Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Entrevue
Beñat Gaztelurrutia

«Egoera aldakorrean bidea egiten joan gara, baina ez itsuan»

Argazkiak: Monika del Valle | Foku
Argazkiak: Monika del Valle | Foku

Erantzukizunez bizi du bere lehen Azoka Gerediaga Elkartearen kudeatzaile gisa. Ez da fokupean, kameren eta mikrofonoen aurrean, jarri zalea. Baina lan berriak berarekin darama ardura eta horren jakitun da. Joan den ekainean hartu zuen kargua. Izurriak euskal kulturgintzaren egoera are gehiago zaildu duen sasoi berezi honetan heldu dio lemari.

«Ekintza kolektiboa da, kultura materializatzen den momentua; ez urteko momentu bakarra, baina bai urteko momentu oso garrantzitsua»; hori da Azoka Beñat Gaztelurrutiaren esanetan.

Aurrera egiteko bultzada jaso dute jendartetik. Eta modu berezian eskertu du argitaletxeek, musika zigiluek eta beste hainbat kultur eragilek egindako esfortzua. «Jabetzen gara Azokan erakusmahaia jarriko duten askok ahalegin handia egin behar izan dutela Durangora etortzeko», aitortu du Beñat Gaztelurrutiak.

Zailtasunak zailtasun, eta osasun neurrien mende egon arren, Gerediagako kideek sentitu dute «gizartean dagoen premia bati erantzuteko» aritu direla lanean.

[Elkarrizketa honen edizioa behin betiko osasun neurriak zehaztu aurretik itxi zen]

Plateruena Kafe Antzokiko zuzendaria izan zinen 2002tik 2015era eta joan den ekainean ekin zenion ibilbide berriari Gerediaga Elkartearen kudeatzaile gisa. Momentu berezian iritsi zinen. Zer moduz karguan?

Lekua hartzen ari naiz, lankideengandik ikasten. Dena dela, elkartea ez zen arrotza niretzat. Bazkidea naiz eta ezagutzen dut bere jarduna. Gainera, elkarlanean gauza asko egitea tokatu zait Gerediagarekin. Jabetzen naiz Durangaldeko proiektuez gain, nazio-proiektu bat ere kudeatzen duela, Durangoko Azoka, eta halako egitasmo batek eragile askoren elkarlana eskatzen duela, hasi herri-erakundeetatik eta herri-mugimenduetaraino. Oso presente daukat egitasmoaren dimentsioa eta erantzukizunez bizi dut.

Nola bizi izan dituzue Gerediaga Elkartean azken hilabeteak?

Osasun-larrialdia indarrean zegoela erabaki genuen aurrez aurreko Azoka egitea. Hortik kontuak atera zelan bizi izan ditugun azken hilabeteak. Egoera aldakorrean bidea egiten joan gara, baina ez itsuan. Hipotesi ezberdinak landu behar izan ditugu eta gauzak argitu ahala erabakiak hartu, Azokan parte hartzen duten eragileekin partekatuta. Hori, arlo teknikoari dagokionez.

Ezin ukatu, baina, arlo emozionala ere hor dagoenik. Oso eragile ezberdinak sentitu ditugu bultzaka, bakoitza bere eran. Adibidez, Iurretako Smurfit papelerak online dendako kartoizko kaxak finantzatuko ditu. Boluntarioek Azokan laguntzeko deia ere egin genuen eskualdean, eta erantzun ona jaso dugu. Esan nahi dut sentitu dugula gizartean dagoen premia bati erantzuteko ari ginela lanean.

Zer espektatiba duzue aurtengo Azokarako? Nola irudikatzen duzue?

Nahiko genuke ‘Azoka post-pandemikoaz’ berba egin baina, zoritxarrez, aurten ere ezin izango dugu aurreko urteetako Azoka berreskuratu. Azokak aurten aurrez aurrekoa eta digitala uztartuko ditu, erakusmahaiak bueltatuko dira Landako Gunera, egitarau zabala izango dugu Azokako gune guztietan... Baina argi diogu: osasun-neurrietara egokitutako Azoka izango da. Kulturzale guztien segurtasuna bermatzea izango da gure lehentasuna, eta, beraz, ezinbestekoa izango da arau guztiak une oro errespetatzea: musukoaren erabilera Azokako espazio guztietan, pilaketak ekiditea... Arduraz eta erantzukizunez jokatu behar dugu, eta hala egiteko eskatu nahi diegu kulturzale guztiei.

