Jokin Urain
IRITZIA

Ohiturak

Ohiturak ditugu, ohitu egiten gara joera bat edo bestea jarraituz, geuk nahita edo besteek behartuta, eta ohitzen gara txoko batean egotera, leku jakin batetik ez pasatzera, ordu zehatz batean jaikitzera, egunez egun gauza batzuk beti berdin egitera goizetik iluntzeraino. Egunero edo astero edo... errepikatuz eta errepikatuz ohitura bihurtzen dira korrika egitea, afaritara joatea, ezer egin gabe egotea...

Ohitura bihurtzen diren joerak aldatzea ez da beti erraza, izua ematen du batzuetan ohikoak ez diren gauzak egiteak, ohitura bihurtzen dugun horixe zaigulako normala, edo erosoa, inon den joera aldrebesena izan arren beste edonoren iritzian. Eta ez da izango ohituraren bat ez duen pertsonarik, edo albokoaren ohituraren bat absurdotzat ez duenik ere.

Urte eta erdi inguru honetan aldian-aldian izan dugu ohitura berrietara egokitu beharra: gauez kalean ez ibiltzera, musukoa ez kentzera, hau ez eta hori derrigor bai… Etxean egotera ez dakit ohitu zenbat ginen, baina ikasi egin genuen leihotik lainoei erreparatzen, logurarik gabeko gauetan ilargia bilatzen... Balkoia amortizatu dute batzuek eta leihoak besteek. Askori azkenerako agian eroso bihurtu zaio etxetik ez irtetea, gehienak edo guztiak beste ohitura batzuen egarri izan arren.

Aurreko udan etxeko balkoian igarotako egunetan bizitako momentuen falta sumatzen dut orain. Alboko etxebizitzako Paulak parekoarekin izaten zituen berriketa luzeen harmonia isildu da udaberrian; bigarren solairuko Feliperen agur adeitsurik ez dut izan aspalditxoan; neguaz geroztik ez dut ikusi Jenaro etxe aurreko zebra bidean paseora zeraman txakurrari azalpen jenialak ematen: «Zer esan dizut lehen? Ez al dizut mila aldiz errepikatu...?». Eta jarraian Lakuako Osasun Departamenduaren txosteneko 1.2 artikulua aipatzen ote zion ere iruditu zitzaidan aurreko udan behin baino gehiagotan. Atentzio handiz begiratzen zion txakurrak, eta atentzio garrantzitsua zen zalantzarik gabe, animaliarentzat ez dakit baina haren ugazabarentzat.

Etxeko balkoiko entzumenetik eta ikuspegitik desagertu da errutina zehatzekin identifikatzen nuen eta ohiko bihurtu zitzaidan zenbait jende eta abere, ohituren aldaketa bizkorregiek eraman ditu agian, edo ohiturak berak, edo denboraren joan soilak.

Batzuetan ohiturak bizi gaitu, Josune, ohitura aldaketen egarriz bizi arren.