak, itsaso usainak eta oinpean belarra sentitzeak. Gaixotu egiten gaitu geure buruarekin bakarrik hitz egiteak, geure burua bakarrik entzuteak, biharko kea irudikatzeak eta atzoko lokatzetan sartzeak.

Pandemia garaiotan ere, beste konfinamendu baten aukera dakarten iraganeko mamuak eta etorkizuneko ziurgabetasun antolaezinaren amildegia jarri zaizkigu begietan parez pare. Lehengo mamuak eta biharko amildegiak, elkarri begira. Irakurtzen duzun egunkariaren eta egunkaria irakurtzen duzun orduaren arabera baikortasunetik ezkortasunera arteko kilometro guztiak zeharka zenitzake, pausu objektiboz.

Nork daki, beharbada gaitz honek orainean bizitzen irakatsiko digu, atzo beldurrez eta biharko hitzorduez pentsatzeko eskubidea lapurtuko digu eta galduko dugun guztiaren gainean eseriko da uneari begiratzeko era berri bat. Era askeago bat, malguago bat, gizatasun handiagoko bat, motelago bat, tokian-tokikoago bat.

Ezkorra izateko eskubidea, eskubide baino pribilegioagoa den garaiotan, ez zait egoera ulertzeko beste modurik bururatzen. Orain eta hemen behar ditugunei garrantzia emateko garaia da, agian horrela ikusiko dugu argien zer den benetan bihar eta edonon beharko duguna.

Oroz gainetik, batez ere eta premiaz, zaintza erdigunean jartzea behar dugu. Haurrez, adinekoez eta gaixoez –eta ez haiekin– hainbeste hitz egiten ari garen garaiotan ez gara salbuespen egoeragatik ari, alarmak orain piztu zaizkigu, baina haiei guztiei buruz ari bagara eta zaintza zuloak ikusten hasi bagara, oinarriaren oinarrian daudelako da, eta ez dutelako oinarrizko baliabiderik eskaintzen oinarrizkoena bermatzeko. Pandemiak urte erdi bete ondoren ere ez da egoeraren neurriko erantzunik eman, kezka-iturri izaten jarraitzen dute martxoan kezka-iturri ziren aferek eta hori ez da despiste bat, ez da puzzle bukatu gabe bat, erabakiak daude horren atzean, ez besterik. Hartu gabeko erabakiak, zehazkiago. Ikastetxeei begira ari naiz, adibidez.

Ospitaleetan egoerari izua baldin bazaio, ezin iritsiagatik zaio batez ere, eta ezin iritsia esku gehiagok bihurtzen dute irisgarri, eta eskuak ez dira alegiaz, urtaroko uztaren arabera sortzen, ordaindu egiten dira, kontratatu egiten dira edo ez dira egiten. Ez da etorkizunera doazen trenentzat zuloak zabaltzeko garaia, oraingo lurrean dauzkagun zuloak bete eta zerbait berria landatzeko aroa da. Bestela, aurten, iraila urria izango da. Eta azaroa eta abendua…