DA! PRO egitasmoak aurreko edizioetan baino egitarau zabalagoa du, indartu egin duzue.

Bai, DA! PRO sortzaileak eta sektoreko gainerako profesionalak harremanetan jartzeko egitasmoa da, beren ibilbide profesionala egiten laguntzeko-edo. Orain urte bi jarri genuen martxan egitasmoa, Musika Bulegoarekin elkarlanean eta musikara bakarrik bideratuta. Aurten haur eta familientzako aisialdiari ere eskainiko diogu tartea, Berbaro Elkartearen eta Bizenta Mogel bibliotekaren laguntzarekin, eta literaturak eta ikus-entzunezkoek elkarrekin egin dezaketen bidearen inguruan ere gogoeta egingo dugu. Sortzaileentzako interesekoak izan daitezkeen gaiak ere landuko ditugu, egile eskubideak, arlo laborala, komunikazioa eta horrelakoak. Guztira lau eguneko programa da. Abenduaren 4an amaituko da, aurrez aurreko Azoka hasiko den egunarekin.

165 partaidek eman dute izena azoka presentzialerako, eta 219 erakusmahai izango dira. Zein balorazio egiten duzue kopuruaz?

Orain urte bikoekin alderatuta kopuruak oso antzekoak dira. Zeozer jaitsi da, baina ez asko. Azokaren itxura beste urteetakoa izango da. Hala ere, ez dugu ahaztu behar hilabete zailetatik gatozela eta kultur sektoreak momentu zailak bizi dituela. Jabetzen gara Azokan erakusmahaia jarriko duten askok ahalegin handia egin behar izan dutela Durangora etortzeko. Erakutsi duten jarrera txalotzekoa eta eskertzekoa da. Eragile asko ari dira betiko Azoka berreskuratzeko ahalegina egiten, bakoitza bere erara, eta pentsatzen dut horrek erakusten duela Azoka zein garrantzitsua den eragile horientzat.

Eredu hibridoa izango du, erdi digitala eta erdi presentziala. Egoerak ez du ahalbidetzen besterik…

Bai, Azoka bi batean antolatzen ari gara. Ederra lana hartu duguna! Baina aurten premiazkoa zen horrela egitea. Planteatu genuen aurten aurrez aurrekoa berreskuratu behar genuela, baina bagenekien oraindik ez gaudela prestatuta azken urte bietan bizi izan duguna ahazteko. Online azokak ekarri dituen elementuek aurrez aurrekoari lagundu egingo diotela uste dut. Azoka bisitatu egin ahal izango da, bai erakusmahaiak bai zuzeneko aurkezpenak, erosotasunez eta segurtasunez, baina sormen lanak nahinondik eskuratu ahal izango dira, eta aurkezpenak jarraitu ere bai. Modalitate biak aukeran izango dira, baina ez dago zertan bata edo bestea aukeratu, bide biak erabil daitezke. Bisitariak egun batzuetan Durangora etorri ahal izango dira eta besteetan dauden lekutik konektatuta jarraitu ahal izango dute. Hara hor, sei eguneko plana.

Bisitarien Landakorako sarrera azken unean neurrien arabera zehaztuko duzue. Finkatuta duzue sistema ala alternatiba diferenteak dituzue mahai gainean?

