Euskal Herriko mahasti ezkutuena
Errioxako ardo judu batek milaka urte dituen herri baten ondarea gogorarazten digu. Juduak baziren gurean, eta badira oraindik ere. Begiratu besterik ez ez dugu.
Mahasti bat Erriberan, Los Arcos herritik gertu. Hemen ez da jasotzen lurrera erortzen den mahatsik, ez eta aurreneko mahatsondoena ere. Errabino batek egiaztatzen du hori, bai eta inolako tratamendu edo ureztatzerik ez dela egon. Deus ere ez. Nafarroa hegoaldeko muturrean, Moisesek eta Noek dastatu zuten ardo bera ekoizten du Miguel Fernandez de Arcayak. Bizar oparoa duen 49 urteko nafar honek halakoxea du hitz-jarioa ere: dena azaltzeko denborarik ez balego bezala hitz egiten du; seguru asko halaxe da. «Nahi duzuena galdetu!», errepikatzen du maiz, bere diskurtsoa moztuz. Guk jarraitzeko erregutzen diogu.
Arcaya kashrut-ean aditua da; kontsumitzeko «zuzena» edo «egokia» dena esan nahi du hebreeraz, eta juduen aburuz. Jainkoaren agindua betetzen duenari casher edo kosher deitzen zaio. «Galdetu nahi duzuena!», berriz. Baina oraindik bururatu ez zaizkigun galdera ugari daude. Esaterako: mahatsaren kalitatea aurreko urtekoa baino eskasagoa baldin bada, ezin da kosher ardoa ekoitzi. Arcayak dio hala gertatu zela duela bi urte. «Biodinamiko» kontzeptua ere maneiatzen du gizonak. «Zergatik pozoitu mahatsa produktu kimikoekin, onddoak saihesteko? Ez al da hobea buztin lehorra erabiltzea hezetasuna ekiditeko?». Logikoagoa da, bai eta hiruzpalau aldiz garestiagoa ere. «Produkzio kostuez ari gara, ez merkatukoez», azpimarratu du Arcayak. Lehorreko mahastia da berea; ezin da ureztatu; beraz, dena motelago doa. Gainera, juduen Pazkoa, Urte Berria eta ospakizun nagusi gehienak mahats-bilketa garaian kateatzen dira eta, jakina, debekatuta dago egun horietan lan egitea. Dagoeneko argi dugu ez dela etekin ekonomiko hutsa nafar honen motibazioa.
«Kosher ardoa zergatik egiten dudan? Bada, egiten dakidalako, eta ekoizteko era honek kalitate handiko produkzioa bermatzen didalako». Judua den ere galdetu diogu ardogileari, baina horixe izan da, hain justu, erantzunik gabe gelditu den galdera bakarra.
Bodegara bidean, Los Arcosen sartu baino lehen, Miguelek olibondo zelai batean gelditzea proposatu digu. «Honek ez du zerikusirik nirekin, ez eta egiten dudanarekin ere», errepikatu du autotik ateratzean. Baina zerikusi guztia du. «Hor ikusten dituzuen zuhaitz horiek sustrai bera partitzen dute. Denboraren poderioz, zuhaitza hautsi eta kanporantz hazi zen biki bakoitza», azaldu du, bikote bati erreparatuz, eta gero beste bati. «Erretratu bat nahi duzue olibondoen katedralean?», bota digu, hirukote bat topatzean.
«Baliteke 500 urte izatea honek. Agian Nafarroako Erresuman landatu zen», esan du Miguelek. Historia lezio baterantz bidea ireki berri du, baina denak bere ardora eramango gaitu.
Saskiratzeko prest dagoen kosher mahatsa. Judua ez den inork ukitu ezin duen mahatsa da argazkikoa, kosher izateari utziko bailioke bestela.
