Azken tantoa
Egunak dira, Daniako frontoia itxi zutenetik. Ez da pilotakaden soinurik entzuten. Takiletan ez dago kolore ezberdineko kamisetarik. Zestak gordetzeko gela hutsik dago. Eta makina txanponjaleen argiek ilundu dute gure kirolik internazionalena.
1953an ireki zituen ateak Daniako frontoiak eta pilotaren jauregi honi, Palace deitzen zioten. Bertara sartzeko ezinbestekoa zen etiketaz jantzita joatea eta epaileak eurak ere frak beltza eramaten zuten soinean. 6000 ikusle inguru batzen ziren frontoian, famatuak ere joaten ziren Jai Alaia ikustera eta egun handietan milioi bat dolar ere batzen zituzten kinieletatik.
70eko hamarkadan, 16 kantxa zeuden Estatu Batuetan eta euskaldun asko etortzen ziren hona euren amets amerikarra betetzera. 1988an, baina, dena aldatu zuen greba luzea iritsi zen. Hiru urtez, zestak eskegita izan zituzten pilotariek euren lan baldintzak hobetzea eskatzeko. Urte horietan, loteria, bingoa eta beste apustu mota batzuk agertu ziren eta hortik aurrera, zesta puntako ikusleak eta kinielak gutxitzen joan ziren eta frontoi gehienak itxi egin zituzten.
Daniako kasinoko frontoia zen azken gotorlekua. Eraiki zutenean baino grada gutxiago eta makina txanponjale gehiago zeuden, baina kasinoen inguruko lege batek babesten zuen Jai Alaia. Lege hori aldatu zutenean, ordea, jabeek frontoia itxtea erabaki zuten euren hitzetan zesta punta ez delako errentagarria.
Malko artean esan diote agur Daniako puntistek hainbeste eman dien frontoiari. Gehienei zesta puntatik bizitzeko atea itxi zaie eta bizi berri bat hasi beharko dute orain, frontoitik kanpo. Inoiz ez dut ahaztuko azken emanaldian bizitakoa. Familia baten parte izan diren pilotarien arteko besarkadak, puntista ohien tristura, kantxako azken argazkiak, sinatutako pilotak eta opari bat.
Bere zestetako bat oparitu zidan puntistetako batek baina maletan, kabitzen ez zitzaidanez, zesta eskuan hartuta egin nuen Fort Lauderdaleko aireportutik New Yorkeko JFK aireporturainoko bidaia. Eta hor ikusi nuen Jai Alaiak daukan sona. Biseradun gazte batek fastest game in the world (munduko kirolik azkarrena) oihukatu zidan. Mexikoko emakume batek hunkituta kontatu zidan bere osaba zesta punta jokalaria zela. Eta ondoko aulkian eserita neukan aita estatubatuarrak Youtuben erakutsi zion semeari nola egiten diren tantoak.
Jai Alaiaren marka betirako geratuko da Estatu Batuetan. Miami Viceko telesailetan edota The Simpsonsen kapituluetan agertu da zesta punta. Paul Austerrek “4 3 2 1” nobelan aipatu zuen eta New York Timesen 2600 aldiz idatzi dute Jai Alaiari buruz. Daniako kasinoko jabeek diote, errentagarria ez delako itxi dutela frontoia. Baina zesta puntak Euskal Herria munduan kokatzen egin duen ekarpenak, ez dauka preziorik.