Iker Gurrutxaga
Entrevue
Xabi Bandini

«Guk asmatutako globo espazialetan gertatutako zortzi istorio biltzen ditu ‘Hilak’ diskoak»

Argazkiak: Silvia Catalan
Argazkiak: Silvia Catalan

Hilak” diskoarekin etorri da Kerobia bueltan. Tira, bueltan ez, disko berriarekin, itzulera 2021ean egin zutelako taldearen 20. urteurrena ospatzeko. Xabi Bandini izan da “MusikHaria” saioan, beren estudioko zortzigarren lana aurkezten. Irudia asko zaindu dute, elkarrizketan kontatuko digun bezala, eta horretan lagun izan dituzte Arrate Rodriguez, Leire de Esteban eta Silvia Catalan.

Kaixo Xabi, zer moduz?

Ondo, entseguen artean harrapatu nauzu eta orain entseatzetik igo berritan, zurekin egoteko.

Entsegu goiztiarrak badu bere xarma, ezta?

Gero eta zaleago naiz goizean entseatzearena, posible denean lan kontuengatik eta abar, eta baita bermuta eta, en fin, goizeko gauzena ere.

Itzulera ez, «Konstelazioa» lanarekin izan zelako itzulera, baina har daiteke bueltan bazentozten gisan «Hilak», edo ez?

Bai, azken elkarrizketetan esaten dugu ez garela bide berri bat zabaltzen hasi, baizik eta aurrera jarraitzen dugula aurreko bidetik. Esan duzun moduan, iaz, Kerobiak 20 urte egiten zituela-eta, urte oso frenetikoa izan dugu, talde bezala berriz aurkitu gara eta, gainera, bidean gauza asko pasa zaizkigu. Horien artean disko berria ateratzeko erabakia. Orain, entseatzen gabiltza eta lana zuzenean aurkezteko irrikaz.

Esan daiteke «Konbate grabitatorioa» justu hori dela? Hau da, bueltatu edo ez bueltatu erabakitzeko talka momentua?

Oso labur eta sintetizatuta esango dizut. Hasiera batean, Kerobiaren 20 urteak ospatu nahi genituen binilo bikoitz batekin; “Konstelazioa” deitu genion eta aurrera. Baina hain harrera beroa izan zuen gure komunitatean honek, esan geniola geure buruari gu musikariak garela eta talde bat garela, eta zaleekin hiru kontzertutan ospatzea erabaki genuen. Horrek ere harrera hain polita izan zuenez eta hain gustura egon garenez entseatzen eta, ez dakit nola esan, berriz ere talde bezala… bada, banituen kantu batzuk konposatuta eta abar eta esan genuen, aizue, bada, merezi du eta jarraituko dugu aurrera disko berri batekin, eta behin azaroko kontzertu hauek emanda botako dugu eta aurrera.

Eta horrelaxe izan da. Ez duzue ez inon iragarri, ez aurrerapen kanturik bota, ez ezer. Abenduaren 1ean diskoa iragarri eta segidan Durangoko Azokan saltzen jarri zineten.

Astebete lehenago Iruñeko Baluarten emandako kontzertuan esan genuen diskoa bazetorrela. Hori da gure marketinerako aurrekontua, Iker.

Ez da marketin txarra, Baluarten jende pixka bat izan zenuten-eta.

Bete zen eta oso gustura eta oso pozik eman genituen hiru kontzertuak. Eta Baluarte areto handia da, baina etxean jotzen genuen eta bertaratu ziren lagun asko, Kerobiaren ibilbidean egon diren asko… oso ondo pasa genuen.

Gainera, zabaltzearen bidea ezagutu zenuten. Sarrera gutxi batzuk jarri, agortu, berriz ere gehiago jarri, agortu… Eta orain, berriz, justu kontrako aldean zaudete, dena ixten ari den unean. Bira berria iragarrita, kezka puntu hori izango duzue, noski.

