«Bullying»-a
Draykek 12 urte bakarrik zituen. Utahn bizi zen eta saskibaloia gustatzen zitzaion. Etxeko txikiena zen, bi arreben eta gurasoen kutunena. Amets asko eta bizitza osoa zituen aurretik. Baina eskolan jasaten ari zen bullying-ak bizitzeko gogoa kendu zion. Klasekideen kolpeak eta irainak gehiago ezin jasanda, bere buruaz beste egin zuen. 12 urterekin.
Adin horrekin, umeek jolasten, ikasten eta handitan zer izan nahi duten amesten egon beharko lukete. Eta ez, eskolako komunean isilpean negarrez eta Googlen beren buruaz beste nola egin bilatzen. Baina tamalez, gura genukeena baino ohikoagoa da eskola jazarpena.
Unescoren arabera, mundu mailan 246 milioi umek jasaten dute bullying-a. Etxera etorrita, eta Ikusmiraren datuei erreparatuta, Euskal Autonomia Erkidegoan Lehen Hezkuntzako ikasleen %22,7 eskola jazarpenaren biktimak dira. Eta ama izanik, izua diot bullying-ari.
Izua eragiten dit nire semeak halako bidegabekeria bat jasan dezakeela pentsatzeak. Baina are izu handiagoa eragiten dit nire semeak halako bidegabekeria bat egin dezakeela pentsatzeak. Eraso bat jasatea txarra da baina erasotzailea izatea are txarragoa. Eta horretan, zeresan handia dugu gurasook. Etxetik hasi behar gara bullying-aren kontrako pausoak ematen. Irakatsi diezaiegun umeei munduan lodiak, beltzak, betaurrekodunak, ilehoriak, homosexualak zein argalak daudela. Irakatsi diezaiegun umeei ezberdina izatea berezia izatea dela. Aniztasuna aberastasuna dela. Eta ume bat beste bati bullying-a egiten ari bada, biktimari lagundu behar zaiola. Beti.
Niri nire lagunek lagundu egin zidaten. Ez dut bullying kasu gogorrik jasan, baina gogoan dut behin klasekide bat “empollona” esaten eta arkatzak botatzen hasi zitzaidala. Nire lagunek aurre egin zioten eta hor amaitu zen guztia. Baina zer gertatuko zen lagundu zidatenak ere niri arkatzak botatzen hasi izan balira? Askotan pentsatu dut horretan.
Drayke jipoitu eta iraintzen zutenak heldu egingo dira eta seme-alabak izango dituzte. Orduan ikusiko dute, eskola jazarpena ez dela umeen arteko jolas xume bat eta beraiek egin zutena egin diezaieketela euren seme-alabei. Damutu egingo dira, agian, baina berandu izango da. Erasotzaileek bizitza osoa dute aurretik baina Drayke Hardmanek, Ekai Lersundik, Jokin Zeberiok eta beste hainbatek ez. Bizitza hasten ari ziren unean, bizitzeko gogoa kendu zietelako.