Maitatzeko arrazoiak
Ez dakit zein hurrenkeratan izango zen, baina beti hartu izan dut nire burua ezkertiartzat, euskalduntzat, feministatzat, euskaltzaletzat, kulturzaletzat, antikapitalistatzat eta abertzaletzat. Beti hartu izan dudan arren, etiketa bakoitzaren sakontasuna ezberdina izan da garaiaren baitan, ezagutza maila ere ez orekatua, eta, koherentziazale amorratua izanagatik, askotan egiten dut huts. Eskerrak hutsek egiten nauten, tartean-tartean. Eta bai, agian idealizatuegia daukat koherentziaren balioa.
Euskal Herriarekiko atxikimendua umetatik sentitu dut. Haurra nintzela ezagutu nituen manifestazioengatik, entzun nituen mitinengatik, etxean entzundako elkarrizketengatik, gerora gogoetatutakoengatik, inertziagatik, ingurunearengatik, kontsumitutako kulturarengatik… Ez zait bereziki axola zerk eragin didan gehien eta sakonen.
Min ematen dit oraindik –denborak eta higadurak ez dit mintza horren sentiberatasuna kamustu– Hendaiara joan eta Frantziara pasa dela naturalki, pentsatu gabe, esaten duenak; min ematen dit oporretara urruti samar noan aldiro Espainia erantzunarekin gordeketan ibili behar izateak; min ematen dit Nafarroara joateko lan egin behar izateak. Min ematen dit gorroto gaituen hainbeste jenderen menpean bizi beharrak.
Ez dakit aberria zerk egiten duen, argiago daukat zerk desegiten duen. Abertzalea zergatik naizen pentsatzen jarri eta kosta egiten zait zehazki erantzuten. Lurrari berari begiratuta ez nuke asmatuko esaten aberria Bardeako ziape kolorearekin, Itsasuko gerezi kolorearekin, Okondoko zelai kolorearekin, Ondarroako zeru kolorearekin… zerekin lotzen dudan gehiago. Ezer gutxi dakit aberriaz.
Ez nuke jakingo aberriari usain bat jartzen, ez dut garbi denbora luzez kanpoan ibili ondoren Euskal Herriari zein usain berezi hartzen diodan. Mauleko espartinena, Idiazabalgo gaztarena, Lantziegoko ardoarena, Hendaiako krema usaina…
Aberri eguna heltzen denean askotan errepikatzen zaizkit zalantzak hauek guztiak. Besteen aberri ukatuek egiten didate maitagarriago nirea, akaso? Aiako Harriaren harri zulatuak laztantzeak, Amaiurko ateko harriak igurzteak, Urederran behatzak sartzeak, Lamien zuloko harri leunduak jasotzeak, Urkiolako harria errotonda bezala erabiltzeak… Ez dakit ukimenak gerturatzen nauen aberrira.
Euskaldunez esaten denak edo esan izan denak ainguratzen ote nau aberrira? Esanekoak omen gara, hori gustatzen zait. Serioak eta tradizioari atxikiak garela ere uste zabaldua da eta horrek aspertu egiten nau, barka bekit nahi duenak. Sukaldean abilak omen gara, baina niri eltze batek ez dit barrua irakiten jartzen. Mendiak eder-ederrak iruditzen zaizkit, baina behetik goitik bezain ederrak iruditzen zaizkit.
Sen hori, maitasun hori nondik sortua eta zerk eutsia den ulertzea kosta egin izan zait batzuetan horregatik, baina funtsean badakit, arrazoirik gabe baina jakiten diren gauza horiek bezain ziur dakit Euskal Herria maite-maite dudala.
Eta ez da mendiengatik, ezagutu gabe ezagutzen ditudan tontorren izenengatik da, ezagutu gabe ezagutzen ditudan pertsonaiengatik, bizilagunengatik, errekengatik, ipuinengatik, kondairengatik, laztanengatik. Euskaragatik maite dut herri hau. Eta horretan… horretan ez, koherentziaren balioa ez dago idealizatuegia.