Bai eta ez. Ez dakit nola esan. Orain tokatzen zaiguna da ikuskizun berria prestatu, goxo-goxo, gure atrezzoak, kantuak eta abar eta zorte pixka batekin, espero dezagun martxoaren 12an Bilboko Kafe Antzokian emango dugun lehendabiziko kontzertu horretan normaltasun osoz egotea, baina horrela ez bagaude, aurrera jarraituko dugu eta aurrera jarraituko dugu. Zer egingo diogu bestela, ezta?

Atrezzoarena aipatzea oso ondo datorkit, «Hilak» diskoaren istorio honetan, promozio argazkietan, lokalizazioetatik janzkeraraino asko zaindu duzuelako guztia.

Kerobiari gustatzen zaio kantu ahalik eta politenak egin, irudi bat eskaini eta ahal dela istorio bat kontatzea. Orduan, “Hilak” disko hau istorio bat bezala dator, espazioan gertatzen diren zortzi istorio eta bakoitzak guk asmatutako globo espazialetan pasatzen diren gauzei buruz hitz egiten du. Hortaz, ideia hori zenez, Arrate Rodriguez ilustratzaileari posterra egiteko eskatu genion eta ez sinistekoa da berak eta biok zenbat ordu pasa genituen pentsatzen, iruditeria hori sortzen, bai posterra eta baita estetikara ere, eta gero promozioko argazkiekin eta gutxi barru aterako dugun bideokliparekin ere zer esanik ez. Batzuetan iruditzen zait musikagileek denbora gehiegi eskaintzen diogula estetikari, baina kasu honetan, gutxienez, erabat justifikatuta dago, zeren eta guk istorio bat kontatu nahi genuen.

«Oh, Juno!» abestian askatasunari beldurra izatea aipatzen da. Gaur egun bizitzen ari garen momentuan, aske edo artaldean gabiltzan zalantza sortzen da, ezta?

Hau etorkizun hurbil baten argazkia da gure istorioen baitan, non lurretik abiatu diren globo espazial desberdinek, bakoitza bere komunitatearekin, ez duten lortu etxe berri bat eta bizitza berri bat egitea. Orduan, argazkia da nola dagoen globo espazial bakoitza eguzki sistema guztian zehar eskegita eta galduta. Globo bakoitzean gauza desberdinak pasatzen dira: batzuk erregimen autoritario bihurtu dira, beste batzuek elkar akabatu dute eta desagertu dira, beste bat galdu egin da edota beste batekoak komunitatean bizi dira. Hortaz, zuk esaten zenuenaren harira, guk helarazi nahi izan duguna da teknologiari diogun fedeari esker, hau da, «teknologiak salbatuko gaitu eta kito» horri segika, berdin-berdin jarraitu ahal izan dugula planetak ustiatzen eta abar. Baina erakutsi nahi izan dugu aldi berean, gero, nola hain erraz bihur daitekeen komunitate bat autoritarioa, faxista; terriblea da hori. “Oh, Juno!” abestian kontatzen da nola pertsona batek iraultza egin zuen besteekin, baina ez zegoela iraultzaren poesiarik, ez zegoela benetakotasun bat iraultza horretan, eta nola bat-batean askatasunak beldurra sortzen duen, samurtasuna ekidistantziarekin nahasten den eta abar. Azkenean, gure estetika honek badauka toke faxista bat eta da pixka bat jendeari pentsarazteko gure burua nola irudikatzen dugun Europa satelitean eskegita dagoen komunitate batean, non gero eta autoritarioago eta intoleranteago garen. Nolabait esateko, horrelako egoeretan zibilizazioan atzeraka egiten dugula ikusarazi nahi da. Tira, nahiz eta ez daukadan oso argi egun aurrera goazen.

Musikalki ere badu eboluzio bat zuen disko berri honek, baina askok esan du hasierako Kerobiara eraman gaituela diskoak. Ni ez nago ados; zu ez dakit ados ote zauden.

