Plan Udaberri
Lehengo hilean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Udaberri plana, zenbait ekarpenekin aberastua, esaten duenez. «Hitz horrek durundi egiten du, oroimena pizten du...», hasten da ditxosozko planaren sarrera, eta durundi ez dakit egiten duen, batzuei egingo die, eta oroimena ere batzuengan pizten duela ematen du, eta beste batzuengan batere ez igual, oroimenaren gauzek horrela funtzionatzen dutelako.
Gaur eguneko errealitatea hondatutako bizikidetza dela kontuan edukita, «... egiaren eta justiziaren printzipioak oinarritzat hartuta eta iraganari buruzko hausnarketa kritikoa eginez –kontuan izanda hausnarketa kritiko horrek bereziki hartzen dituela ETA eta haren unibertso politikoa–» aurre egingo omen diote erronkei. «ETAren terrorismoa eta indarkeria erabili, justifikatu eta testuinguru batean jarri dutenak interpelatu behar dira», esan zuen planaren testua azaltzean Berdintasun, Justizia eta gauza horien sailburu Artolazabalek.
Egiak eta justiziak beren printzipioak izan dituzte beste garai batzuetan ere, ez dira oraingoak soilik. Plan Udaberri ere ez da gaur goizekoa; izen hori daraman dokumentu originala 1969koa da eta Carrero Blanco izan zen bultzatzaileetako bat. Ordurako “euskal afera”-rekin kezkatuak ziren inteligentzia zerbitzu frankistak.
«Talde aktibistak masen laguntzatik isolatzea» eta aurkarien indarretan zatiketak eragitea gomendatzen zen Plan Udaberri hartan, eta «behin isolatuta daudenean banan-banan xehatzea». Baina kontua ez zen hor bukatzen, jakina; komunikabideetako informazioaren tratamendua eta gerra psikologikoa aipatzen ziren 1969ko Plan Udaberrin, eta ematen du ordutik igaro diren 52 urteotan lan handia egin dela aspektu hori fintzen.
Traza hartzen diot gaur egun ere informazioa dezente tratatuta ematen digutela komunikabideetan, gomitagarri izateraino tratatua gehienetan, nahiz eta “EAJ eta bere unibertso politikoko” komunikabideetatik etorri. Espainiar inteligentzia zerbitzuena izan ordez Eusko Jaurlaritzako sailburuak aurkeztutakoa izateak soilik ez du irensgarriago egiten zenbait dokumentu, edo dokumentu horren zenbait zati.
Dena den, ez izan gaizki pentsatua, Ainhoa; «argia, kolorea, ilusioa, guztion artean eraikitzeko itxaropena, guztiok partekatutako proiektua» eta ez dakit zenbat gauza polit gehiago sinbolizatu nahi omen ditu oraingo Plan Udaberrik.