Antzinako berrikuntzak
Garaikidetzat hartzen den egungo sukaldaritzan ohiko bilakatu da hainbat plateretan errezeta hau gehitzea, etengabe exotikotasuna bilatzeak bultzatuta, akaso. Jakina dena da kimchia sortaldeko antzinako errezeta dela eta oinarri aski ezaguna duela gurean ere; aza, aza asiarra.
Kimchia jaki edo osagarri exotikoa da gaur egun, errezeta askotan ezaguna dena eta tradizio handia duena. Korean, gurean ogia edota Japonian arroza bezala kontsumitzen da; otordu guztietan jaten dute egunero produktu hori. Bitxikeria gisa, korearrek argazki bat ateratzerakoan «kimchi» esaten dute, «pa-ta-ta» esan beharrean. Ez kezkatu, «azaaaa» esateko garaiz gabiltza oraindik.
Kimchia Koreako plater oso-oso tipikoa da. Koreako mahaietan beti egoten den hartzitutako jakia da, zapore gazi eta minak nahasten dituena. “Aza txinatar hartzitua” esaten diote, eta beste barazki batzuekin eta beste osagai batzuekin batera egiten da.
Baina non du jatorria? Kimchia Korean sortu zen, eta, munduko gastronomiako beste hainbat errezeta bezala, bizirauteko sortu zen.
Kimchia egiteko erabiltzen den teknika hartzidura da. Korean muturreko baldintza meteorologikoetan bizi ziren (arrazoi nagusia tenperatura baxuak ziren) eta horrek ezinezko egiten zuen uztako barazkiak negu osoan egoera onean mantentzea; hori dela eta, kontserbazio sistema hau sortu zen. Hartzidura-poto erraldoietan gordetzen zuten. Gaur egun, korearrek hozkailu bereziak dituzte etxean kimchi-a kontserbatzeko, hartzidurak usain handia jariatzen baitu, eta normalean kimchia ez dute beste elikagai batzuekin nahasten.
Kimchia oso famatua da, ez soilik atzean duen historia eta jatorriagatik, dituen propietateengatik ere aski ezaguna da. Bere bertsio tradizionalenak gatzarekin deshidratatutako aza txinatarra du oinarri. Berau crudité (barazki gordin sorta) batzuekin laguntzen da, baratxuri, jengibre eta arrain saltsarekin ondu, eta Koreako chili malutak gaineratzen zaizkio.
Kimchiak daramatzan osagaiak ikusirik, zapore indartsu eta azidoa duela ondoriozta daiteke. Normalean Korean pikantea jaten duten arren, kimchi barietate arinagoak ere badaude, hain «beroak» ez direnak. Nolanahi ere, kimchirik kontsumituena Txinako azarekin egiten dena da, baechu kimchi delakoa.
Gaur egun janari osagarri gisa edo osagai modura ere erabiltzen da. Esaterako, kimchi jjigae (gisatua), kimchi kuk (zopa), kimchi bukum bab (arroz frijitua) eta kimchi bikimkutsu (fideoak) errezetetan. Ausartzen al zara probatzera?