Galder Perez
IRITZIA

Desdemona Mauleko gazteluan

Zineak, antzerkiak eta literaturak eztabaida eta hausnarketarako bide ederrak izan daitezke. Esan beharrik ez dago, zorionez, dibertimendurako ere badirela. Azken bolada honetan gure herriko zenbait gertaera sozial eta politiko agertzeko hainbat sormen-lan ikusi ahal izan ditugu. Tartean, “Maixabel” filma eta “Altsasu” antzezlana, Iciar Bollain eta Maria Goiricelayak zuzenduta, hurrenez hurren. Beti egon izan dira gure herriaren gainean eta gure gatazketan oinarritutako literatura, zinema eta antzerki lanak. Edozein kasutan, lan batzuek bestelako ikusgarritasuna izaten dute. Azken hamarkadako eszenatokia aldatzen joan da, moldatuz doa, askotan mugimendua alde bakarrekoa dela jakin arren. Badirudi eszenatoki erreal eta korapilatsu honetan foku bakar batek ematen duela argia. Aldi berean, bestelako foku mediatiko nagusiek, toki bakarrean, beti berdinean, argiztatzen ari direlakoan, dena ilun margotzen jarraitu nahi dute. Hori da, behintzat, besaulkian betaurreko kritiko ezerosoekin eserita dagoenaren sentsazioa. Kontuak kontu, lerro hauek ez dute inori kontu eske aritzeko asmorik. Askea behar luke izan beti sorkuntzaren kontuak, nola ez. Oso bestelako gauza da argiak itzali nahi dituen eskuaren interesa edota fokuekin itzalak egiteko nahia duenarena.

Herri honetako gatazkak soberan ditu kondaira unibertsal izateko dilemak. Gurean gertatukoa eta bizitakoa munduko beste toki askotan gertatu da, gertatzen ari da eta gertatuko da. Tokian toki berezko berezitasunak tarteko, nola ez, baina edonon ulertzeko modukoak dira gure tragediak eta gure komediak. Baina kantu bat entzuteko ezinbestekoa da partitura handia aditzeko nahia, edota beharra. Tamalez, ezikusiarena egitea ohikoa kontua da, eta istorioak ezerezean galtzen dira entzulerik gabe. Askotan galdetu eta pentsatzen dugu zergatik ez duten gure herriaren kontuek betiko mugak gainditzen, zergatik ez diren gure istorioak ohikoa ez den beste ikusleria eta esku batengana iristen. Irismen falta horren arrazoiak asko dira, baina gutxi batzuk dira iluntasun interesatu hau ulertzeko bezain argiak. Ikus-entzuleria erraldoi bati errazago iristen zaio oraindik futbol zelai batean gertatzen dena. Eta ez naiz ari kirol partida komertzial hutsez, baita horren inguruan bilgarri gisa eskaintzen den beste edozein kultur jardueraz ere. Askoz errazago iritsiko dira politika apaingarri gisa erabiltzen duten showak. Gezurra badirudi ere, komunikatzeko ustez inoiz baino bide gehiago dugun honetan, oraindik ere, ume gineneko propaganda euskarriak dira nagusi.

Bitartean, gure drama eta tragedietako Ofeliak, Desdemonak eta Rosalindek gazteluetatik oihu egiten jarraituko dute, inork entzuten ez dituen irrintzi bihurtuta. Eta ezerezean galduko dira, ez baldin bada gure gaztelu zaharretako erreklamo gisa. Orduan bai, eskularru zuriko eskuak fokuari baimena emango lioke. Etsipenik gabe, azken hamarkadako eszenatokia eraldatu den bezala, segi dezagun gure tragediak eta komediak unibertsal bihurtzen. Eman diezaiegun merezi duten argia fokuekin eta ahotsa bozgorailuekin. Sormena ere bada bidea, eta ez bakarra, edo alde bakarrekoa.