MOTOR

BMW iX1, kontuan hartzeko aukera

(Zazpika)

BMW etxeak bere SUV txikia berritu du eta, lehenbiziko aldiz, %100 mekanika elektrikoarekin eskainiko du. Emaitza guztiz kontuan hartzekoa da, 54.900 eurorengatik (laguntzarik gabe) 438 kilometroko autonomia, 313 zaldi, 4x4 trakzioa eta ekipamendu osoa eskaintzen dituelako.

Mota honetako autoen merkatua oso borrokatua dago une honetan, eta Volvo XC40 Recharge, Audi Q4 e-tron edo Mercedes EQA bezalako modeloekin lehiatu beharko du. Lehena merkeagoa da, beste biek prezio berdintsua dute, baina oinarrizko bertsioetan ez dute trakzio integralik eta potentziari dagokionez ere, dezente azpitik geratzen dira.

BMW iX1 auto elektrikoak 64,7 kWh-ko bateria du eta horrek 439 kilometroko autonomia eskaintzen dio. Bosgarren belaunaldiko bi motor elektriko ditu, bakoitza ardatz batean, eta horregatik bihurtzen da 4x4 trakzioko autoa (xDrive). Bi motor hauei esker, oso potentzia altua lortzen du (313 zaldi edo 220 kW) eta zerotik ehunean jartzeko 5,7 segundo besterik ez du behar.

Itxurari dagokionez, karrozeriaren behealdean dituen kolore urdineko elementuek eta gurpil bereziek agerian uzten dute ez dela bertsio arrunta. Barrualdean, itxurak baino atentzio gehiago ematen dute atzeko eserlekuek, ohikoa baino altuago doazelako eta, bi motor elektriko dituenez, erdiko tunela desagertu egiten delako. Maletategia ere kontuan hartzeko da, 490 litrotara iristen baita.

Ekipamenduari buruz, esan beharra dago arestian aipatutako prezioan ohikoak ez diren hainbat elementu daudela sartuta: M esekidura moldagarria M Sport direkzioarekin, gurutzaldi kontrola balaztatze funtzioarekin eta aparkatzen laguntzeko sistema distantzia kontrolarekin eta atzerako martxarako kamerarekin.

Gainontzeko segurtasun eta laguntza sistemen artean, honako hauek nabarmentzen dira: abiadura aktiboko programatzailea, erreia mantentzeko sistema, larrialdietarako balaztatze automatiko sistema hiri barrurako, eta aparkatzen laguntzeko sistema, beste batzuen artean.

Bertsio elektrikoaz gain, X1 autoaren hirugarren belaunaldi honek gasolina eta diesel bertsioak ere izango ditu (40.900 euroan hasita), baita bertsio hibridoak ere, 89 kilometroko autonomiarekin eta %100 elektrikoaren prezio bertsuan.

 

Seat MO scooter elektriko berria

Scooter elektrikoak hiri mugikortasunaren alternatiba egokiena bilakatzen ari direla zalantzarik ez dago eta marka guztiek lekua bilatu nahi dute merkatu oparo horretan. Horrela, Seat marka espainiarrak MO 125 scooter elektrikoaren Performance bertsio berria aurkeztu du. 5,6 kWh-ko bateriarekin, 137 kilometroko autonomiara iristen da eta orduko 105 kilometroko abiadura har dezake gehienez.

Lucas Casasnovas Seat MOko zuzendariak adierazi duenez, eredu hau mugikortasun aukera «oso erakargarria, ekologikoa eta jasangarria» da hiri barruko zein kanpoaldeko joan-etorrietarako.

MO 125 Performance berriak 7,5 kilowatteko (kW) potentzia garatzen duen motor elektriko bat du, atzeko gurpilean integratuta. Hala ere, eBoost funtzioa duenez, 11,5 kW-ko erpina lor dezake. Horri esker, gehienezko abiadura orduko 105 kilometrora handitu daiteke 30 segundoz, beste ibilgailuak aurreratzeko adibidez.

Azelerazioa ere hobetu egin da eta orain orduko 0 kilometrotik 50era 2,9 segundoan pasatu daiteke, aurreko bertsioa baino segundo bat azkarrago.

Kargari dagokionez, motorrean edo motorretik kanpo integratutako bateriarekin egin daiteke. Eragiketa osatzeko behar den denbora sei eta zortzi ordu artekoa da etxeko korronte hartune batean.

Seat-en scooter berriak hobekuntzak dakartza prestazioetan, baina baita esekiduretan eta balaztatze sisteman ere. Gainera, eserlekuen erosotasuna handitu da eta diseinu elementu berrituak ditu.

 

Nuuk Mobility bizkaitar enpresak 6.000 moto elektrikoren eskaera jaso du.

Nuuk Mobility Solutions (NMS) bizkaitar enpresa Burger King multinazionalak etxez etxeko zerbitzua egiteko eskatu dituen 6.000 moto elektrikoen lehenbiziko aleak entregatzen hasi da. Salmenta ez ezik, Zornotzako enpresak bere gain hartuko du ibilgailuen mantenua. Aukeratutako modeloa Ciklo P2.0 da, zerbitzu profesionalei zuzendua dago eta 80 kilometroko autonomia du. Bi urteko epean, moto elektrikoek guztiz ordezkatuko dituzte gaur egun Burger Kingek dituen gasolinazko ibilgailuak eta modu horretan, 21.600 tona CO2 isurketa aurreztuko dira. Gainera, bateriak eguzki plakekin sortutako argindarrarekin kargatuko dira.

 

Bizkaibusek bi ibilgailu elektriko jarri ditu martxan Ezkerraldean.

Bizkaibus konpainiak Ezkerraldean erabiliko dituen lehen bi ibilgailu elektrikoak aurkeztu berri ditu. Trapagaran eta Gurutzeta arteko A3141 ibilbidea egingo duten autobusak Solaris Urbino 12 electric markakoak dira, 12 metroko luzera dute eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta daude. Plaza kopurua 68tik 78ra bitartekoa da (30 eserita), mugikortasun urriko pertsonentzat gordetako bi plazen okupazio mailaren arabera. 30 eserlekuetatik, 12 lurzoruaren mailan daude, eskailera mailarik gabe. Kargarako estazioa Bizkaibusek Aparkabisan dituen kotxeretan instalatuta dago, 150 KW-eko potentzia du eta bi autobus karga ditzake aldi berean.

 

Cupra Formentor VZ5 Taiga Grey, 390 zaldiko bertsio indartsua.

Cupra etxeak Formentor VZ5 autoaren edizio berezia plazaratu du, Taiga Grey izena duena eta 390 zaldi eskaintzen dituena, kapotaren azpian duen 2.5 TSI motorrari esker. Zazpi abiadurako DSG transmisio automatikoa du eta Torque Splitter –indarra aurreko eta atzeko gurpilen artean banatzeko– sistema. Munduan 999 auto bakarrik jarriko dira salgai eta espainiar merkatura 46 iritsiko dira. Ekipamenduari dagokionez, balazta sistema indartua izango du, «bucket» eserlekuak eta Beats Audio musika sistema, besteak beste. Dagoeneko merkatuan dago 73.590 euroko prezio itxian, aukerako elementurik ez duelako eskaintzen.