Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Elefanteen azala

Txinan elefante saldo bati begira daude. 2020ko martxoaren 20an –Txinan itxialdiaren arrakasta ospatzen eta gu itxialdiaren sustoa irensten ginenean– abiatu zuten oraindik amaitu ez duten migrazio bidaia. Hegoaldeko Yunnan probintziatik abiatu zen 16 elefante basati asiarren taldea iparralderantz, ezohikoa den norabidean. Joan eta joan, azaroan geldialdi luzea egin zuten, bost bat hilabetekoa, beren habitat naturaletik ehun bat kilometrora dagoen baso batean. Elefante eme batek kume bat izan zuen eta hura koskortu zain egon ziren berriz bideari ekiteko. Joan den apirilean jarri ziren berriz martxan. Baina astea pasata, taldeko bi elefantek buelta erdi eman eta normalean bizitoki duten natura-erreserbarako bidea hartu zuten atzera. Eta beste hamabostak –tartean bidean jaiotakoa–, aurrera, ezin jakin nora. 500 bat kilometro egin dituzte dagoeneko.

Azken bi asteetan boladan dago elefante saldoa. Sare sozialetan ehunka bideo zabaldu dira, pasatzen diren herri guztietan jakin-mina sortzen baitute. Bidean egiten dituzten triskantzek ere eman dute zeresana; laborarien lursail asko birrindu dituzte eta bestelako kalteak ere sortu dituzte. Egunero 300 kilo landare jan behar dituzte eta ura ere ehunka litroka behar dute. Noraezean dagoen elefante basatien taldeak buruhauste handiak sortu dizkie agintariei. Ez alferrik, azken asteotan operatibo zabala antolatu dute horien inguruan; 440 polizia, larrialdietarako 115 ibilgailu eta 14 drone zerutik elefanteak zaintzen. Bidea errazten diete, gerturatzen ari diren herrietako biztanleei babesteko abisua ematen diete, jatekoa uzten diete bidean nekazarien lursailak kaltetu ez ditzaten...

Jolasa balitz bezala, herritarrek sareetan jarraitzen dute elefanteen bidaia. Baina, nora doaz? Zergatik abiatu dute ezohiko migrazioa? Hipotesi desberdinak daude. Batzuen esanean, taldea gidatzen duen elefanteak ez dauka eskarmenturik eta nahastuta dabil. Beste batzuen esanean, normalean bizi diren natura-erreserban jatekoa urritzen ari da nabarmen azken urteotan eta bizitzeko toki hobeago baten bila dabiltza, aurrera egiteko txoko hobeago baten bila. Eta zein ondo ulertzen dugun migrazio bidaia hori elefanteen kasuan. Noski, jatekoa eta patxada falta bazaie haien betiko etxean, normala da mugitzea, bizitoki hobe baten bila abiatzea, arriskuak hartzea. Biziraupena dago jokoan. Aldiz, elefanteak beharrean pertsonak direnean, zirrikituetan behera joaten zaizkigu ziurtasunak.

Enpatia bestearen zapatetan jartzea da. Baita bestearen azalean jartzea ere. Enpatia bestearen prozesuak, bizimodua, erabakiak, ulertzeko gaitasuna da. Batzuetan beldurgarria iruditzen zait zein aise jartzen garen elefantearen azalean eta zenbat kostata azal kolore diferentea duen pertsonaren azalean.