JOKIN URAIN
IRITZIA

Kirola kirol denean

Zaila da egunean eguneko gertaerei buruzko berrien artean aukeraketa egitea, interesatzen zaizunari buruzkoak jakiteko irrika asetzea, zure interesei jaramonik egin gabe ematen dizkizutelako berriak, beste interes batzuen eta beste batzuen interesen arabera aukeratuak gehienetan. Berriemaileei ez zaie axola zuk zer jakin nahi zenukeen; beraiek nahi dutena eta nahi duten modura zuk irenstea interesatzen zaielako soilik, eta kito.

Beraz, nahita ere ez da erraza ez jakitea Paris Saint-Germain taldera joana dela Messi, Bartzelonan urteren batzuk egin dituen futbol jokalaria. Dirudienez, horren ondorioz azken bolada Messiminez bizi izan du batek baino gehiagok, edo Messi-Barçaminez. Eta ez da gutxiagorako, seguru asko. Gertaera garrantzitsua da zalantzarik gabe, garrantzia ematen diotenentzat behintzat, eta agerikoa da askok ematen diola.

Eta zergatik ez diote, bada, emango. Denok dugu zaletasunen bat, azalean edo barne-barnean bizi duguna, eta kirolari buruzko emozioak, futbolaren ingurukoak batik bat, hezurretarainoko sustraiak ditu askorengan. Uholde gisa mugitzen eta astintzen ditu jendartean sentipenak, talde batekin edo jokalari batekin identifikatzen direnak. Arrazoien mugetatik harago joan ohi baitira sentipen eta emozioak; horregatik dira emozio, eta horretatik elikatzen gara hemen, lehenik. Zer ginateke emoziorik gabe!

Hezur-haragizkoak baino, emozio multzoz osatuak garela esan liteke, eta zaletasunetik pizten diren emozioek antzaldatu egiten gaituzte askotan, onerako batzuetan eta txarrerako bestetan. Bakarkakoak ere ez ditugu aski, umezurztasuna ez digulako erabat kentzen; taldearekin identifikatzen gaituztenek gehiago asetzen gaituzte eta zoriontsuago egiten. “Messi” izena bizkarrean daramaten kamisetak jantzita ibili ohi da jendea, eta jarraituko du ibiltzen, Parisen eta munduan. Emozio boladak astinduko ditu nonahi aurrerantzean.

Kantua kantu denean ez omen da kantaria ikusten; kirola kirol denean zergatik azaldu behar da, zergatik enpeinatu ageriko futbolaren ezkutuko aldetik datorren kiratsa astintzen? Kirolaren eta kirolarien emozioak sentitu besterik ez dugu nahi azken batean, Messiren kamiseta erosi eta jantzi, harekin bat izan, zer dakit nik...

Eta Paris Saint-Germain taldearen Qatarreko ugazabak emango dizkigu Messiren nahi adina kamiseta, Endika.