Galder Perez
IRITZIA

Txikleen eztanda

Aurreko batean, lagun batekin berbetan, aitortu zidan ez dituela ulertzen jende gazteagoaren esamolde berriak. Eta nik ere onartu behar izan nuen zahartze linguistiko hori. «Boomer belaunaldia» agertu zen tartean. Lagunak uste zuen Boomer txiklea jaten genuen belaunaldiaz ari dela terminoa. Baina gu baino zaharragoak omen dira etiketa horren atzean daudenak. Z eta Millenial belaunaldiek erabiltzen omen dute Estatu Batuetatik inportatutako etiketa hau, jatorrian “Ok, boomer” eta bere baitan “Baby boomerrak” biltzeko; alegia, 1946 eta 1965 urte bitartean jaiotakoak. Gurean beranduago etorri zen umeen jaiotzen eztanda. Edozein kasutan, izenak ez dio txikleari erreferentziarik egiten. Pena, maskara azpian txiklea baikenuen biok. Artean derrigorrezkoa baitzen maskara parkean jantzita eramatea. Bestela, txikitan lez, txikleen eztanda lehiaketa jolasean bukatuko genukeen elkarrizketa hura, ziur. Nork txikle puxika handiagoa egin, eta nori aurpegian txikleak eztanda egin.

Gure belaunaldiaz berbetan ere, aurreko batean, Irati Jimenez idazleak beste txikle bat ekarri zuen gogora: Cheiw txiklea, baita beste marka goxo eta film batzuk ere; ET eta Indiana Jones, esaterako, belaunaldi horren ikur, urte horietako poz eta babes. Sentimendu horiek ere aipatzen zituen, jaso genuen babes eder hura, hazteko, hezteko. Jakin bagenekien hura guztia fantasia modukoa zela, horrekin bizi ginen eta hura sentitzen genuen gure benetako azal eta bihotz, gaur garen hau izateko ezinbesteko osagaiak. Baina belaunaldikideoi gertatzen ari zaigu babes hura guztia izugarri hauskorra dela onartu behar izatea. Zera sentitzen dut, garai hartan bigun baginen ere, are bigunago garela orain, bizitzea tokatzen ari zaigun guztiak bigunduta eta, aldi berean, gogortuta. Boomer txikleak lez, hasieran gogor eta gero bigun bezain luzeak minak. Pertsonok ere hala izan beharko genuke: bigun, batzuetan oso bigun, eta gogor, zaila suertatzen denean, tinko. Bizitzaren ezinbesteko parte den heriotza, edo heriotzak, gero eta presenteago izatea tokatzen ari zaigu. Txikleak erosteko paga ematen ziguten guraso, izeko, osaba eta lagunak joaten hasiak dira txikleen eztanda gordetzen den lekura. Bukaera asko bizitzen ari gara, zikloak ixteko beharra, pandemiaz gaindiko gaixotasunak eta ezbeharrak. Horrekin ere ikasten, beti baitago papera kentzeko zain dagoen txikle berririk. Hariak beharbada ez etetea komeni da, baina txikleak, ordea, bai. Ez da komeni txiklea gehiegi luzatzea, errazegi galtzen baitu zaporea zein puxika egiteko indarra. Bukatzea eta hastea zer den beti jakin omen dugu, baina belaunaldi edo komunitate baten babesa eta konplizitatea sentitzeko beharraren beharraz, halako goxokiak plazan jaten genituen denak elkarrekin jolasean goazela sentitzeak nolabaiteko indarra ematen dit. Partekatutako minaren ikasketa izango da. Orain, jarri beharko diogu belaunaldi honi izenen bat. Badut proposamena, eta goxoki-dendetan aurkitu dut berriz ere, zenbait pezetaren truke. Peta Zeta belaunaldia izatea aukeratzen dut! Horiek ere eztanda ederra dira, ustekabekoa, zaratatsu eta jolastia, tarteka kolpetxoen mina, min txikia. Baina beti ere taldean, ahal bada borobilean algaraka, ea zeinek aurpegia itsusiago jarri, nork barre gehien egin, zeinek alaitasun kolpe gehiago jaso.