Amaia Uribe
IRITZIA

Erabakiak

Txikitatik hasten gara erabakiak hartzen. Aita ala ama? Margo gorria ala urdina? Panpina ala kotxea? Erabaki batzuk igarri barik hartzen ditugu; beste batzuk, kostata. 16 urterekin, gure bizitza baldintzatuko duen erabaki bat hartu behar izaten dugu. Lanbide heziketa edo batxilergoa? Eta zirt edo zart egin ostean, galdera ikur gehiago. Gure ibilbide profesionala norantz bideratuko dugun ebatzi behar izaten dugu nor garen ere ez dakigun nerabezaro garai horretan.

Batzuetan, behartu egiten gaituzte erabakitzera. Hautetsontzian ze boto-paper sartuko dugun hautatu behar dugunean, adibidez. Beste batzuetan bizitzak berak erabakitzen du gure partez. Ezusteko haurdunaldiak, planifikatu gabeko ezbeharrak, gertukoen heriotzak… Edota begirada batekin maitemintzea, loteria irabaztea, ametsetako lana etxetik urrun bilatzea…

Erabaki handiak eta erabaki txikiak daude. Ondo ateratzen direnak eta txarto ateratzen direnak. Harro sentiarazten gaituztenak eta damua eragiten digutenak. Baina denetatik ikasten dugu zerbait.

Ba al zenekiten egunean 35.000 erabaki hartzen ditugula? Orduko, 1.458 erabaki. Zer gosalduko dugun, zer jantziko dugun, lanera ze bidetik joango garen, egunkaria irakurriz edo e-mailak begiratuz hasiko dugun laneguna, ze boligrafo erabiliko dugun oharrak hartzeko, ze hitz erabiliko ditugun testua idazteko, zer erosiko dugun laneko janari makinan, amari edo ahizpari deituko diogun lehenengo, zer bazkalduko dugun, gimnasiora edo poteora joango garen, etxean edo kalean afalduko dugun, serie bat ikusi edo mesanotxeko liburua irakurriko dugun, ze ordutan jarriko dugun iratzargailua eta ze ordutan oheratuko garen. Une oro erabakiak hartzen bizi gara, baina batzuei beste batzuei baino gehiago kostatzen zaigu hautatzea.

Geminis peto-petoa naiz: zalantzatia, segurtasun handirik gabekoa eta buruari mila buelta ematen dizkiona. Eta egunaren arabera, jantziko dudan jertsea aukeratzea ere kostatu egiten zait. Bizitzan hartu dudan erabaki zailena dena utzita New Yorkera etortzea izan zen. Eta bizitza aldatu zidan erabakia, umea izatea. Kazetari izatearena ez nuen erabaki behar izan, txikitatik nekielako zertan egin nahi nuen lan handitan. Eta tipuladun edo tipula gabeko tortilla zaleen taldekoa naizen erabakitzean ez dut zalantzarik izaten ebazpena emateko, ez zaidalako tipula gustatzen.

Bi asterik behin, orri zuriaren aurrean jarri eta zutabe honetan zeri buruz idatziko dudan erabakitzea tokatzen zait. Espero dut oraingo honetan asmatu izana.