Ea, Kerobiaren osagaiak hor daude, gustu berriak hor daude, ekarpen gehiago dago, Kerobia zaharretik testigua pasa dietelako Mikel Zorrillak Eneko Requetibateri eta Mikel Isabak Carlos Colinari; Lur Larraza ere batu da gure proiektura… Hortaz, nabari da beste zera bat badagoela, baina osagai nagusiak hor daude. Zeintzuk diren osagaiak? Bada erraza da; berriro etorri gara benetako soinura, gitarra elektrikoak, hammondak, bateria politak, akordeoiak, mandolinak… mikroarekin grabatzen diren soinuetara. Hau diot, zeren, Xabi Bandini gisa izan ditudan azken esperientzien ondoren, elektronikarekin gehiago jolasten eta abar, izugarri disfrutatu duguna, ohartzen zara mikroarekin grabatutako gauzak beste modu batetara entzuten direla.

Zuk aipatu dituzu tripulatzaile berriak eta gauza bitxia da Eneko Requetibateren beste proiektuak ere espazioarekin lotura izatea, «Baobabs Will Destroy Your Planet» taldean ere badabilelako. Haien atmosfera era batu dio Kerobiaren «Hilak» lanari?

Gainera, gure lokaleko entseguko izkina batetik bestera pasa da, toki berean entseatzen dugulako. Gainera, diskoa atera berri dute, oso entzungarria, Paco Locorekin grabatu dutena eta, ondorioz, hain gogoko dituzten Los Planetasen zera hori guztia ere badauka… Entzungarria, oso entzungarria. Agian “Hilak” lan honetan, espazioaren istorioa dagoenez kantuetan, agian kantuek dinamika handia daukate, nahiz eta kantu linealagoak badiren. Baina batzuk oso atmosferikoak dira, karga handia daukate; hau da, Venuseko atmosfera izango balitz bezala, oso pisutsua.

«Azken gatazka», esaterako, gitarra akustiko batekin hasten da eta gero sintetizadore eta ahotsekin asko betetzen da. Hori izan daiteke adibideetako bat, akaso. Hori bai, «vis a vis» moduko bat irudikatu dut nik kantu horrekin.

Istorio oso polita da. Bertan kontatzen dena da bat bakarrik geratzen dela eta bere nahi bakarra norbaitekin hitz egitea dela. Ea beste aldean inor ba ote dagoen irudikatzen du eta solasaldi bat sortzen du bere buruarekin. Melodian oso irudi politak sortzen dira, baina baita letretan ere; adibidez, galdetzen duenean ea honi bizitza deitu diezaiokeen edo ez. Baina bukatzen du esaten hitz bat besterik ez dela.

Hitz hori, ordea, elipsian geratu da.

Bai, bai, uste dut ez dagoela kanturik non istorioa ixten den. Denbora guztian irekita geratzen dira. Hori da gauza. Nahi bai istorioak itxi, ezta? Baina batzuetan ez da posible.

Esan dugu akustikoarekin hasten dela gozo-gozo abestia. Kantu hauek, sortzerakoan, beti abiapuntu hori izaten dute? Gitarra akustikoz sortzen dituzu?

Bai, orokorrean bai. Baina beti da prozesu bera Kerobiaren genesietatik; hau da, etxean akustika batekin hasi, esaldi bat egin eta esaldi hori bakterioa izango balitz bezala utzi bera bakarrik erreproduzitzen eta orduan kantu bat egiten da. Eta hortik abiatuta, trebezia pixka bat gehiagorekin elementuak sartu eta abar, baina beti gero taldean gorpuzten dira eta hori garrantzitsua da. Izan ere, asko nabaritzen dut nik gero eta gehiago ixten bada konposizio bat, gero taldeak sorpresa asko ematen dizkizula eta galdu egin daitezkeela; hortaz, hezurdura bat eramaten ikasi behar dut eta ez hain abesti landuak.

Isiltasunekin ere asko jolas egin duzue abestietan.

