Jokin Urain
IRITZIA

Antzerkia

Madrilgo Kongresuan diputatu bat torturaz eta torturatuez burlatzen, ahalik antzezlan sentituena eginez. Ez da oraindik denbora asko, baina esango nuke ahanzturan galduko dela luzera gabe, berak nahi baino lehen, seguru asko. Ez baitut uste lotsatuko zuenik sare sozialetan sortutako zalapartak, eta jakingo du egindako antzezpenak baduela, bere taldearen txaloez gain, isilik geratu diren askoren onespena.

Atxilotu eta ondorengo inkomunikazio egunetan komisaria edo kuarteletako kalabozoetan zer gertatzen den, urte luzez zer gertatu den, jende askok daki. Atxilotuak berak badaki, atxilotzaileek eta zaintzaileek badakite, forentseak asko daki eta gehiago susmatzen du, abokatuak susmatzen duen guztia jakin nahi du, epaileak ez luke jakin nahi dakien erdia, agintariek dakitena ez dakitela esaten dute... Eta gero kazetariak daude, urte pila batean torturatzaileen zuriketan eta torturatuez burlatzen aritu diren kazetariak.

«Fiskalek, epaileek eta forentseek zalantza izpirik gabe erantzuten dute hori guztia ETAk prestatutako gezur handi bat dela, irain onartezin bat», idazten zuen kazetari batek duela ia hogei urte, atxilotu batzuen tortura salaketen aurrean. «Torturak salatzeko erakunde terroristak emandako gidaliburuari atxiki zaizkio» atxilotuak, idazten zuen kazetariak beste kasu batean; «‘Ez deklaratzea’, ‘leporatutako guztia ukatzea’ eta ‘torturak salatzea’ dira funtsezko hiru mandamentuak» zioen beste kazetari batek... «Barne ministroak bere saileko zerbitzu juridikoei agindua eman die atxilotuak torturatu izana salatu duten guztien aurka ‘ekimen legal guztiak, salaketak edo kereilak abia ditzaten’...».

Eta kazetarien lan bikainaz gain, ministro eta polizia arduradunen bertsio ofizialetatik ere hemerotekak emango dizu nahi adina. Aspalditik datorren antzezpena da, torturatzaileak babestu eta torturatzen jarrai zezaten egin dutena. Atxilotu eta torturatuak umiliatzea, haien bizkar literaturarik okaztagarriena egitea, estilo fidela eta findua izan da urte askoan egunkarietan, irratietan, telebista kateetan. Idazle eta esale ezagunak ez ezik laudatuak dira, adituak omen, eta hortxe jarraitzen dute.

Madrilen diputatu bat torturatuez iseka egiten ikusteak egun bateko zalaparta sortzen du, Xabier, baina urteetako antzerkiaren ofizioa dauka atzean.