Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Trapu zikinak

Askotan esan digute non garbitu behar diren trapu zikinak: etxean. Baina nork garbitu behar ditu? Txirritaren garaian parrandak hiruzpalau egun luzatzen omen ziren; tragoak, bertsoak, pasadizoak, apustuak... parrandan zebiltzan gizonezko batzuei emaztea etortzen omen zitzaien tartean, arropa garbia ekartzera. Segi zezaketen lasai juergan, baina arropa garbia jarrita.

Gure amona arropa lixatzen ari zen batean aitonaren juerga laguna azaldu zitzaion sukaldean, aitona non ote zegoen galdezka. Amonak azkar sumatu zuen juergara aterako zirela eta luze joko zuela. Hori haserretzeko motibo nahikoa ez eta gizonezko hori atzetik gerturatu eta ipurdian kolpetxoa eman omen zion. Buelta eman eta plantxarekin arrastoa utzi zion besteen ipurdiak laztantzea maite zuen eskuari. Hala ere, juergan joan ziren, aitona mimoz garbitutako eta lixatutako alkandora zuri-zuriarekin.

Amiantoarekin lan egiten zuten gizonezkoen arropak garbitzen zituzten emakumeek ere amiantoa arnasten zuten, gaixotu eta hiltzeraino. Amiantoaren Biktimen Euskadiko Elkartea sekulako lana egiten ari da gai toxikoarekin lan egin zutenen eskubideen alde, baita haien emazteen alde ere, amiantoa arriskutsua eta hilgarria baita harekin lan egiten duenarentzat eta baita hura garbitzen duenarentzat ere. Dagoeneko badaude emazteak –amianto trapu zikinak garbitzen zituztenak– biktimatzat aitortzen dituzten epaiak, bai Estatuan, baita Euskal Herrian ere. Berez gaur egun gai toxikoekin lan egiten duten enpresek berek hartu behar dute langileen arropa garbitzeko ardura. Ezin dira laneko jantziak etxera eraman garbitzera.

Duela gutxi alargun geratu den gizonezkoari galdetu diote ea nola moldatuko den aurrerantzean, ea nork garbituko dion arropa. Eta sekulako tristura sortu dit albotik entzun dudan galderak, bat-batean joan zaion emaztea arropa-garbitzailea baino gehiago zela iruditu baitzait. Mundu honetatik joan eta zure hutsunea goraino dagoen arropa zikinaren saskiari begira sumatzea ez da oso xarmagarria.

Gustatzen zait arropa zintzilikatzeko sokei begira egotea. Asteburuetan aste guztiko laneko uniforme fluoreszenteak ikusten dira balkoi batzuetan, buruz behera jarrita, pintzekin txukun-txukun lerroan. Laneko jantzia kendu eta tripaz gora edo buruz behera egoteko egunak direla oihukatuko balute bezala. Eta beti pentsatzen dut etxe guztietan trapu zikinak garbitzen dituztenek monumentua merezi dutela.

Bai, monumentua. Aspaldian zaintza gora eta zaintza behera ari gara. Ez nuke hitza gastatu nahi, kanpotik moñoñoa eta barrutik hutsa bihurtu. Denok dakigu nork garbitzen dituen trapu zikinak.