AMAIA URIBE
IRITZIA

Ama baten etsipena

Malkoak atera zaizkit Afganistango irudiak ikusi ditudanean. Kabuleko aireportuko kaosaren erdian, ama bat besoak altxatuta Ameriketako Estatu Batuetako soldaduei bere alaba hartzeko erregutzen. Ama bat, bizitzan gehien maite duena ezezagun bati ematen. Ama bat, gehiago ikusiko duen jakin barik bere alabaren bizia salbatzen. Izan ere, ama horrek inork baino hobeto daki talibanak agintean egonda zer datorren. Xaria berrezartzen badute, emakumeek eta neskatilek ezingo dute ikasi eta ezingo dute etxetik kanpora lan egin. Debekatuta izango dute kirola egitea eta kalean ibiltzeko gizon bat izan beharko dute alboan. Ezingo dute ezezagunen aurrean barre egin eta gorputz guztia estalita eraman beharko dute. Gaixorik badaude ezingo dira gizonezko medikuengana joan eta emakumeentzako bakarrik diren autobusetan bidaiatu beharko dute. Eta ze amak nahi du hori bere alabarentzat?

Bigarren ama bat ere etorri zait gogora. Bere 11 urteko semeak Mexikoko muga bakarrik igarotzeko trafikatzaileei dirutza ordaindu dien ama. Bi txartel ordaintzeko beste diru ez daukala jakinda, semearen etorkizuna lehenetsi duen ama. Bizitzan gehien maite duena, arriskuz beteriko bidaia batera bultzatu duen ama. Berriro ikusiko duen jakin barik, semea Rio Grande ibaia txalupa baten gurutzatzera animatu duen ama. Izan ere, ama horrek inork baino hobeto daki ze etorkizun dagoen Guatemalan. Bere semeak ezingo du ondo ordaindutako lanik bilatu eta pobreziatik irteteko zailtasunak izango ditu. Talde kriminalen arriskupean egongo da eta aldiro-aldiro hondamendi naturalei egin beharko die aurre. Eta ze amak nahi du hori bere semearentzat?

Eta hirugarren ama bat ere etorri zait burura. Hiru seme-alabak Indian utzi eta Ameriketako Estatu Batuetara etorri den ama. Turista bisarekin sartu eta etorkin ilegal izatera igaro den ama. Umeak urrun izan, eta besteen umeak zaintzen lan egiten duen ama. Bizitzan gehien maite dituenengandik banatu behar izan den ama. Berriro ikusiko dituen jakin barik, Ameriketako Estatu Batuetatik Indiara dirua bidaltzen duen ama. Izan ere, ama horrek badaki ze egoera dagoen Indian. Ameriketako Estatu Batuetara etorri izan ez balitz, seme-alabak ezingo lirateke unibertsitatera joan. Immigrazio agenteengandik ihesi ibiliko ez balitz, bere seme-alabek ezingo lukete gustuko duten janaria erosi. Eta umeak zaintzen lan egingo ez balu, bere seme-alabak pobreak izango lirateke. Eta ze amak nahi du hori bere seme-alabentzat?

Ama zaretenok, badakizue, amatasunak bizitza hankaz gora jartzen duela. Seme-alabak gure bizitzaren erdigune bihurtzen dira eta lehentasunak aldatu egiten zaizkigu. Kezkatu behar ez garenean ere kezkatu egiten gara eta dena emateko prest gaude gure seme-alabengatik. Beraz, ondo baino hobeto ulertzen ditut Afganistaneko, Guatemalako eta Indiako hiru ama horiek. Ez dakit berriro seme-alabekin elkartzeko aukerarik izango duten. Baina ulertzen dut nola sentitu behar izan diren egin dutena egiteko, eta, egoera berean banengo, neuk ere berdina egingo nuke.