Askotan irratietan eta abar horrelako isiluneak ez dira batere gomendagarriak, kar-kar. Single bat ateratzen baduzu horrelako isiltasun batekin, normalean faderra jaisten dizute eta hor bukatzen da kantua. Eskerrik asko, Iker, eutsi diozulako. Dinamika dezente dute abestiek; singleak ez, “Konbate grabitatorioa” nahita horrela eginda dagoelako. Baina isiluneak nahita daude sartuta; izan ere, askotan galdetzen didate zer musika entzuten dudan eta nik normalean esaten diet niretzat dagoen musikarik hoberena isiltasuna dela. Ez da ez negatiboa ez positiboa e? Baina isiltasun horiek entzuleari lasaitzen, mamitzen laguntzen diote eta gero berriz ere gora egiten duzu. Gauza horiek niri asko gustatzen zaizkit eta ez dakit filmetako gauza ez ote den.

Emozioekin jolastea da hori azkenean, ezta?

Noski. Musika emozioekin jolasteko gauza bat da besterik gabe, ez gehiago ez gutxiago. Guk musika bakarrik egiten dugu, ahalik eta abesti politenak eta kito. Ez naiz batere eroso sentitzen epikotasunarekin; hau da, ahalik eta gauzarik politena egin, transmititu emozio batzuk, sorrarazi emozio batzuk eta hori da dena. Eta ez da gutxi!

Zuen estudioarekiko fidelak izaten jarraitu duzue disko honetan. Lorentzo Records-en grabatu duzue disko hau ere.

Gu gure taldearekin oso fidelak gara, urte asko dira elkarrekin lanean eta konplizitate asko daude. Beste behin ere Aitor Ariñorekin grabatu dugu Lorentzo Recordsen eta Kerobiako parte direla esan daiteke bai bera eta baita Marilen ere. Durangoko Azokako egunetan bere etxean egon ginen afaltzen eta lotan, esaterako. Familia txiki bat osatu dugu.

Kredituetan, ordea, irakurri dut ahotsen postprodukzioa Mikel Zorrillak egin duela. Abesti guztietan?

Kerobian rol desberdinak ditugu, ezta? Eta Mikelek bertute asko ditu eta horietako bat da ahotsekin duen fintasuna, ahotsak ondo uztekoa. Esaldi batean silaba bat ez badator egoki, aldatzeko proposamena egiten du, esaterako. Hau da, ahotsen postprodukzioa egiten du eta hori beti egin du; hortaz, oraingoan, berak grabatu ez badu ere, lan hori ez diogu kendu.

Berak ere pozarren hartuko zuen enkargua, noski.

Bai, noski. Mikel ekoizpen guztian gurekin egon da, bere iritzia ematen eta abar.

Ahotsekin ere esan dezakegu jolas asko egin duzuela. «Europa» kantuaren bukaerako elkarrizketa hori, «Hurrengo maiatza» kantuan errezitatzen ere entzun zaitugu eta «Gurekin Heroiaren kantua» abestian halako koru bat osatu duzue Amaia Mina, Itzi Gartzes eta Leire Fernandezekin batera.

Gure lagun batzuk dira. Egun batean estudiora etorri ziren eta beraiekin oso gustura aritu ginen grabaketan. Diskoko azkeneko kortea da.

«Outro» bezala ulertu behar da edota kantu normal bat bezala hartu behar dugu?

Azalduko dizut eta gero zuk erabaki. Gure istorioko globo espazialetako bat eguzki sistematik irten zen, baina inork ez daki ezer haiei buruz. Inork ez daki arrakastarik izan duten edo ez eta abar. Hortaz, abesti honetan abesten dutenak globo espazial horretan daudenak dira. Aurrera doaz, ia baimenik eskatu gabe. Ereserki triste baten moduko zerbait da. Bukaera bat ez emateko abesti bat da.

Akordeoia eta aurretik aipatutako osagaiak ditu abesti honek. Hilak pizten direla esaten duzue eta asanblada bat ere aipatzen da. Esan dezakegu «Gurekin» abestikoek «artista zonbien asanblada» osatzen dutela?

Ez nuke nahi, gehienbat beldur handiegia ematen didalako haien egoerak. Baina egia da gauzak asanbladan erabakitzen dituztela globo honetan, baina era berean beren ereserkia pixka bat tristea da, ezta? Orduan, nahiagoko nuke haietako bat ez izan, ez artista bezala musikalki, ez eta pertsona bezala ere. Haiek egin dezatela beren bidaia.