Bat-batean desagertzea. Juduen presentzia erromatarren garaian dokumentatu zen lehen aldiz Iberiar penintsulan. Bisigodoak bertaratu zirenerako, gutxiengo zehatz bat osatzen zuten, baina iparraldetik iritsi berriek gogor zapaldu zituzten. Beren bizi baldintzak biziki hobetu ziren musulmanen etorriarekin: orduan finkatu ziren Tuterakoa bezalako asentamendu oparoak. Errabinoa, idazlea eta bidaiaria zen Tuterako Benjaminek Mediterraneoaren ertzeko judutegietara bidaia egin zuen XII. mendean; Basoraraino (Irak hegoaldea) iritsi zen nafarra. Askorentzat pertsonaia ezezaguna izan arren, Tuterako seme ospetsuena dugu Benjamin eta, zalantzarik gabe, euskal herritar unibertsaletako bat. XII-XIII. mendeetan bizi izan zuten Nafarroako juduek garai arrakastatsuena; XIV-XIV. mendeetan beheraldia etorri zen, juduen aurkako erasoak eta hilketak bortizki kateatzen zirelarik. Errekonkistak ekarri zuen komunitatearen erabateko gainbehera: 1492ko aginduaren eraginez, Gaztelatik kanporatutako judu askok jo zuten Iruñeko, Lizarrako eta Tuterako judutegietara. Nafarroako erregeak, alabaina, 1498an kanporatu zituen hebrearrak, errege katolikoen presio handiagatik. Tuterarrak ziren Josef Orabuena eta Ben Xaprut mediku ezagunen arrastoa galdu genuen orduan, bai eta Hegoaldeko gainerako judu guztiena ere.
«Bat-batean desagertu zirela pentsa liteke», diosku Mikel Ramosek. Arkeologo nafar honek bi hamarkada eman ditu eskualdeko juduen arrasto bila, eta bi aukera planteatzen ditu: konbertitzera behartu zituzten edo berriz migratu zuten. Ramosek zera gogorarazi digu, Donejakue bidea egonkortzeak judutegi ugari sortzea erraztu zuela. «Lizarra, Gares, Elo, Zangoza eta Iruñekoak Pirinioen beste aldetik etorritako juduek eratutako judutegiak dira; Erriberakoak, ordea, tradizio musulmanean finkatu ziren», bereizi du adituak. Indusketa ugari bideratu dira; horietan, bai Ramosen taldeak, baita Jose Miguel Legardarenak ere (beste arkeologo bat), hamaika auzo eta nekropoliren harresi, taulatxo, ontzi eta urregintza lagin aurkitu dituzte. Ondare unibertsalaren lekuko ezberdinak dira; tartean, uki daitekeena dago, baina ez hori bakarrik. Oraindik olibondoen basoan gaudela, Arcayak menestra plater arrunta ere ondare judua dela esan digu, baita «gurean hain errotuta egon den maiorazkoaren tradizioa» ere. Eta gehiago ere badu.
«Ba al zenekiten hainbat herritan juduen izenak idazten zirela hebrear oihal erritualean? Haietako asko elizetan gorde ziren XVII. mendera arte. Judu kristautuek abizen kristauak hartu arren, beren jatorria jasota zegoen. Horrela, kristau zaharren eta berrien arteko liskarrak piztekotan, oihal horiek erakusten ziren maiz. Hortik omen dator ‘tirar de la manta’ gaztelaniazko esamoldea».
Miguel Fernandez de Arcaya, bere lantokian; alde batetik bestera ibili ohi da prozesu osoa ikuskatzen.
Ardo ikusezina. Ez, Miguelen bodegak ez du mahatsaren kolore bereko titaniozko fatxadarik, ez eta abangoardiako arkitekturaren bestelako elementurik ere. Baina ez zaizkio berezko ezaugarriak falta: autoa aparkatu bezain pronto hamaika txori entzun ditugu txioka, bakar bat ikusi ez badugu ere.
«Grabaketak dira, txori handiek txikienak jaten dituztenekoak», argitu digu Miguelek. Hementxe azalpena: «Zergatik pozoitu hegaztiak, sistema sinple honekin uxatu ahal baditugu?». Txorien amesgaiztoak berpiztea krudela da, ados, baina are krudelagoa, produktu kimikoekin akabatzea». Arcayak bodega bisitatzera gonbidatu gaitu jarraian. Dioenez, gune zaharra bere familiak erosi zuen 1846ko desamortizazio batean. Edonola ere, XII. mendeko hainbat dokumentuk bertan bodega bat zegoela frogatzen dute. «Paretak, teilatuak… dena berritu da urteak igaro diren heinean, baina esentzia betikoa da: ardoa egitea».
Upelen ilara luzeei erreparatu diegu, baina berehala jakingo dugu dekoratzeko besterik ez daudela: edozein substantzia arrotzen transmisioa ekiditearren, kosher ardoaren hartzidura erabat aseptikoak diren altzairuzko upeletan gauzatzen da. Makina bat daude Miguelen bodegan, baina ezin ditugu ikusi kosher gunekoak, juduak ez garenok sartzea debekatuta baitugu. Jarrai dezagun.
