Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Aupa ekipo

Aupa ekipo! Bi gauza: lehen zatia, ikusgarria. Bigarrena, Alvaro, zurekin bat nator, staff hau izugarria da, baina gauzak falta zaizkigula esaten jarraitzen dut... Arandinakoek bezalako bat egitea falta zaigu, baina adinez nagusia den batekin, arazoetan ez sartzeko. Bat hartu eta denok batera astindu. Horrek batzen ditu benetan staff bat eta talde bat. Begira Arandinakoak, igoerara zuzenean zihoazen. Aupa mutilak! Igande on».

Duela lau bat urte Carlos Santisok “lagunarteko txat” batean botatakoak dira goian ageri diren hitzak. Herenegun arte ez neukan ideiarik zein zen Santiso. Orain badakit futbol entrenatzailea dela, 30 urte pasatxo dauzkala eta emakumezkoen Rayo Vallecanoko entrenatzaile izendatu dutela duela aste pare bat. Akaso honezkero ez da entrenatzailea, Rayo Vallecanoko zaleak eta jokalariak Santisoren izendatzearen kontra altxatu direlako.

Arandinako futbol taldeko adibidea, Santisok mezu horretan aipatzen duena, ezin penagarriagoa da. Arandina futbol taldeko hiru jokalari “eredugarri” horiek, “imitatu” beharrekoak, 2017an adin txikiko neska bati sexu erasoak egiteagatik akusatuak eta epaituak izan ziren. Alegia, «denon artean astindu beharreko hori», «adin nagusikoa hobe» lokatzetan ez sartzeko, ez da baloi bat, emakume bat baizik. Eta benetan talde bat lotzen duena, talde bortxaketa bat, Santisoren estrategiaren arabera. Eta ez dakit “jokaldi” hori azaltzeko futbol entrenatzaileek erabiltzen dituzten arbeltxo horietako bat erabiliko ote duen... baloia beharrean zer marraztuko du, emakume baten hankartea? Titiak? Bizkarra? Ipurmasailak? Bizkarra? Ilea? Ezpainak?

Begiratu matxista horretatik, zer ikusten da emakume bati begiratzen zaionean?

Duela egun batzuk ere egin nion galdera hori nire buruari, Gironan 95 urteko emakume bat modu oso bortitzean bortxatu zutela irakurri nuenean. Bere etxean zegoela, erasotzailea leihotik sartu, modu basatian bortxatu, sekulako zauriak eragin baginan eta martxa. Emakumeak berak deitu zuen larrialdietara gertatu zenaren berri emateko. Eta nik, nire larrian, pentsatu nuen, baina nola ikusten gaituzte emakumeak begi horiek? Zer gara haientzat? Nahi erara erabil ditzaketen gorputzak al gara? Gu zapaltzeak eta bortxatzeak sortzen dien sua zerk pizten du? Zein emozio klaserekin eraikitzen da grina hori? Zein ezintasunen gainean josten da bortxatzailearen trajea?

Gero asaldatu, penatu, amorratu, desegin, zulatu, etsitu, desilusionatu egiten gara erasoak bata bestearen atzean gertatzen direlako, munduaren pausajea ezin dugulako aldatu. Mundua begiratzeko moduak mundua alda dezake. Emakumeak begiratu eta ikusteko moduak hankaz gora jartzen hastea, kalte ez.