Maitatzeaz eta erotzeaz
Idazteko maitatu behar da, erotzeraino ia, eta hatz puntekin ukitu behar da infernua. Tabua ukitu behar da, gauzak ez baitira aldatzen hitz egiten ez bada, eta horregatik munduak behar ditu idazleek betetako liburutegi anitzak, edo psikoanalisten dibanak.
Amodioa da leialtasuna, erromantikoa, munduaren ikuskera komunitarioa, Isak Dinesen idazleak zioenez, eta gogora datorkigu “Afrikako memoriak” filma, bere eleberrian oinarritzen dena.
Zoramena erotzat hartzea da, eta hortik ero bihurtzea, eta hori bazekien ongi Virginia Woolf idazleak.
Marina Tsvietajeva poeta errusiarrak ongi zekien maitasunaren asimetrikotasunaz esan zuelarik: inork ez nau maite nik maite izan dudan bezala. Pertsona emankorra omen zen, eta poesian oparoa, “ene anaia andrazkoa” idatzi zuen.
Lou Andreas Salome psikoanalista, idazle eta emakume desiratuak zioen gorputza eta arima ez daudela bereizita. Lou oso erakargarria omen zen, eta harentzat maitasuna lasaitasuna zen.
Doris Lessing Literaturako Nobel saridunak esan zuen maitatzea ez dela A eta Bren arteko sentimendu bat bakarrik.
Aipatu ditudan historiako emakume horiek eta besteak erotzat hartuak izan ziren asko, baina egiatan idazle hiperlogikoak ziren, eta oso emankorrak maitasunean.
Idaztea esanak eta esanezinak ateratzeko modua izan daiteke, baina dena ez da argitaratzea; maitasuna bezala, obsesioa da idaztea, baina garrantzitsua da atzera egiten jakitea, utzi ere egin behar baita, gero beharbada etortzeko. Joxanton Artzek ere bere berrogeiko krisian aurreko olerki oro sutan erre omen zituen, berriro ere hasteko, eta nik neuk ere maitasunean dena pikutara bidaltzeko adorea izan banu eta amore eman ene berrogeiko krisian, hobe egonen nintzateke orain. Baina ni ez naiz emakume idazle hiperlogiko horietako bat eta kosta egiten zait gauzak ulertzea, baina sentitzea ez, gehiegi sentitzen baitut, eta egia oro ez dira on. Maitatzearen obsesio horregatik, muturreraino eramateagatik ene maitasuna, erokeria asko egin ditut, ia erotzeraino.
Idaztea eta maitatzea obsesioa dira, eta atzera egitea garrantzitsua da, utzi egin behar da, berriro ere etortzeko. Dena hizkuntzan dago, eta norbere buruari kontra egitean ere bai, eta gure penari muga bat jarri behar zaio, gure sufrimenduari epemuga bat jarri, ez erotzeko. Inspirazioa literaturan bezala, ez bilatu bizitzan eta etorriko da maitatzea eta erotzea, eta bitartean idatzi non sense edo zentzurik gabe, gero uzteko behar ez duguna zentzua datorkigunean; egia da maitasuna uzten ez bada, obsesio bilakatzen dela, erotzeraino, eta horregatik doaz loturik maitatzea eta erotzea.
Maitatzeari buruz pentsatzean honako hitz hauek datozkit eta idazten dut: harremana, bihotza, zoriona, sentipena, bizipoza, emozioa, ilusioa, desilusioa, ama, aita, mina, iluna, beldurra, distantzia, ukitzea, jarioa, hasiera, amaiera, erotzea, maitea, maitemintzea, sortzea, gozatzea, amildegia, men egitea, lasaitasuna, zalantza, harro egotea, besarkadak, muxuak, oroitzapenak, sufrikarioa, kezka, askatasuna, bilaketa, itolarria, laztanak, deskubrimendua, ikasketa, harridura, amorrazioa, alaitasuna, poza, goxotasuna, zaintza, konpromisoa, elkarrizketa, bakarrizketa, zuria, urdina, horia, gorria, txortan egitea, larrutan egitea, sarea, amodioa, herriarekiko maitasuna, maitasuna, ematea, emana, aztoramendua, grina, gozamena, arima, gorputza... erotzeari buruz pentsatzean, ordea, honako hauek datozkit ia pentsatu gabe: ospitalea, zuria, begi beltza, azidoa, gorabehera, begi zabaldua, oihua, lerdea, isolamendua, zama, besteak, isiltasuna, oroitzea, begirada galdua, ausentzia, zorabioa, ulertezina, sufrikarioa, poesia...
Maitatzearen eta erotzearen artean antzekotasunik ikusten al duzue?
Maitatzea erotzea, sufritzea, zuria, aztoratzea izan daitekeen bezala, erotzea izan daiteke oroitzea, poesia, baina alderantziz ere bai; erotzea maitatzea, sufritzea, zuria, aztoratzea izan daiteke, eta maitatzea, aldiz, oroitzea, poesia, poza, ilusioa.
Maitatzeaz eta erotzeaz ari garenean, dena da posible, baina kontuz obsesioekin, dena argitaratzeko ez den bezala, maitatzeak uztea esan nahi du batzuetan, ez erotzeko. Aurreko emakume idazle hiperlogiko haien gisa dena nahi izaten dugu, eta dena ukaitea ez da posible.
Hala ere, dena nahi zutelako erotzat hartu zituzten, nahiz eta eroturik ez egon, obsesioak ito zituzten, mundu honek itoak joan ziren idazle handi horiek. Ero nago baina determinazioz, oihu egin nahi diona munduari bihotza hautsia dudala baina berriro hasteko prest nagoela... denbora gehiago gal ez dezadan eta ez beranduegi izan ez dadin, nahiz eta munduarentzat eta besteentzat ero bat izan ni neroni, eta idazle handi horietako bat ez naizenez, paperak tintaz zikintzen segituko dut, beharbada sutan erretzeko, gordetzeko edo argitaratzeko. Idaztea, maitatzea bezala, obsesio ukaezina baita!
Idazleari buruz...
Ainara Maia Urroz. 45 urteko irundarra naiz. Euskal filologoa ikasketaz eta hitzen kontrabandista, beti mugan dabilena, hegotik iparrera eta mendebaldetik ekialdera. Irakurtzea eta idaztea gustuko dut; idazle izateko nire nahia betetzeko eman nuen izena Bergarako Idazle Eskolan 2006an, eta oraindik ez omen naizenez idazle, banoa, poliki eta emeki, autopista bihurgunetsu eta bidezidor zuzenetan barrena.