«Ardoari ez zaio legamia, nutriente edo zapore bereziren bat emango dion zerbait gehitzen: mahatsak dakarrena baino ez darama. Kanpotik hoztu daiteke, baina ezin zaio, inondik ere, ardoari begiratu, ezta errabino batek ere».
Antza, kosher ardoaren garapena une berean betetako depositu batetik ikuskatzen da. «Biki» deituriko horretan edozein aldaketa sumatuz gero, Miguelek ziurtagiri-emaileari deitu beharko dio, haiek errabino bat bidal dezaten. «Mangera edo balbula bat hautsiz gero, ezin duzu zerorrek konpondu eta itxi; beraiek egin behar dute. Gauza bera gertatzen da tenperatura kontrolatu behar denean: bikian zerbait arraroa antzemanez gero, beraiek kenduko diote zigilua kosher deposituari, betiere nire argibideei jarraituz». Oso prozesu motela dela entzun genuen hasieran. Neurri berekoak dira gainkostuak ere.
Bartzelonako judu kopurua dela eta, Katalunian ekoizten da kosher ardo gehiena penintsulan. 27 jatorri-izendapen daude, eta Arcayak Orthodox Union deiturikoarekin lan egiten du. Antza, New Yorken egoitza duen antolakundea liderra da kosher produktuen auditoretzetan: olioa, haragia, esnea, ogia eta gazta… Espainiako Judu Komunitateen Elkarteak dio urteko 500.000 milioiko mundu mailako merkatua dela kosher elikagaiena.
«Ez da nagusi juduen artean, ezta bete beharrekoa ere. Edonola ere, kosher produktuek merkatu bat zabaldu dute juduak ez diren askoren artean, kalitate handiko elikagaiez ari baikara», esan digu elkarteko komunikazio arduradun Maria Royok. Arcayaren produkzio datuek arrazoia ematen diote: bere ardo juduaren %60 ez-juduek erosten dute, eta eskaera «gero eta handiagoa» omen da. Bezeroaren eskuetara iritsi aurretik, ardoa bitan filtratzen da mikroorganismoen presentzia ekiditeko. Bestalde, ardoa botilatzen duten makinek ezin dute kosher ez den beste ardo bat prozesatu. Miguelek bi produkzio lerro dituenez –kosher eta ez kosher– makineria bikoiztu behar izan du. Gainkostuak, alabaina, areagotu egin dira igaro berri den 2020an. Covid-az ari gara.
«Ostalaritza gogotik zigortzeaz gain, pandemiak garraio publikoa ere urritu du, hotelak ixtera behartu… Horrek denak bertaratu beharreko ikuskatzaileen presentzia erronka bilakatu du. Aldi berean, gure bezero juduek ezkontzetarako edo bestelako ospakizunetarako eskatzen zuten; elkarretaratzeak debekatzean, ardoaren kontsumoa ere erori da, jakina», kexatu da Arcaya. Ziurtagiri-emaileak kostuak txikitu omen ditu produkzioa mantendu zedin, baina ardogileak dio administrazio publikoak «kontrako jarrera» agertu duela. Joera aldatzen ez bada, sektorearen epe motzerako etorkizuna gorri ikusten du ardogileak.
Daviden izarra, upategiko txoko batean.
Judua izan. Egun nekez topa daitezke Nafarroako antzinako sefardien ondorengo zuzenak. Ardoaz gain, hainbat arrasto, ohitura eta usadio badirela aipatu dugu, baina jakin-mina ase nahi duenak Tarbut Pamplona-ren atea jo dezake. Tarbut Sefarad elkartearen adarra dugu, «kultura judua sustatzen eta zabaltzen lan egiten duen pertsona nahiz kolektiboen sarea», bere webguneak dioenez. Kabalaren mistikak, Itsaso Hileko eskuizkribuek eta zinema juduaren inguruko hitzaldiek, besteak beste, publikoa erakartzen dute Nafarroan. Baina polemika ere piztu ei da. Duela hiru urte bazterrak astindu zituen Jerusalemgo hizlari baten hitzaldiak. Horrexegatik, hain zuzen, Tarbut Pamplona-ko presidenteak nahiago du bere izena ez eman. Gizonak horrela gogoratzen du emanaldi hura:
«Tristea eta desatsegina izan zen oso. Batetik, gure gonbidatuarekin oso erasokorrak izan ziren; bestetik, kultur etxeko ateak itxi zitzaizkigun orduan. Gure helburua juduen kultura ezagutaraztea besterik ez da, horixe da dena», azpimarratu du kultur ekintzaileak. Iruindar hau ez da judua, baina Erdi Aroak nahiz «gai espiritualek» erakarri omen zuten mundu honetara. «Ustezko abizen juduen inguruko hitzaldiek jende andana biltzen dute. Aretoa gainezka egoten da horietan, jendeak bere jatorriaren inguruan sekulako jakin-mina baitauka», esan du Tarbut-ekoak.
