GALDER PEREZ
IRITZIA

Bat eta ez gehiago

Bihar San Tomas ospatu beharko litzateke. Parrandarik ezean, egutegi sainduak kontrakoa badio ere, santurik ez da gurean. Neguari ongi etorria emateko festa hau itzela izan da guretzat beti. Umetan, klasekideekin batera, ilara luzean elkarri eskutik helduta baserritarren postuen artetik begiak zabal-zabalik ibitzen ginen. Kalekumeak izanik, oilarren kukurrukuen beldur ginen. Egia esan, orain pairatzen dugun lumarik gabeko oilarkrazia okerragoa da eta ikara gainditu ezinik jarraitzen dugu. Ausardiaz betetako nerabezaroan ezkutuan ibili behar genuen, nagusien gauzak egin guran, neguko hotzari gure gorputz gazteek jariatutako hormonei esker aurre egiten. Urteak pasata, bakanal sozial honetan onartuta, santuaren omenez estasiari entregatu izan diogu urtero arima eta gorputza. Itzela iruditu izan zait beti parranda egun hau. San Fermin bezpera ala Mari Jaiaren ongietorri egunekoaren pareko. Hortaz, bihar, parrandarik egingo ez dugunez, ez da San Tomas egunik izango.

Faltan botako dut festa, bai, baina bereziki lagunak botako ditut faltan, eta beharbada hain lagun ez izan arren parrandako kolegak ere bai, zergatik ez. Halako orgia sozial batean, denok elkarrekin txiza putzu eta sagardo artean nabigatzen genuen, asmatzen genituen kristalezko edo plastikoko barkuetan igeri egiteko abentura bat eta bakarra. Ez dakit santuagatik ote zen, urtea bukatzen ari zelako, Gabonetako oporrak zetozelako, edo auskalo zergatik, baina kristoren adiskidetasuna sentitzen zen egun horretako parrandan beti, dena baimenduta zegoela zirudien. Erokeriarik handi eta ederrenak egin izan ditugu egun eta ondorengo gau horretan, giza batasun zoriontsu eta errepikaezin batean hipnotizatuta. Baina bihar ez da horrela izango, egoerak baldintzatuta. Gainera, eta okerrena, ezingo litzatekeela izan, guztiz kontrakoa sentitzen baitut oso denbora gutxian eraldatu den, dugun, egoera soziala. Ez festa faltagatik, harreman sozialen zailtasunagatik baizik. Martxotik hona gertatutako guztiak gutako asko nola banatu gaituen ikusteak izugarri ikaratzen nau. Neguari modu gogoangarri horretan elkarrekin ongi etorria eman genion asko antipodetan kokatzen joan gara. Gripe bat zela hasieran, maskaren kontua gehiegikeria ala beharrezkoa zen, agintariek hartutako neurrien beharraren gaineko eztabaidak, zenbakien inguruko interpretazio faltsuak eta, orain, txertoa, bai ala ez. Eta aldentzen goaz, bi alde bakarretara, soilik bai, soilik ez, izan ala ez izan. Elkarrengandik gertuago egon beharrean, nor bere asmoetan irmo, ideia bakar bati eusten ariko bagina bezala, beldur erraldoi bati eusten diogu, bakoitzak bere aldetik, “una y no más”, bat eta ez gehiago, bat eta bakarra, asmo bakarren atzean gotortzen ari garela dirudi. Izotz erraldoi batek bezala banatu eta aldentzen gaitu pandemiak.

Hotza pandemiarekin sartu zitzaigun etxean. Egoeraren errealitateak sekulako zailtasunak ditu liberazioa sentitu eta gauzatzeko. Baina, batez ere, zailago egiten zaigu parranda horretarako batzen ginen horiek denak berriz elkartzea, berotasunez eta elkarri kutsatutako ausardiaz, neguari eta hotzari aurre egiteko prestatu, nola eta barrez, dantzan, errurik gabe eta erruz edanez, errez eta egin beharreko guztiak eginez. Orain, ez gaude, ezin garelako egon, baina ahal izango bagenu ere, beharbada uko egingo genioke. Negu luzea zabaldu da gure artean, banatzen gaituen negua. Urtea bukatzen da eta hedatzen doa sentsazioa, elkarren arteko distantzia, urruntasuna, puskatutako bihotzen izotza. Itsaso hotz honetan, aurkituko ote dugu aspaldi uretara bota genuen sagardo botila hura, eta izango ote du behar dugun mezua?