Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Denbora

Argazkia: Ozan Kose | AFP
Argazkia: Ozan Kose | AFP

Sortzen den argi horri begira, ea atrapatuko zaituen edo, atzean duzun beltzuneari bizkar ematea beste helbururik ez den momentuan. Badira zenbait okasio koloreek ihes egiten dutena, eta ilunak argitzen dituenak bazter eta barru. Psikologia berriek badituzte egoismo sanora eramaten gaituzten zenbait medio, baina nago egunotan gailentzen dena geure barrenari era osasungarrian begiratze horretatik baino gertuago dagoela besteari begiak estali eta itsutasunetik bizitzera kondenatzetik. Gerren, katastrofe naturalen eta ezohiko udazken udatuen garaiotan, ohikoak diren bakarrak indibidualismoari eta norberekeriari lotutako jarrerak baino ez dira. Goroldioa bezala zabaldu dira kaleak zeharkatzen dituzten arima galduen artean, ikusi bai, baina begiratzen ez duten begien hondoetan. Onddo hankadunak garelakoan, esporetatik zabaltzen dugun oro da atrebentzia, enbidia eta, batez ere, amorru; har zamatu bat sabelaren erdi-erdian. Eta gero denboraz aritzen gara hizketan, haurtzarotik ikusi ez dugun aspaldiko lagun hori begien aurrean daukagunean, eta atsekabetzen gara horretaz, joandako hartatik nostalgia besterik geratzen ez zaigula ohartzen garenean. Nahiz urrun egon, ilargi berberari begira izanen gara gauero, esaten ziguten. Baina non dago denbora hura?