Diseinuko hainbat gauza aipatu ditugu, baina gauza bat ez dizut aipatu, bi ahoko aizkora hori. Ezinegon puntu bat sortzen dit Kerobiaren logotipo berria den edo ez ez dakidalako.

Bai, Kerobiaren logo berria da, baina azalduko dut pixka bat gehiago. Hau da gure globo espazialaren sinboloa, gure kontuak dira. Aizkora bikoitza minoikoa da. Zibilizazio minoikoan sinbolo hau erabili zen, olagarroarekin eta beste hainbatekin batera, eta hau ekarri nahi izan nuen, nolabait ere, seinale bat uzteko kontatzen dugun istorioa Homeroren istorio bat balitz bezala hartzeko. Joseph Campbellek esaten zuen Homeroren Ulises heroiaren bidaia zela, eta teoria asko dago horri buruz idatzita. Bada, guk antiheroiaren bidaia egin nahi izan dugu. Zergatik? Misio handi bat dagoelako gizakiarentzat eta ez duelako arrakastarik izan, eta, gainera, ez dago heroi bat istorio honetan. Gure istorioan gauza txarrak eta onak komunitateetan gertatzen dira. Orduan, hau bion arteko gauza bat da eta askotan ez du merezi gehiegi azaltzea gauza hauek, metaistorioak direlako askotan. Gero logoak, gainera, badu puntu faxista, baina antifaxista ere bai, lehen esan dugun muturretara eramatearen jolas horren bueltan. Eskerrik asko galdetzearren!

Horrela, ulertuta geratzen da, behintzat! Tira, kontzertuak badatoz eta zuen webgunean, Kerobia.com helbidean, jartzen joango zarete, noski. Diskoa ere bertan eskuratu daiteke.

Abenduaren 1etik eskuratu daiteke diskoa bertan. Guk kudeatzen dugu guztia, guk egiten ditugu bidalketak eta hori guztia. Martxoaren 12an Bilboko Kafe Antzokian emango dugu lehen kontzertua eta martxoaren 18an Andoaingo Basteron izango gara. Gero baditugu Euskal Herrian barrena beste hainbat data itxita, baina iruditzen zaigu orain ez dela matraka gehiegi emateko garaia. Baina datak jarriko ditugu eta nahi duena eta posible duena gerturatu dadila Donostian, Gasteizen, Iruñean… izango diren kontzertuetara. Behin kaleratzean denak jarriko ditugu, helburua zuek gurekin kontzertuetara etortzea delako.

Eta zutik ezta, Xabi?

Ai, bai, espero dezagun baietz!

«Haize oihal beltzak hondoratutako herriarentzat» abestia entzunda, bakoitzaren esku utziko dugu gogoeta.

Klabe bat emateagatik, Teseoren istorioa da, berriz ere klasikora itzuliz.

Zer ikasia badaukagu, beti irakasten diguzue zerbait eta oraingo honetan ere zabaltzen diguzu bidea.

Bueno, keinuak dira e? Ez gara oso komodo sentitzen jakintsu bezala agertuz eta abar. Guk gako batzuk ematen ditugu kobazulo horietan gehiago sakondu nahi dutenentzat. Barrura, barrura eta barrura.

«O3 globo espaziala» kanta, aipatuko dugun azkena. Zu ere 80ko urteetako belaunaldikoa izanda, argonauta zalea zara?

Oso. Orain dela pare bat egun Eva Tobalinaren konferentzia bat entzun nuen streaming bidez “Jasón y los argonautas” pelikulari buruz eta pelikula, zahar-zaharra dena, askotan ikusi dugu eta markatu egin ninduen bere momentuan.

O3 edo ozonoa, nola esan behar dugu?

O3 bai.

Ea hurrengoan zu oholtza gainean eta ni behean gaudela topatzen garen.

Mila esker tarte honengatik!