Egun, elkartera gerturatzen diren ia gehienak atzerritik etorritako juduak dira, baina presidenteak bertako konbertitu bat aipatu du. Arraroa da oso, kristautasuna edota islama ez bezala, judaismoa ez baita erlijio proselitista. Konbertitzea, alabaina, posible omen da. Espainiako Judu Komunitateen Elkarteko Maria Royok aukera ezberdinak aipatu zizkigun, «judaismo adarraren araberakoak». Eskatzaileek Bet Din izeneko tribunal batera jo behar dute. Hiru errabinok osatzen dute, eta, egin beharreko azterketak kudeatzeaz gain, ezkontzak eta dibortzioak ere ikuskatzen dituzte, jurisprudentzia juduak agindu legez.
Gurean oraindik arrotza egiten zaigun komunitate baten beste ezaugarrietako bat baino ez da. Gertuko iraganaren orbainak sakonak dira, bai eta Ekialde Hurbileko koiuntura odoltsuarenak ere. Milaka urte dituen herri bati sionismoaren lentetik begiratu ohi diogu maiz; nekez goza daiteke horrela hain emankorra den ondareaz. Arrazoia edozein dela ere, kosta egiten zaigu kultura honetara gerturatzea.
Euskal Herriko hegoaldeko muturrean, inork ikusi ez dituen hamaika txoriren algarapean, gizon batek ardo kopa bat eskaini digu. Ez du jasmin usainik, ez eta fruta, haritz edota beste ardoek ahosabaira sarri ekartzen duten zaporerik ere.
«Ardoa da, besterik ez», dio bere sortzaileak harro.
Miguel Fernandez de Arcaya ardogile nafarra.
Iparraldeko juduak: txokolatea eta piperra baino gehiago
Gurean Lapurdin baino ezin daiteke topatu oraindik bizirik dagoen judu komunitatea. Espainia nahiz Portugaleko XV. mendeko juduen kanporaketek jende uholdea bideratu zuen Bidasoaren beste aldera. Edonola, munduko beste sefardi komunitateekin mantendu zuten harremana, eta merkataritza sare sendoak ezartzea lortu zuten bertako portutik. Beraiek izan ziren, hain zuzen, Euskal Herriko lehen txokolategileak. «Mundu berritik» elikagai gehiago ere iristen zirenez, XVII. mendean piperrak landatzeari ekin zioten Ezpeletan: haziak hautatu eta «Gorria» aldaera lortu zuten, egungo Ezpeletako ikur nagusia dena.
Napoleonek 1808an juduentzako Departamendu-Kontsistorioak eratu nahi izan zituen, Iparraldeko komunitate juduak Bordeleko barrutiarekin lotuz. Egitasmoa gauzatu ez arren, euskal juduek bereari eutsi zioten Baionan. Bertako sinagoga eraiki zuten 1837an, komunitate sinestunaren topaleku ofizial, errezo eta biltzar lekua izango zena. Sinagogan «portugesa» da erritua egun ere, aldian behin erritu askenaziari ere lekua egin arren. XIX. mendearen bigarren erdian beste sinagoga bat altxa zen Biarritzen; ordurako, kostaldeko hiri ederrak makina bat udatiar erakartzen zituen Europa osotik, ekialdeko errusiar judu aberatsak tartean.
II. Mundu Gerran bortizki kolpatu zuen komunitatea nazien okupazioak, Baionako Santizpirita auzo judua ia hutsik gelditu zelarik. Gerra bukatzean, beren etxeak berreskuratu zituzten batzuek, eta komunitatea 1960ko hamarkadan handitu zen, Aljeria, Tunisia eta Marokotik iritsitako familia judu berriekin. Egun Baiona, Angelu eta Biarritz artean sakabanatuta 100 familia judu daudela kalkulatzen da. Beraiek zaintzen dute, besteak beste, oraindik erabiltzen den Europako judu hilerri zaharrena.