Aukera ezberdinak aztertu ditugu, azken unean egokiena aukeratzeko. Une honetan hartutako erabakiaren arabera, Landako Gunera eta Plateruenako Ahotseneako zuzenekoetara sartzeko beharrezkoa izango da aldez aurretik erreserba egitea. Landako Gunera sartzeko ordu eta erdiko txandak sortuko dira, eta txanda bakoitzean 1.200 bisitari sartuko dira aldi berean. Tarte hori amaitzerakoan, hustu egingo da Landako Gunea hurrengo txandakoei lekua egiteko. Plateruenaren kasuan ere erreserba sistema jarriko da martxan. Bertan ez da egongo ostalaritza zerbitzurik, eta ezin izango da inolako edari edo jatekorik kontsumitu, ezta Landako Gunean ere. Espazio bietan, Azokako espazio guztietan bezalaxe, derrigorrezkoa izango da musukoa erabiltzea. Aurten aurrez aurreko Azoka nahi badugu, horrelaxe izan behar du.

Hainbat kultur emanaldi «streaming» bidez zabalduko dira. Zenbat ekitaldi izango dira denera? Guneetan nobedaderik?

Eskabide pila bat izan ditugu, sortzaileek beren lanak erakusteko daukaten grinaren seinale, eta saiatu gara guztiei lekua egiten. Bost egunez 250 aurkezpenetik gora egongo dira guneetan. Erraz esaten da. Horrek guztiorrek atzetik lan handia dauka, eta ez litzateke posible izango guneetako bidelagunak Azokaren ondoan ez baleude. Banan-banan zerrendatzen ez naiz hasiko, baina haiek badakite ondoan gura ditugula. Uste dut koordinazio-mahaia Azoka aberasteko espazioa izan behar dela eta lortu behar dugula ikuspegi orokorrarekin lan egitea, gero bakoitzak bere gunearen antolakuntzaren ardura izan arren. Bide horretan gauden sentipena daukat.

«Online» salmenta erronka izan zen iaz. Zein da balorazioa? Zein dira iazko datuak?

Online dendaren erronka nagusia Azokaren taupada bizirik matentzea zen. Kasu honetan, Azoka esaten dudanean, euskal sortzaileak ezagutarazteari eta kultura kulturzaleengana iristeari buruz ari naiz. Alde horretatik, iazko online dendaren balorazioa ezin hobea izan zen, kulturzaleen harrera bikaina izan zelako. Gainera, pazientzia handia erakutsi zuten eta oso eskertuta gaude. Esperientzia horrek balioko digu aurten gauzak hobeto egiteko.

«Online» plataforma geratzeko etorri al da? Zein da zuen hausnarketa?

Zaila da galdera horri erantzutea. Ikusi egin beharko dugu aurten zelan erantzuten duten kulturzaleek, aurrez aurrekoa aukeran izanda online denda erabiltzen duten edo ez, kontuan izanda aurtengoa ez dela ohikoa izango. Azoka amaitzean balorazioa egingo dugu eta datorren urterako erabakiak hartuko ditugu. Dena dela, online Azoka ez da denda bakarrik, aurkezpenak zuzenean ikusteko streaming kanalak ere badira, kanal bi, bata musikarekin eta bestea bestelako aurkezpen eta mahai-inguruekin. Irudi eta soinu aldetik kalitatezko emisioak izango dira gainera, Goiena Telebistaren eta ETBren laguntzarekin egingo ditugunak. Hori guztiori baloratu beharko dugu, aurrerantzean zelan jokatu erabaki baino lehen.

Aurten erakusmahaiak eurak izango dira biltokia, bertatik bidaliko dira paketeak etxeetara. Lehen aldiz egingo da. Hori ere erronka?

Bai, zalantzarik barik, erronka handia izango da. Landako Gunean erakusmahaiak egongo dira eta ez da lekurik egongo biltoki erraldoirik muntatzeko. Erakusmahaiak eurak izango dira online dendaren biltoki. Iluntzero, eguneko eskariak erakusmahaietan jaso eta gauez materialaren inbentarioak egin eta paketeetan sartzeko prestatuko dugu. Protokoloa finduta daukagu. Egia da katebegi asko dituela prozesu osoak, baina ondo irtengo da. Beste esperientzia batzuetatik ondorio bat aterata daukat, eta da momentua hasten denean guztiok ematen dugula geure onena. Kasu honetan ere horrelaxe izango da.

Nola bizi izan zenuten iaz Azoka ohiko moduan egin ezina? Sektoretik zein sentipen jaso zenuten?

Gogoan daukat egoera tamalgarria zela. Aforoak ikaragarri murriztuta, ostalaritza itxita, mugikortasuna erabat mugatuta... gizartea oro har goibel zegoen. Ez zegoen baldintzarik betiko Azoka antolatzeko eta mundu guztiak zekien hori. Online denda eta aurkezpenetarako streamingak antolatzeko proposamena egin genuenean sektoretik esker ona jaso genuen egoera zail horretan haria ez eteteko erabakia hartu genuelako, zailtasun handiak izango genituela jakin arren. Egoera ezkorretan proposamen baikor bat egiten denean babesa jasotzen da, helduleku bat delako alde guztientzat. Horixe gertatu zen iazko edizioan nik uste.

Zein izan zen iazko balantze ekonomikoa? Galerarik gabe amaitu ahal izan zenuten?

Salmentak ondo joan ziren eta, alde horretatik, balantze ekonomikoa ona izan zen. Antolakuntzari dagokionez, Azokak hiru finantzabide ditu, herri-erakundeen dirulaguntzak, babesletzak eta erakusmahaien alokairua. Iaz hirugarren finantzabidea galdu egin genuen, zoritxarrez, aurrez aurreko Azoka galdu genuelako. Baina balantze ekonomikoa ona izan zen; hau da, ez genuen galerarik izan, gastu gutxiagorekin antolatu ahal izan zelako edizioa eta, hala ere, herri-erakundeek eta babesleek beren dirulaguntzak betiko kopuruetan mantendu edo igo egin zituztelako. Azokarekiko konpromisoa erakutsi zuten.

Eta aurtengoa nola dator?

Azokak 650.000 euro inguruko aurrekontua izango du aurten. Ziurgabetasun egoera honek ustekabeko gastu asko ekarri dizkigu eta ikusiko dugu ea galerarik gabe amaitzen dugun.

Pandemiaren eraginez bertan behera utzi beharra izateak inoiz baino ageriago utzi zuen sektoreak Azokaren beharra duela? Bere ahulguneak bistaratu zituen?

Esango nuke sektore guztien ahulguneak bistaratu dituela pandemiak. Ahularenak gehiago, bistan da. Eta ahulari bere biriketako bat kentzen badiozu, guztiok dakigu kaltea ikaragarria dela. Baina beste aldea ikusten ere ahalegindu beharko genuke. Begira, aisialdiaren gizartean bizi gara eta mugikortasuna libre izan dugunean arreta gutxi jarri diogu kulturari. Aldiz, mugikortasuna galdu dugunean kulturan aurkitu dugu babesa. Horrek balio beharko liguke hausnartzeko benetan zer gauzak betetzen gaituen. Ze euskal kulturak kulturzaleak behar ditu, sortzaileak asko eta onak ditu-eta.

Plateruenak aurten ere irekiko ditu ateak Azokako egunetan. Garrantzitsua da Azokarentzat iaz ateak itxi zituen arnasgunea egun batzuetan bederen zabalik egotea?

Jakina, Azokarentzat garrantzitsua da, Ahotsenearen musika aurkezpenak hartzeko aukerako azpiegitura delako, Landako Gunearen ondo-ondoan. Oso pozik gaude, alde horretatik. Baina Plateruena Azokaz haragoko kulturgintza eta herrigintza egitasmoa izateko sortu zen, herritarra, euskalduna eta mundura begira egongo zena. Egitasmo hori berriz martxan jartzen denean azpiegitura bat baino gehiago emango dio Azokari. Egitasmoa lehenbailehen martxan ikusi gura genuke.

Azken hilabeteotako gauzarik zailena eta politena, Gerediagako kudeatzaile gisa?

Ba aitortuko dizut asko kostatzen zaidala elkarrizketak ematea. Argi daukat nire lana dela eta Azokak komunikabideen beharra daukala zabalkunderako, eta esker onez erantzuten diegu komunikabideen eskaerei, baina zaila egiten zait. Politena, ostera, uste dut etortzeko dagoela eta egun gutxi barru ikusiko dugula Durangon.